ELKARRIZKETA

«Egitasmo hauengatik ez balitz, ez litzateke horrelako kultura arteko trukerik izango»

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 12a, 07:57

Paola Neyra, eskuinean, orain bi urteko Bizilagunak egitasmoko bazkarian. ATARIA

Bizilagunak egitasmoko aurreko edizioan, 2019koan, parte hartu zuen Paola Neyrak dinamizatzaile moduan, eta aurtengoan errepikatu egingo du. Jatorriz perutarra, 17 urte daramatza Tolosan bizitzen.

Orain bi urteko topaketa nola bizitu zenuen?

Esperientzia oso ona izan zen, asko gustatu zitzaidan bi familiak ezagutzea, eta oso aberasgarria izan zen. Bi aldeentzako oso aberatsa zela ikusi nuen, bai bertako familiarentzat zein migratu duenarentzat. Egitasmo hauengatik ez balitz, ez litzateke horrelako kultura arteko trukerik izango. Nire bizipenetatik esan dezaket euskal komunitatea zertxobait itxia delako, oso lotua bere kulturari; hori oso ederra da baina hizkuntzaren gaiak barrera bat sortu dezake. Beraz, herrietan batez ere euskaldunek euren artean harremantzeko joera handiagoa dute. Bestetik, migratu dutenentzat ere baliotsua da egitasmoa. Iristerakoan, kokatzen saiatzen zara, eta migratzen duten pertsonak normalean oso zentratuta daude lanarekin, eta aisia oso bigarren mailan dute.

Bazkari baten bueltan izateak zer suposatzen du?

Hau guztia bazkariaren inguruan izatea oso polita da, gastronomiaren bidez beste kultur trukaketa bat sortzen delako. Horren bitartez gozatu egiten dugu, dastatu, eta hortik abiatuta errazagoa da solasaldi bat sortzea, istorioak kontatzea, badakigulako gutxienez bi orduz mahai baten inguruan disfrutatu egingo dugula. Hori gertatu zen ni elkartu nintzen bi bikoteekin. Iruran elkartu ginen eta bikote bat Nikaraguakoa zen eta bestea Anoetakoa. Eta oso ederra izan zen, gauza asko zituztelako komunean: musika, aisia... Oso aberatsa izan zen.

Dinamizatzaile moduan zer egiten duzu?

Familiekin harremanetan jartzen gara, eta kontaktu hori telefonoz egin badaiteke ere, nik aurrez aurre ezagutu nahi izan nituen, bazkarian elkartu aurretik. Azaldu nien nola izango zen dinamika, eta menua zertxobait koordinatu nuen, batez ere jakiak ez errepikatzeko, jakiren bati intolerantziaren bat ote zegoen baieztatu nuen... Gero, bazkarian, ikusiko bagenu ez dela solasaldirik sortzen-edo, saiatu gaitezke horretan, baina gure kasuan ez zen horrelakorik behar izan, ni beste gonbidatu bat bezala sentitu nintzen. Bi bikoteak oso irekiak ziren, oso prest zeuden.

Erlazionatuak

Ezagutzeak aurreiritziak uxatzen ditu

Imanol Garcia Landa 2021 aza 12 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!