ERREPORTAJEA

Boluntario bidezko laguntasuna

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 31a, 07:57

Adiskidetasuna gizarteratuz Txolarterekin

Adimen desgaitasuna duten pertsonak elkartzen dituen elkartea da Tolosan dagoen Txolarte; erabiltzaileak, lagun artean, hamabostean behin batzen dira, eta boluntarioek egiten duten lanari esker, elkarrekin ekimen ezberdinak eginez pasatzen dute arratsaldea.

Txolarte adimen desgaitasuna duten pertsonen elkartea da. Hamabostean behin larunbatetan elkartzen dira Tolosan, eta Noemi Alonso eta Naia Arnaez tolosarrak eta Alaia Ugalde alkizarra boluntarioak dira Txolarten. 60 urte badira guraso talde batek Atzegi sortu zuela, eta Atzegitik kudeatzen dute Txolarte.

Kaletik paseoa egin ostean, kide guztiak askaria egiteko prest mahaietan eserita. E.MAIZ

Normalean 16:30etik 19:30era elkartzen dira Tolosan duten gunean. «Beraiekin egon eta disfrutatzea da batik bat gure egitekoa», dio Noemi Alonso boluntarioak. «Beraiengandik ikasi ere egiten dugu, eta azken batean beraiekin denbora pasatzea da helburua», azaldu du Alonsok.

«Beraien lagunak ere bagara. Azken batean, beraientzat gu ere lagunak gara, beraz, beraiekin partekatzen ditugu gauzak», gaineratu du Ugaldek. «Kuadrilla baten modukoa da gune hau beraientzat, eta aste osoan zehar elkartzen diren momentu bakarra».

 

Noemi Alonso: «Guk beraiekin disfrutatzeaz gain, beraiengandik pila bat ikasten dugu. Larunbatetan bizitza ematen digu»

 

Adimen urritasuna duten gipuzkoarren bizi kalitatea hobetzeko lanean jarraitzen du Atzegik, eta bide horretan, kide dira eskualdeko hiru boluntarioak. Azken batean, adimen urritasuna duten pertsonen erreferente eta bidaide izan nahi du Atzegik, eta zeregin horren parte da Txolarte.

Boluntarioak erraz iristen dira desgaitasuna duten pertsonekin komunikatzera. «Komunikazio normal bat dugu, eta beraiek ere gauza pila bat kontatzen dizkigute», esan du Alonsok. «Pertsonak gara guztiak, eta denak berdin tratatzen ditugu», azaldu du Arnaezek.

Urriaren 16an hasi zuten ikasturtea, baina hiru boluntarioek ez dute lehen aldia. «Nik banuen honen berri, baina ezagun batzuk nituen udan egiten diren oporraldietan arituak, eta oso gustura ibili zirenak. Gizarteratzea ikasi nuen, eta probatzeagatik hasi nintzen. Oso gustura ari naiz egia esan», argitu du Ugalde alkizarrak. Duela ia hiru urte hasi zen, eta Arnaez tolosarra ere berarekin batera hasi zen boluntario lana egiten: «Alaiaren berri izan nuen, eta nik ere gizarteratzea ikasi dut. Atzegitik ere eskolara etortzen zitzaizkigun».

Alonsoren kasuan, hezkuntza bereziko irakasle ikasketak egin ditu: «Niri mundu hau asko gustatzen zait, eta uste dut beraiengandik pila bat ikasten dela eta animatu egin nintzen. Pila bat gustatzen zait bertan egotea, eta jarraitu egiten dut».

Alaia Ugalde: «Oraindik lan handia dago egiteko, eta hori guztion artean egiteko lana da. Ez da pertsona jakin batzuen egitekoa. Ehuneko oso txikia bada ez da aurrerapausorik emango»

Boluntarioak behar izaten ditu Txolartek, eta edozein momentutan gehitu daitezke taldera. «Asteburua beste modu batera pasatzeko era bat», dio Arnaezek, eta gainera, «gure kuadrillarekin elkartuko ginatekeen moduan elkartzen gara, eta beraiekin denbora bat pasatzen dugu», nabarmendu du.

Esperientziak partekatzeko gunea

Desgaitasuna duten pertsonei beste aukera bat emateko toki moduan ikusten dute: «Beraiei beste aukera bat ematen diezu. Askotan ez zaie aukera gehiegi ematen, eta asko pisuetatik-eta etortzen dira, eta pisuetan ez dute aukera askorik izaten libre izateko edo kuadrilla bat izateko. Aukera ezberdin bat da, eta esperientziak partekatzeko ere ondo dago», azaldu du Ugaldek.

Hasi dute ikasturtea Txolarten. «Pozik eta gogotsu» itzuli ziren erabiltzaileak eta boluntarioak. Txolarten elkartu, eta kaletik paseatu, bigarren eskuko azoka bisitatu eta tabernan trago bat hartu eta gero, berriz ere, Txolarterako bidea hartu zuten. Boluntario berriek eta erabiltzaileek elkar ezagutzeko baliatu zuten eguna. E. MAIZ

Ikasturtea hasi aurretik boluntarioa beharra zutela iragarri zuten, eta jendearen erantzunarekin «gustura» agertu dira. «Zazpi begirale berri daude. Orain arte beti eskas antzean ibili gara begiraleen aldetik, eta aurten jende askok eman du izena eta oso pozik gaude», azpimarratu dute beteranoek. Hori bai, nahi duen jende guztia gonbidatzen dute boluntariotza lana egitera: «Behintzat mundu hau zer den ikus dezatela, eta baita zer egiten dugun ere».

Naia Arnaez: «Gure kuadrillarekin elkartuko ginatekeen moduan elkartzen gara, eta beraiekin denbora bat pasatzen dugu»

Gipuzkoa mailan dagoen elkarte handienetako bat da Tolosakoa. 38 erabiltzaile ditu, eta boluntarioak alboan izateak lanak errazten dizkie: «Zenbat eta begirale gehiago eduki hobeto».

«Gure lana asko errazten du», gaineratu du Alonsok, eta nabarmendu du: «Beraiei ere ematen zaien erantzuna hobea da».

Txolarteko lanak «bete» egiten du Arnaez: «Niri mundu hau asko gustatzen zait, eta lanean ere honetan ari naiz, eta ni bete egiten nau». «Beraiek pozik ikusteak, ongi ari direla pasatzen sentitzeak pozik jartzen nau», esan du. Bat egiten du Ugaldek ere: «Beraiei aukera ezberdinak ematen zaizkie, beraiek disfrutatzeko beste era bat da, eta orduan, hori pozgarria da». «Guk beraiengandik disfrutatzen dugu, eta beraiek gugandik ere disfrutatu egiten dute».

Gainera, Alonsok azpimarra jarri du: «Guk beraiekin disfrutatzeaz gain, beraiengandik pila bat ikasten dugu. Larunbatetan bizitza ematen digu».

Gizarteratzean bada lana

Boluntario lana pisua galtzen doa gizartean, eta ez dira pertsona asko boluntario lana egitera animatzen direnak. Ingurukoek beraiek egiten dutenaz zer dioten galdetzean, lehen galdera, Atzegi zer den galdetzen diotela esan du Alonsok. «Onean harritzen dira», dio Ugaldek, eta «ez daude pertsona asko boluntarioki lan egingo luketenak, eta harrituta geratzen dira», gehitu du. «Orokorrean erreakzio ona izaten dute, eta erantzuna ona da», dio Arnaezek: «Ez zait egokitu norbaitek erreakzio txarra izatea, edo kaletik joan eta gaizki begiratzea, nahiz eta leku batzuetan gertatzen diren».

Gizarteratzean lan asko egin dela kontatu dute, baina, «oraindik ere aurrerapausoak eman behar dira», diote. Pauso bat gehiago eman du Alonsok: «Gizartean integratuak daude, baina ez daude guztiz barnean bermatuta. Aurrerapauso txiki bat egin dugu, baina oraindik aurrerapauso handiak eman behar dira gizartearen barruan». Eta Ugaldek bide beretik jarraitu du: «Oraindik lan handia dago egiteko, eta hori guztion artean egiteko lana da. Ez da pertsona jakin batzuen egitekoa. Ehuneko oso txikia bada ez da aurrerapausorik emango».

Pertsonak ezagutzeko deia

Txolarteko informazioa familiei helarazten diete, eta hasiera batean gutun bidez izaten dute familiekin harremana, baina edozer gauza jakinarazi behar zaiela familiekin hitz egiten dute. «Iaz, esaterako, koronabirusa dela eta, taldeka sailkatu genituen, eta talde bakoitzari Txolarte eguna noiz egokitzen zitzaion esateko telefono bidez deitzen genien».

Txolarten elkartu, kaletik buelta bat eman, trago bat hartu eta Txolartera buelta ohiko errutina izaten dute. Gero merienda, eta bakoitzak gustuko zerbait egiteko aukera izango du. Baina, gainerakoan, Eguberrietako antzerkia, Kaldereroetarako abestia... prestatu behar izaten dituzte, eta «bi edo hiru egun atzera egin behar izaten ditugu lanketa guztia egiteko», azaldu du Alonsok.

Noemi Alonso, Alaia Ugalde eta Naia Arnaez Txolarteko boluntarioak. E.MAIZ

Tolosako egutegiari begiratuta antolatzen dute Txolarteko plangintza osoa. «Askotan ateratzen gara paseora, eta beraientzat ona da ibiltzea, baina aldatu egiten da programa», dio Alonsok.

Erabiltzaileak aspaldian, betikoak direla esan dute. Tolosako Txolartera Ikaztegieta, Tolosa eta Ordiziako Atzegiren etxeetako erabiltzaileak ere batzen dira.

Norbaitek, ordea, senideren bat Txolarteren erabiltzaile moduan apuntatu nahiko balu, Atzegirekin harremanetan jartzea nahikoa dela argitu dute: «Atzegira deitu, eta arduradunek bideratuko dute».

Herritarrak boluntarioen lana ezagutzera animatu nahi dituzte, eta baita probatzera ere. Eta batik bat, pertsona horiek ezagutzera animatu nahi dute gizartea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!