Gobernantzarako eta partaidetzarako ordenantza berria onartu du udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko aza. 3a, 07:57

Urriko osoko bilkuran aho batez onartu dute urtarrilaz geroztik herritarrekin elkarlanean osatutako dokumentua; hiri-ekonomia diruz laguntzen jarraituko du Tolosako Udalak.

Tolosako Udalak urtarrilean abiatu zuen Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantza garatzeko prozesua. Urte honetan, herritarrek nahiz udal langile ezberdinek dokumentu bat landu dute, zeharka, maila tekniko zein politikoan, talde eragilearen nahiz operatiboaren bitartez. Tolosako Udalaren azken osoko bilkuran, berriz, udalbatzako kideek aho batez onartu dute Gobernantza, Partaidetza eta Gardentasun Ordenantzari hasierako onarpena ematea. Jendaurrean jarriko da orain ordenantza, ondoren, behin betiko onartu ahal izateko.

Ordenantza berri honek, berrikuntza nabari batzuk ditu, hala nola, genero inpaktuaren aurre-azterketa eta lankidetza publiko-komunitarioaren formakuntzaren lan lerroa. Halaber, hiru alorretako zerbitzuak eta prozesuak arautuko ditu. Batetik, gardentasunari dagokionez, herritarren eta udalaren eskubide eta betebeharrak jasotzen dira, baita herritarrek udalarekin harremanak izateko dituzten bideak ere. Partaidetza alorrean, herritarren eskubide eta aukerak zehazten dira. Azkenik, herritarrak ahalduntzeko tresnak jaso eta herriko elkarte sarea sustatzeko bideak irekiko dira, elkarlanean, herriak etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko.

«Tolosatzen prozesuaren baitan herritarrekin batera hartutako konpromiso bati erantzuten dio ordenantzak, eta gobernantza benetan indartzeko tresna da», azaldu du Joseba Ormazabal EAJ-ko zinegotziak. «Ea gai garen, denon artean, lankidetzan oinarritutako gobernantza eredu bateranzko bidaia hasteko», gaineratu du Andu Martinez de Rituerto EH Bilduko bozeramaileak.

ALDE ZAHARRA BABESTEKO

Bestetik, behar berriei erantzun eta Tolosako hiri-ekonomia osatzen duten sektoreek dituzten erronkei aurre egiteko, diru laguntza programa arautzen duen ordenantza berria behin betiko onartu du udalak. Honen bitartez, ekintzailetza, enpresa berrien irekiera, negozioen arteko eskualdaketa eta merkataritza establezimenduen erakargarritasuna sustatu nahi ditu.

Ordenantzak hiru atal nagusi ditu: Berriz, Ekin eta Gune Biziak programak. Udalak 115.700 euro bideratu ditu horietara. Aurrerantzean, alokairu eta erosketa gastuetarako diru-laguntzak hiru hilabetez behin ordainduko dira, ekintzaileek likidezia izan dezaten. «Horrez gain, Alde Zaharra bereziki babestuko da, hirigune historikoari bultzada emate aldera», azaldu du Nerea Letamendia EAJ-ko zinegotziak.

KREDITU ALDAKETAK

Bestalde, kreditu aldaketa batzuk egitea, diru laguntzen eranskinak aldatzea eta 2020-2022 diru-laguntzen plan estrategikoan beharrezkoak diren aldaketak egitea onartu dute. Izan ere, azaroaren 28an, Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren finala Tolosan ospatzeko Euskal Herriko Herri Kirol Federazioari diru-laguntza emango dio udalak. Era berean, Paper Eskolako Lanbide Heziketaren berrikuntza sustatzeko, laborategiaren proiektua ere diruz lagunduko du. Bestetik, Gipuzkoako Taxisten Elkarteak, 2022rako aurkeztutako tarifen proposamena onartu dute. Ondorioz, %2ko igoera izango du eskualde osoan indarrean izango den tarifak.

Ertzaintza eta Udaltzaingoa elkarlanean aritzeko, EAEko Administrazio Orokorraren eta Tolosako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena berritzea ere onartu dute. 2019an sinatu zen eta era koordinatuan lan egiteko oinarriak zehaztea du helburu. «Elkarri laguntzeko, informazioa partekatzeko, eta bereziki, herritarrei zerbitzurik egokiena eta eraginkorrena bermatzeko hitzarmena da», adierazi du Xabier Balerdi EAJ-ko zinegotziak.

EH Bildu alderdiko Kristina Pelaez zinegotziak beharrezkotzat jo du polizien arteko koordinazioa. Hala ere, faltan bota duela esan du intzidentzien titulartasuna zehazten duen eranskina: «Harrigarria da bi erakundeen arteko koordinazio mahaia osatuta egonik eranskin hori oraindik egina ez egotea».

Amaitzeko, energia horniduraren prezioen gorakadaren aurrean hartzeko neurrien inguruan EH Bildu alderdiak aurkeztutako mozioa ez da aurrera atera. Egungo arazoari aurre egiteko neurri zehatzen beharra azpimarratu zuten oposiziotik. «Gizarte bezala dugun erronka nagusia jasangarria izango den energia sorkuntza eta kontsumorantz jotzea da», esan du Martinez de Rituertok.

Aldiz, Migrazioarako Euskal Itun Sozialari buruzko mozioa aho batez onartu da. Mozio hori onartzearen ondorioz, itun horretara atxiki da udala.

OLATZ ARTOLAREN AGURRA

Olatz Artola EH Bilduko zinegotziak uko egin dio bere zinegotzi karguari, eta azken bilkuran bertan eman dute horren berri. Estitxu Kortajarena izendatu dute hutsunea betetzeko. Artolak esker hitzak izan ditu bere alderdiko kideekiko, eta Tolosa bizi, feminista, berdinzale eta justuago baten alde lan egiten jarraituko duela esan du: «Legealdia bukatu aurretik, emakumeen etxea martxan izatea espero dut». EH Bilduko kideek, Olatz Peon alkateak eta Joxe Mari Villanueva PSE-EE-ko zinegotziak, bere lana eskertu dute. Martinez de Rituertok, gainera, Artolaren gertutasuna eta gizatasuna nabarmendu, eta bi urte eta erdi hauetan herri justuago zein berdinzaleago bat lortzeko erakutsitako grina goraipatu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!