Tolosako egutegia eskuragarri dago

Ataria 2021eko azaroaren 10a

Tolosako datorren urteko egutegia eskuragarri egongo da bihar eta etzi, Zerkausian, 09:00etatik 12:30era; Maider Gaztelumendiren 'Bizitza hankaz gora' argazkia izan da saritua eta azalean ageri dena.

Aurten ere Tolosanklisk argazki lehiaketa antolatu dute datorren urteko egutegia osatuko duten argazkiak aukeratzeko. Bada, argazki lehiaketako irabazleak zehaztuta, egutegia osatu dute, eta dagoeneko eskuragarri dago.

Hain justu, gaur hasi dira banatzen Tolosako Zerkausian, eta bihar eta etzi ere eskuratzeko aukera izango da, 09:00etatik 12:30era bertaratuta. Soberan geratzen diren aleak azaroaren 15etik aurrera kultur etxean, Tolargin, Gorosabelen eta Tolosa Gasan jarriko dituzte herritarren eskura. 

Bizitza izan da aurtengo egutegiaren gaia, eta epaimahaikideek Maider Gaztelumendiren Bizitza hankaz gora argazkia aukeratu dute 2022ko egutegiaren azalean kokatzeko. Izarne Iglesias Tolosako kultur zinegotziak atzo banatu zien irabazleei egutegia, eta parte hartzaile guztiei eskerrak eman zizkien aurkeztu dituzten argazkiengatik. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!