Eragileen arteko mahai bat osatzea proposatu du EH Bilduk

Ataria 2021ko urr. 28a, 12:55

Azkenaldian Tolosan izaten ari diren bizikidetza arazoei irtenbidea emateko, gaia "modu integralean" landu behar dela uste du EH Bilduk. Bizikidetza Mahaia osatu nahi du koalizioak.

Tolosako EH Bildurentzat kezkagarriak dira azken asteburuetan Tolosako kaleetan eman diren "bortxa eta bizikidetza arazoak". "Gure herriko kaleetan tolosarrek lasaitasunez bizitzeko eta ibiltzeko eskubidea dute eta hori horrela bermatuta badago ere, azken asteburuetako gertaerek egoera kudeatzea eskatzen dute elkarbizitza arazoak areagotu aurretik". Egoera ikusita koalizioa bat dator gaueko aisialdian elkarbizitza sustatzeko esku hartzea egin behar denaren ideiarekin, baina ez udal gobernuak proposatu duen sentsibilizazio kanpainarekin.

Koalizioa ez dago ados gertaera horiek bakarrik alkohol eta droga kontsumoarekin eta gazteen eta nerabeen jokaerekin lotzearekin; "gertaera hauetako gehienak gauez eta ingurune zehatz batzuetan gertatu diren arren, beste ordu eta gune batzuetan ere eman dira, horregatik egoera ikuspegi zabal batetik landu behar da". Gertaeren ondorioz bizilagunek kalteak jasaten dituztela, gehiegizko droga kontsumo bati lotuta daudela, eta indarkeria arazoak ematen direla esan du eta ondorioz,  egoera aztertzeko eta kudeatzeko Bizikidetza Mahai bat eratzea proposatu du. Mahiaren helburua da irakurketa partekatua egitea eta "benetako irtenbideak" proposatzeko tresna izatea.

Mahai horretan zeresana izan dezaketen eragileak egotea da Tolosako EH Bilduren proposamena: ostalariak, merkataritza elkartea, herritarrak, gazteak, emakume taldeak, kale hezitzaileak, udal departamendu desberdinak (Udaltzaingoa, gizarte zerbitzuak, gazteria eta migrazioa), alderdi politikoak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte inklusiorako teknikariak. "Sortzen ari den egoerak gaia modu integralean jorratzea eskatzen du, eta mahai honek, eragileen arteko elkarlana sustatuz erantzun diezaioke horri".

Koalizioak esan du azken asteetako elkarbizitza arazoari aurre egiteko ez direla nahikoa gazte eta nerabeei begirako sentsibilizazio saioak eta hezitzaileak. "Egoerak erpin ugari ditu eta kolektibo nahiz adin tarte ugari barnebiltzen ditu. Herri bezala erantzun behar diogu herriko arazo honi, guztiok bat eginda, komunitatean", gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!