Mendekotasun edo desgaitasun egoeran daudenentzat egonaldietarako izen ematea

Ataria 2021ko aza. 9a, 15:59

Azaroaren 12ra arte egin daitezke eskaerak. Mendekotasuna duten pertsonez arduratzen direnek atseden hartu ahal izatea dute helburu egonaldiek.

Abenduan eta Gabonetan mendekotasuna edo desgaitasuna duten pertsonentzat adinekoen egoitzetan aldi baterako egonaldiak eskatzeko epea zabalik dago, eta azaroaren 12ra arte egin ahalko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintzen duen zerbitzua da, mendekotasuna duten pertsonez arduratzen direnek atseden hartu ahal izatea helburu duena.

Aldi honetarako egonaldiak hiru multzotan banatuko dira: azaroaren 30etik abenduaren 13ra, abenduaren 14tik 27ra eta, azkenik, abenduaren 28tik urtarrilaren 7ra. Egonaldi luzeak bakarrik eskainiko dituzte, hau da, sei gauetatik gorakoak, eta plaza kopurua mugatua da. Ordiziako San Jose Egoitzan izango dira egonaldiak, eta plaza gutxi batzuk egongo dira Donostiako Txara 2 Egoitzan.

Pandemiaren eraginez, plazak oso mugatuak dira. Hori horrela, eskaera guztiak ezin erantzun direnean, lehentasuna izango dute behin betiko egoitza eskaera egin ez dutenek. Halaber, bete ez diren plazak badaude, egonaldia luzatzeko aukera egon daiteke. Egonaldi hasierak zentroaren beharren arabera izango dira eta erabiltzaile guztiei eta haien familiei harrera egokia egin ahal izateko moduan. Hala ere, eskatutako datak mantenduko dira posible den guztietan.

Bete beharreko baldintzak 
Erabiltzaileek mendekotasun egoera egiaztatu beharko dute, eta aldi baterako egonaldirako gai direla adierazten duen RAI balorazioa eguneratuta egon behar da. Ospitalizaziorik izan bada, RAI balorazio berri bat eskatu beharko da, pertsonaren arreta beharrak egungo egoerara egokitzeko. Oro har, erabiltzaileak egonaldietara COVID-19aren aurkako txertaketa osoarekin sar daitezen sustatuko da. Txertatuta ez dauden pertsonek edo lehen dosia bakarrik jaso dutenek, segurtasun neurri gehigarriak hartu beharko dituzte. Egoitzan sartzean, aurreko 24-28 orduetan egindako PCR probaren emaitza negatiboa aurkeztu beharko da.

Eskaerak non eta nola egin
Eskaerak Tolosako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailean egin beharko dira, azaroaren 12a baino lehen. Egonaldia hasi baino 15 egun lehenago adieraziko da plaza lortu den edo ez. Bestalde, eskaera egin ondoren uko egiteak ondorio ekonomikoak izan ditzake, hortaz, ahalik eta azkarren abisatu behar da egonaldia behar ez bada.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!