Beotibarko azken txaloak txapeldun handiari

Ataria 2021ko aza. 8a, 19:00

Olaizola II.ak bere azken partida jokatu du gaur Tolosako Beotibar pilotalekuan, bere ibilbide profesionaleko azken aurrekoa.

Jendez beteta zegoen frontoia, txapeldun handiari agurra emateko eta goizuetarraren Beotibarko azken partidaz gozatzeko. Partidaren aurretik omenaldia jaso du: Tolosako Udalak oroigarria eman dio pilotariari, Tolosako Aurrera elkarteak eskualdeko produktuekin kaxa bat oparitu dio, eta Villabonako Oinkari dantza taldeak saioa egin du.

Partidan, Aimar Olaizolak Mariezkurrena II.arekin jokatu du eta 22-16 irabazi dute Bengoetxea VI.aren eta Albisuren aurka. ATARIA IRRATIA-k zuzenean eman du partida, eta ondoren Olaizolarekin hitz egiteko aukera izan du. Eskertuta hitz egin du goizuetarrak: "Beotibar profesionaletako frontoi garrantzitsuenetako bat da. Ilusioa handia nuen hemen azken partida jokatzeko, lortu dugu eta jendeak eman duen erantzunarekin oso pozik nago". Pilotazaleak berari agurtzeko zutitu egin direla ikustean, zaleek duten garrantziaz hitz egin du: "Irabazitako txapelak baino garrantzitsuagoa da jasotako berotasuna. Agurra jaso dudan bederatzigarren frontoia da, eta denetan jende asko izan da, eta hori beti memorian geratzen da".

Jaialdiko lehen partidan, Erik Jakak eta Iñaki Artolak lau eta erdiko partida jokatu dute, eta lizartzarrak 22-18 irabazi dio alegiarrari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!