ERREPORTAJEA

«Oso ondo pasatzen dut beraiekin, eta guztiak oso pertsona onak dira»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 31a, 07:58

Ikasturte berria «oso pozik» hasi dute Tolosako Txolarteko erabiltzaileek. Udako oporren ostean, urriaren 16an, hasi zuten ikasturtea Txolarten. Tolosarrak dira Miguel Herreras eta Asun Aranburu, eta Txolarteko erabiltzaileak dira.

Lehen eguna izanik, kontu asko zituzten elkarri esateko. Uda ostean, berriz, lagunekin elkartuta. Paseoan atera ziren kalera. Boluntario berriak ere bazituzten tartean ezagutzeko. Izenak galdetu, eta bakoitzaren gaineko informazioa lortzeko baliatu zuten tabernako terrazan hartutako tragoa. Baita telefono zenbakiak trukatzeko ere.

Txolarten zer egiten duten galdetzean, garbi du Aranburuk: «Paseatu, zerbait hartu, meriendatu eta bidaltzen gaituztenean etxera», eta jendearekin asko hitz egiten duela gaineratu du Aranburuk.

«Jende ona dagoenean izugarri gustatzen zait Txolartera etortzea», azaldu du Aranburuk. «Oso ondo pasatzen dut beraiekin, eta guztiak oso pertsona ona dira», dio.

Herrerasek gustuko du Txolartera joatea, eta Txolartez hizketan hastean, zinema, Kaldereroak, Inauteriak,... aipatu ditu.

Asun Aranburu: «Oso ondo pasatzen dut beraiekin, eta guztiak oso pertsona onak dira»

Leku gehienetan gertatu den moduan, koronabirusa traba izan dute lagun artean elkartzeko, eta biei luze egin zaie elkartu gabe egon behar izan zuten denbora: «Hilabete asko izan dira». Biek ala biek Txolarten lagunekin elkartzeko gogoa zutela esan dute. Iazko ikasturtean elkartzen baziren ere, talde txikietan baino ezin izaten baitzuten elkartu. 

16:30ean elkartzen dira Tolosan duten lokalean. Lagun kuadrilla ederra elkartzen da, eta alboan izaten dituzte beste hainbat boluntario guztia bideratzen. Boluntario lana egiten dutenentzat hitz onak baino ez dituzte Aranburuk eta Herrerasek. «Denetik egiten dute, eta oso onak dira», dio Aranburuk. «Oso-oso ondo pasatzen dugu», azpimarratu du behin eta berriz Herrerasek.

Miguel Herreras: «Oso-oso ondo pasatzen dugu»

Herrerasek lagun asko dituela adierazi du Txolarten. Aldiz, Aranburuk gutxiago dituela onartu du: «Ez naiz besteak bezainbeste ateratzen». Baina Txolartetik kanpo ere oporretako lagunak-eta dituela adierazi du.

Marraztea gustatzen zaio Aranbururi, eta Txolarten praktikan jartzeko aukera izaten du. Herrerasi ere pintatzea gustatzen zaio, baina argazkilaritza eta abestea ere gustuko ditu.

Trago bat hartu ostean, Txolarterako bidea hartzen dute, eta tripa bete ostean, hau da, askaria egin eta gero, dantzatzeko aukera izaten dute Txolarteko kideek. Diskoteka moduko bat antolatzen dute bertan, eta dantza egiteko gogoa duenak aukera izaten du bakarrik edota nahi duenarekin dantzatzeko.

Artistak direla ere argitu dute. Gabonetan, urtero, antzezlana egiten dute. «Lagunei eta senideei egiten diegu», azaldu du Herrerasek. «Nik dagoeneko jaso dut gutuna», esan du poz-pozik Aranburuk, eta azarorako egin beharreko antzezlanerako ikasten hasi beharra egokitzen zaie, «eta zehaztuta dut zein egunetan etorri beharra daukadan entseguetarako». Herrerasi ez zaio oraindik iritsi, baina jaso beharreko gutuna ere bidean da.

Gabonak pasa ostean, hurrengo erronka Kaldereroetan jarria izaten dute. Kaldereroz mozorrotu, eta zartagina jotzen aritzen dira.

Gainerakoan, urtean zehar, bestelako ekintzak izaten dituzte, eta Aste Santuko oporrak eta gero, ekainean bazkaria egiten dute Txolarteko lagun guztiek.

Ez dute ia telebistarik ikusten Txolarten. Lagun artean egoten dira, baina gustuko dute telebista ikustea. Aranburuk filmak eta Herrerasek futbola ikusten du, baina La que se avecina telesaila ikustea biek dute gustuko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!