ELKARRIZKETA

«Tarteka lanarekin ito arren, lasaitasuna ematen dit»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 27a, 11:59

Egun guztiak ezberdinak dira Begoña Aristiren Isastegi-Goikoa baserrian. Baratzeko, ukuiluko eta oilategiko lanaz gain, hiru seme-alaben ama ere bada. Lan handiko egunetan, lanak azkarrago egiteko helburuz, telefonoa astintzen duela onartu du familia guztia lanera gonbidatuz. Gipuzkoako EHNE sindikatuko idazkari izana da, eta urte «gogor» moduan gogoratzen ditu, «ohituta ez zauden egoera batzuen aurrean aurkitzen zarelako», baina asko ikasi zuela aipatu du.

Nolakoa zen zure ume garaiko baserria?

Oso oroitzapen onak ditut. Gu familia handi bat izan gara beti, eta etxea beti jendez gainezka izan dugu. Aitonak, amonak, guztiak elkarrekin bizi ginen, eta gu lau ahizpa gara. Lana egiten genuen laurok baserrian, baina jolas moduan. Azkenean umea zarenean, gauzak beste modu batera hartzen dituzu.

Zer zegoen baserri hartan?

Momentu horretan esne behiak zeuden. Nire aitak etxetik kanpo egiten zuen lan, eta etxean nire ama aritzen zen behiak jezten-eta. Aita etortzen zenean, bada, belarra moztu behar zela, gurdiak kargatu,... Aitona-amonek ere beti asko laguntzen dute. Txikiak ginenean haurrak zaintzen, eta gero kanpoan ere bai.

Gazteena, baina baserrian jarraitzeko hautua egin zenuen.

Beti izan dut garbi. Behin 8. maila bukatzean garbi nuen ikasketak hortik bideratu nahi nituela. Fraisorora joan nintzen ikastera.

Nola gogoratzen dituzu ikasketak amaitu eta lanean hasitako lehen hilabeteak?

Ikasketak amaitu nituen, baina ikasketak egiten ari nintzen bitartean ere lanean aritu nintzen ostalaritzan asteburuetan eta udan. Ikasketak amaitu, eta nik nahi nuen horri heltzea erabaki bitartean ostalaritzan jarraitu nuen. Gurasoekin hitz egin, eta baratzetik bizi nahi nuela erabaki nuen. Dagoeneko esne behiak kenduta genituen, eta larre behi batzuk jarrita. Gurasoen laguntzarekin hasi nintzen azoketara joaten, eta egia esan, baserrian lan egitea asko gustatzen zait, baina kosta egiten zait azoketan lan egitea; jendearekin tratu hori eta regateo hori ez dut oso ondo barneratzen. Ohitura bat izango zen garai batean, baina niri pertsonalki errespetu falta bat iruditzen zitzaidan. Behin ere ez zait gustatu.

Hasierako urte haietatik hona asko aldatu da baserria?

Bai, asko aldatu da. Baratzean hasi nintzen ni, eta urte batzuk pasa eta pixka bat handitzen duzu. Denbora gehiago pasa, eta pixka bat gehiago handitzen duzu. Baratzea dezentea dugu, eta larre behiak ere baditugu. Eta orain dela urtebete oilategi batekin abenturatu naiz, eta bai, asko aldatu da.

Orain, oiloak ere badituzu. Nolatan?

Baserri guztietan gertatzen den moduan, esku lana oso inportantea da. Eta garai hauetan falta izaten dena bereziki esku lana da. Nire gurasoek asko laguntzen didate, baina hauek ere adinean gora doaz eta ondo merezitako atsedena behar dute. Senarra eta biok hasi ginen pentsatzen zerbait behar genuela nik etxean lan egingo nuena, hau da, produktua etxera ekarriko zidatena eta etxetik eramango zidatena; salmentak egiten eta merkatua aurkitzen ibili gabe. Asko kosta eta gero, oilategia muntatu dugu, eta lehen oiloak urtarrilean sartu genituen. Egia esan txoratzen gaude. Oso gustura gaude, eta hautaketa ona izan dela iruditzen zaigu. Oraindik baratzearekin jarraitzen dut, kontsumo taldearekin, azokara joaten naiz... dena hartu nahi eta ezin hori dut. Muga horretan nago. Ikusiko dut nola doan eta horren arabera erabakiko dut; ez dakit baratzea txikituko dudan edo...

Aurrera begirako asmoekin egin duzue, beraz.

Bai. Proiektua aurrera begirakoa izan da. Lasaiago-edo bizitzeko intentzio horrekin, eta gazteren batek gelditu nahi badu ere iruditzen zait oso aukera polita dela bertatik bizi ahal izateko. Askotan baserri batetik bizitzea ez da erraza ekonomikoki begiratuta. Lana bai, lan karga handia izaten da, hori denok dakigu. Baserritik bizitzea erabakitzen baduzu benetan gustatzen zaizulako da, bestela gogorra egiten da.

Eraikin berri bat egin, eta arrautzak ekoizten dituzu.

Euskaberrentzat labeleko arrautzak ekoizten ditut, bertako bazkidea naiz. Txikikeria batzuk kenduta egunerokoan egin beharreko lana ia berdina da. Momentu honetan langile bat dut hartuta, bestela ez nintzateke denera iritsiko, eta langilearekin oso-oso ondo moldatzen naiz.

Tolosako Azokan postua jartzen duzu. Gustuko lana da?

Gustukoa dudana da jendeak baloratzea zer egiten dudan, eta horrek pila bat betetzen nau. Postuan egotea, berriz, eta beti esan izan dut, nik etxean lan egingo dut, baina etxean norbait izanez gero azokan erreleboa egingo didana, nik nahiago dut. Nire amari beti gustatu izan zaio bertako tratua, jendearekin hitz egitea,... eta gaur egun ere, semea joaten da amonarekin eta biak egoten dira normalean.

Garrantzitsua da zuzeneko salmenta izatea?

Bai, oso garrantzitsua da. Nola eta zein lan egiten duzun erakusteko bide bat da, eta azaltzeko aukera ematen dizu.

Asko aldatu da azoka?

Bai. Aldatu da, eta pandemia egoera honekin txarrera egin duela denak esango nuke. Jendea izutu eta atzeratu egin du. Lehen mugimendu gehiago zegoen. Orain, doana erostera doa, eta hori ere ez da txarra. Gure kasuan oso ondo saltzen dugu.

Kontsumo taldea duzu martxan. Erraza da taldea mantentzea?

Nik izugarrizko zortea dut kontsumo taldearekin. 25 familia zoragarri ditut. Baloratu egiten dute, eta nik estimatu egiten ditut. Ez da erraza kontsumo talde batean egotea ez baitakizu astero zein barazki etorriko zaizun eta hori guztia kudeatu behar duzu aste guztian. Azokan aldiz zuk aukeratzen duzu zer nahi duzun.

Ziurtasuna izango dira zuretzat 25 familia horiek.

Arnasa ematen didate, eta badakit hilabete bukaeran beti izango dudala kopuru jakin bat. Azoka egunaren araberakoa izaten da.

Zer ematen dizu baserriak?

Ez da lanbide bat bakarrik, bizitzeko era bat da. Ni hemen jaioa naiz eta gustatu egin zait bizimodu hau. Suertez nire bizimodua hemen antolatu dut. Bikoteak ere pila bat laguntzen dit, eta tandem ona osatzen dugu. Tarteka lanarekin ito arren, lasaitasuna ematen dit, eta oso gustura bizi naiz.

Gazteak animatuko zenituzke baserriko lanera?

Nik ikusiko banu gazte bat erabaki ezinik dagoela, edo aukera bat baduela lehenengo sektoreari heldu eta bertatik bizitzeko nik %100ean animatuko nuke. Jakinda eta garbi utzita ez dela lan soil bat, baizik eta bizitzeko era bat. Dedikazio handia eskatzen du, eta ekonomikoki ez da agian beste lantoki batean bezainbestekoa izango. Baserria orokortasunean ematen dizun bizipoza da. Hori gustatu egin behar zaizu bai edo bai honi heldu nahi badiozu behintzat.

Zer eskatuko zenuke?

Kalean bizi direnei baserrietara igotzen direnean errespetuz jokatzeko eskatuko nieke. Bertakoa kontsumitu dezatela, eta baserritarrak ezagutu ditzatela, nola lan egiten dugun ikusiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!