ERREPORTAJEA

Ezagutzeak aurreiritziak uxatzen ditu

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 12a, 07:56
2019ko urtean, Adunan egin ziren bost bazkarietako parte hartzaileak udaletxe aurrean elkartu ziren. ATARIA

Iazko etenaren ondoren, aurten berriro egingo dira Bizilagunak egitasmoko bazkariak. Tolosaldean guztira zortzi familiek eman dute izena, eta lau bazkaritan elkartuko dira igande honetan.

Igande honetan, azaroak 14, Bizilagunak egitasmoa gauzatuko da beste behin. SOS Arrazakeriak elkarteak antolatuta, 2012an egin zen lehendabizi, eta jatorri atzerritarra duen familia bat bertako familia batekin bazkari batean elkartzea da proposamena. Iaz ez zen posible izan egitea, baina aurten antolatzaileek «gogotsu» ekin zioten prestaketari. Jone Urionaguena SOS Arrazakeriak elkarteko teknikariak azaldu duenez, aurten bi aukera proposatu dituzte: «COVID-19aren gai honekin, baliteke familiaren bat kezkatuta egotea etxera jendea bazkaltzera joateagatik, eta erabaki dugu parke edo gune berdeetan ere bazkariak egitea, piknik moduan. Aurreko azaroan pandemiak erakutsi zigun kalean sozializatu daitekeela, eta probatu egingo dugu».

Eskualdean Tolosaldea Garatzeneko Aniztasun Sailak koordinatzen du egitasmoa. Zortzi familiek eman dute izena aurten, eta, beraz, lau bazkari egingo dira, eta denak etxeetan burutuko dira. Urionaguenak familia hitza erabiltzerakoan, zehaztasun bat egin du: «Familia bezala hartzen dugu beraien arteko harremana dagoeneko eraikia eta sortua dagoen pertsona taldeari. Familia izan daiteke ez bakarrik guraso eta seme-alabez osatutakoa, baita kuadrilla edo kirol taldeko kideak ere».

Egitasmoaren helburua bizilagunak elkar ezagutzea da, horri jatorria erantsita; hau da, bizilagun horren jatorria bertakoa den edo atzerritik etorritako bizilaguna den. «Pandemiak zerbait erakutsi badigu elkarren beharra dugula da, elkar zaintzeko eta elkarrekin egoteko beharra. Pandemiak agerian utzi gutxinaka isolatzen joan garela, bai gure gertukoen inguru sozialarekin eta baita bizilagunak ez ditugulako ezagutzen, ez dagoelako harremanik», esan du Urionaguenak. «Herrietan jendearen artean harreman gehiago dago, baina hirietan gero eta anonimotasun handiagoa daukagu, baita bizilagunen artean ere. Beraz, pentsa zer gertatzen den atzerriko jatorria duen bizilaguna bazara, oraindik eta barrera gehiago daude».

Bizilaguna jatorri atzerritarrekoa bada, zurrumurruek sortzen dituzten aurreiritziek eta estereotipoek urruntasun hori gehiago mantentzen dutela gaineratu du Urionaguenak. «Bazkari honen helburua da, beraz, aitzakia guzti horiekin apurtzea, eta mahai baten bueltan jendea elkar ezagutzera animatzea».

Elkar ezagutzearen ondorio positiboak

Hainbat ebaluazio egin dituzte urteetan zehar, eta baita ikerketa zientifikoak ere. Horiek erakutsi dute egitasmoak ondorio zuzen bat duela pertsonen pertzepzioan eta irekitasunean. Ikerketa batean, adibidez, galdeketa bat banatu zen bazkaria egin aurretik, jakiteko zer aurreiritzi eta irekitasun zeuden. Gero galdetegi bera pasa zen bazkariaren egunean, eta hor ikusi zen irekitasuna eta dibertsitatearekiko abegikortasuna areagotzen zela, eta aurreiritzi eta estereotipo maila jaitsi egiten zela. Gerora, bazkariaren egunetik denbora bat pasa ondoren, berriro ere galdeketa berdina pasa zitzaien parte hartzaileei. Eta ikusi zen kontaktua izan eta berehala jendearen irekitasunean eta gogoetan efektu oso positiboa dutela bazkari hauek, hilabeteak pasatzean, kontuan izanik egunerokotasunean zurrumurruak nonahi entzuten direla, irekitasun maila hori zertxobait jaisten zela, eta aurreiritzizko jarrerak pixka bat igotzen zirela. Hori bai, beti ere bazkaria egin aurreko mailatik behera. «Horrek erakusten du bazkarien efektuak irauten duela», azaldu du Urionaguenak.

Jone Urionaguena: «Pandemiak zerbait erakutsi badigu, elkarren beharra dugula da, elkar zaintzeko eta elkarrekin egoteko beharra»


Bestalde, Urionaguenak gaineratu duenez, bazkariaren ondoren, parte hartzaileengandik eta dinamizatzaileengandik jasotzen dituzten iritziek erakusten dute «oso sentsazio positiboak dituztela, denak oso pozik daude parte hartu izanaz. Egia esan, oso esperientzia eta feedback politak jasotzen ditugu». Bazkarian elkartzen diren familiek gerora ere harremana mantentzea izaten da egitasmoaren asmoetako bat. «Ideia da zure auzoko pertsonak ezagutzea eta gerora pertsona horiei izen-abizenak jartzea, abegikortasun eta gertutasun bat izatea, eta harreman horrek jarraipena izatea».

Egitasmoa egin den aurreko urteetan, antolatzaileek Gipuzkoa Solidarioa antolatu izan dute, baina aurten ez dute egingo, COVID-19a dela eta. «Nolabait parte hartzaileei itzulketa moduko bat egitea zen topaketa hori», esan du Urionaguenak. «Parte hartzaileek norbere bazkariaren bizipena izaten dute, baina egun berean Gipuzkoa osoan beste hainbat bazkari egiten dira. Bolumen hori ikusteko edo parte hartu den proiektuaren dimentsioa ikusteko, antolatzen da Gipuzkoa Solidarioa». Hori horrela, parte hartzaileei nolabaiteko itzulketa egin nahi diete antolatzaileek, eta ziurrenik bideo bat osatuko dute igandean izango diren bizipen guztiekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!