Gaueko aisialdian elkarbizitza sustatzeko sentsibilizazio kanpaina

Ataria 2021eko urriaren 27a

Azken boladan «tolosarren arteko elkarbizitza apurtu egin delako» kezkatuta azaldu da Tolosako Udala; alkoholaren eta beste drogen arriskuez informatuko dute hezitzaileek.

 

Tolosako Udala kezkaz agertu da, azken boladan, asteburuetan gaueko aisialdiari lotuta, «hainbat unetan tolosarren arteko elkarbizitza apurtu egin delako». Hori horrela, gaueko aisialdian elkarbizitza sustatzeko esku-hartzeak egingo ditu udalak, hezitzaileen bitartez gazteak alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak eragindako ondorioen inguruan sentsibilizatuz.

Tolosako aisialdi guneetan alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoari lotutako arriskuak prebenitzea eta murriztea izango dutela helburu esku-hartzeek esan dute udaletik, «tolosarren arteko elkarbizitza sustatzeko eta gatazkak ekiditeko». Urriaren 30ean eta azaroaren 20an egingo dituzte nerabe eta gazteei zuzendutako lehen esku-hartzeak, Sasoia elkartearen eskutik, eta beste bi ere egingo dituzte urte amaiera bitarte.

Esku-hartzeekin lortu nahi dutena da, batetik, nerabe eta gazteen artean edari alkoholdunen kontsumoaren normaltasun eta mitoekin apurtzea; bestetik, gazteen artean alkoholaren kontsumoa murriztu nahi dute, eta azkenik, alkoholaren gehiegizko kontsumoa eta mozkorraldiak murriztu nahi dituzte, «alkoholaren kontsumoaren ondorioz eratorritako jarrera oldarkorrak txikituz eta pertsonaren autokontrola sustatuz».

SENTSIBILIZAZIOA

Hezitzaile profesionalak gazteak biltzen diren lekuetara joango direla azaldu dute udaletik. Alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoak eragindako ondorio eta arriskuei buruz informatu eta sentsibilizatuko dute, «biztanle gazteenek eta kalteberenek kontsumo horiek saihestu ditzaten laguntzeko, eta arazo publiko bihurtzen diren ordutegiak, datak eta lekuak saihesteko».

Horrela, nerabe eta gazteei alkoholaren eta beste droga batzuen kontsumoaren prebentzioan sentsibilizatzeko informazioa emango zaie eta alkoholemia probak egingo dituzte profesionalen irizpideen arabera. Droga-menpekotasunari eta arriskuen murrizketari lotutako materiala ere banatuko zaie, hala nola, erabilera bakarreko alkoholimetroak, alkohol- kontsumoaren prebentzioari buruzko informazio-liburuxkak eta preserbatiboak. Prozesu eta material guztietan genero-ikuspegia erabiliko dutela eta berdintasuna landuko dutela zeharkakotasunez esan du Tolosako Udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!