Sentsibilizazio astearen barruan, larunbaterako bi hitzordu

Ataria 2021ko aza. 9a, 07:58

Komiki tailerra eskainiko du Isabel de las Heras 'Oreja voladora' ilustratzaileak, heldu eta haur gorrentzat. Eta Aleluya Peña psikologoak COVID-19aren ondorenak utzi dituen emozioen inguruko hitzaldia eskainiko du.

XVIII. Sentsibilizazio Astea ari dira ospatzen, eta larunbat honetan komiki tailerra eta hitzaldia egingo dituzte. Gorren komunitatearen mugak eta haien errealitatea gizarteratzeko eta ezagutzera eramateko helburuarekin  antolatu du Gainditzen Tolosaldeko eta Goierriko pertsona gorren elkarteak. 

Urriaren 26an, eskolako marrazki lehiaketako sariak banatu ziren kultur etxean. Aurtengo gaia, gorren komunikazio oztopoak zen, eta 200 haurr baino gehiagok hartu dute parte. Irabazleak honako hauek izan dira: Nora Ansorena (Herrikide), Ander Lertxundi (Samaniego) eta Aizpea Lasa (Samaniego). 
Bestalde, azaroaren 16ra bitarte, Tolosako erakusleihoetan komunikazio oztopo batzuk irudikatzen dituzten ilustrazio sorta bat jarri dute. 

Sentsibilizazio asteari amaiera emateko, larunbat honetan, 09:00etan, helduentzako komiki tailerra egingo dute kultur etxean, Isabel de las Heras Oreja voladora ilustratzailearen eskutik. Eta 11:00etan, haur gorrentzat zuzendutakoa izango da tailerra. Arratsaldean, 18:00etan hasita, Aleluya Peña psikologo madrildarrak COVID-19aren ondorenak utzi dituen emozioen inguruko hitzaldia eskainiko du, hau ere, kultur etxean.  

Horrez gain, Tolosako Samaniego ikastetxean eta Laskorain ikastolan hitzaldiak emango ditu pertsona gor batek. Gorren komunitateaz eta pertsona gorrez arituko da, eta 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta egongo dira. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!