ZIENTZIAREN TALAIA

Gasak eta barreak

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2021ko urr. 30a, 10:58

Azken hilabeteotan droga berri baten erabilera antzeman da. Hobeto esanda, aspalditik ezaguna den substantzia bat droga gisa geroz eta gehiago erabiltzen dela ikusi da. Dentistek, besteak beste, anestesiko gisa erabiltzen duten gas barre-eragilea kale-edaneko giroetan ere kontsumitzen da, hain zuzen ere. Kontsumitzeko modua sinplea da: koloretako puxika bat oxido nitrosoz betetzen da eta ahoarekin puxikatik gasa arnasten da.

Oxido nitrosoa gas koloregabea da, gaixoak sedatzeko eta mina arintzeko erabiltzen dena. Alabaina, azken urteotan droga gisa ere erabili da, nagusiki Erresuma Batutik iritsi den moda gisa. Aspalditik ezaguna den arren, badirudi Espainian, eta baita Bartzelonan ere, bere kontsumoa modu nabarmenean handitzen ari da. Droga hori erabili dela jakiteko bere arrastoak bilatu behar dira: kale-zurrutean dabiltzanen artean koloretako puxikak ikus daitezke eta baita lurrean botatako gas-kapsulak ere.

Oxido nitrosoak medikuntzan duen erabileraz gain, autoen motorren errendimendua hobetzeko erabiltzen da eta elikagaien gehigarri gisa ere erabil daiteke kasu batzuetan gozogintzan erabiltzen da, adibidez. Horrexegatik, oxido nitrosoak baditu legezkoak diren erabilerak eta zirrikitu horietaz baliatzen dira saltzaileak. Gas barre-eragilea lortzea ez da zaila, baina, dituen ondorio anestesikoak larriak izan daitezke. Alkoholarekin batera kontsumitu ohi denez, arrisku handiko praktikak egitera bultza dezake. Azken uda honetan, esaterako, gazte bat hil zen Marbellan oxido nitrosoa kontsumitu ondoren izandako biriketako edemaren kausaz.

Dentistek, besteak beste, anestesiko gisa erabiltzen duten gas barre-eragilea kale-edaneko giroetan ere kontsumitzen da, hain zuzen ere.

Gas barre-eragileak hasiera batean euforia, haluzinazioak eta kontrolatu ezineko barrea eragin ditzake eta horiexek dira oxido nitrosoa kontsumitzen dutenek bilatzen dituzten efektuak. Alabaina, gehiegizko kontsumoak eta, jakina, kontrolatzen ez den kontsumoaren kasuan ezinezkoa da gehiegizko kontsumoaren muga kontrolatzea oxigeno faltarengatik miokardioan kalteak, zorabioak eta deskoordinazioa eragin ditzake. Azken muturreko kasuetan, heriotza ere ekar dezake gas barre-eragileak. Ikuspuntu kimikotik, oxido nitrosoak oxigenoak baino difusio azkarragoa du eta, hortaz, biriketako albeoloetan oxigenoari lekua kentzen dio.

Oxido nitrosoa, hasieran esan bezala, dentistek erabiltzen dute haien jardunean gaixoen sedaziorako bere efektu anestesikoengatik. Litroak egiten ari direnen kasuan, zilar-koloreko kapsula txikietan lortu ohi dute eta kapsula horrekin puxikak betetzen dira. Jarraian puxikan dagoen gasa ahotik arnasten da gasaren efektuak lortzeko. Oxido nitrosoak oso modu desberdinetan eragin dezake kontsumitzailearengan: pisuak, beste drogen kontsumoak, arnastutako kantitateak, osasun-egoerak... modu nabarmenean alda ditzake gasak sortutako ondorioak. Epe luzeko kontsumoak, gainera, ondorio are larriagoak izan ditzake organismoan.

Gas barre-eragilea lortzea ez da zaila, baina, dituen ondorio anestesikoak larriak izan daitezke. Alkoholarekin batera kontsumitu ohi denez, arrisku handiko praktikak egitera bultza dezake.

Momentuz kasurik ugarienak Bartzelonan antzeman badira ere, beste hainbat hiritan ere kontsumoa handitzen ari dela nabari da eta EAEn ere oxido nitrosoaren presentzia detektatu da. Erresuma Batuan jada oxido nitrosoaren erabilera mugatzeko legeak prestatzen dabiltza; izan ere, bigarren drogarik kontsumituena bihurtu da eta, une honetan, gai kezkagarria da. Adituen arabera, gure inguruan ez dirudi, momentuz, gehiegizko kezka sortu beharko lukeen droga denik. Erabilera nahiko anekdotikoa den arren, hauxe da zenbait iruditan ikus daitezkeen koloretako puxika horien azalpena eta baliteke geroz eta arruntagoak izatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!