"Izugarrizko zortea dut nire kontsumo taldearekin"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 18a, 15:59

Baserritik saioko protagonista Begoña Aristi da. Tolosako Aldaba Txiki auzoko Isastegi-Goiko baserrian baratzean egiten du lana. Tolosako azokan postua jartzeaz gain, 25 familiako kontsumo taldea du. Orain, ordea, baratzeaz gain, oilategia martxan jarri berri du arrautzak ekoizteko. Umetatik du gustuko baserriko lana, eta garbi izan du beti baserritik bizi nahi duela, nahiz eta:  "Ekonomikoki begiratuta askotan ez da erraza baserri batetik bizi ahal izatea”.

Baserrian lan egitea asko gustatzen zaiola aitortu du Begoña Aristi baserritarrak. Tolosako Alda Txiki auzoan du baserrian eta aurten artean baratzean aritzen zen, baina kosta egiten zaiola azokan jendearekin tratuan aritzea kontatu du. Tokatu zaionean egin du azokako lana, baina etxeko beste norbaitek egin badezake, berak nahiago du etxeko lanean aritu.

 

Baserrian eskulanak duen garrantzian jarri du azpimarra, eta orain, esku lanaren falta sumatzen du Aristik. Gurasoen laguntza handia duela aitortu du, baina “gurasoak ere adinean aurrera doaz, eta ondo merezitako deskantsua behar dute”, dio. Senarrarekin batera pentsatzen jarri, eta “etxean lan egingo nuen zerbait izan behar zuen, hau da, etxera ekarriko zidaten produktua izan, eta etxetik eramango zidatena”. Merkatua bilatzen aritzeko lana arindu nahi izan du martxan jarri berri duen oilategiarekin. Euskaberreko bazkidea da, eta beraientzat ekoizten ditu labeleko arrautzak.

 

Erabakia hartzea “asko kosta eta gero”, urtarrilean sartu zituzten lehen arrautzak ekoizteko lehen oiloak oilategian. “Oso-oso gustura gaude, eta hautaketa ona izan dela iruditzen zaigu”, esan du. Horrez gain, oraindik ere, baratzearekin jarraitzen du, 25 familiako kontsumo taldearekin eta Tolosako azokara joaten da.

 

Orain erritmoari neurria hartu nahian ari da, eta aurrera begira bidea nola marraztuko duen erabakitzea iritsiko zaio. “Aurrerago lasaiago bizitzeko intentzioarekin egin dugu, eta etxeko gazteren batek ere gelditu nahi badu iruditzen zait oso aukera polita dela”. Denera iritsi ezin, eta langile bat du hartuta oilategirako.

 

“Ekonomikoki begiratuta askotan ez da erraza baserri batetik bizi ahal izatea”, adierazi du Aristik.

“Denok dakigu lan karga handia izaten dela, eta baserritik bizitzea hautatzen baldin baduzu da  benetan gustatzen zaizulako, bestela gogorra egiten da”.

 

Zuzeneko salmentak duen garrantzia azpimarratu du. Aukera "oso ona" ikusten du beraien lana erakusteko eta zein lan egiten duten ikusteko. Azokari begira, pandemiak jendea "izutu" egin duela esan du, eta horri buelta ematea "kosta" egingo dela azaldu du. Kontsumo taldearekin,  berriz, "izugarrizko zortea dut". "25 familia zoragarri ditut, eta ez da erraza kontsumo talde batean egotea, ez dakizulako aste horretan zein produktu izango dituzun", dio. "Arnasa" ematen dio kontsumo taldeak, hilabete bukaerara begira beti izango duelako diru iturri jakin bat.

 

Gipuzkoako EHNE sindikatuko idazkaria izana da tolosarra, eta "urte gogorrak izan ziren niretzako", esan du. "Ezagutzen ez duzun mundu batera zoaz, eta ohituta ez zauden egoera batzuen aurrean aurkitzen zarelako". Baina beste aldera, pila bat ikasi duela onartu du, eta horrekin eta egin dituen lagunekin geratzen da.

 

Lanak lan, baserriak lasaitasuna ematen dio, eta bizitzeko modu baten gisa ikusten du. Eta lehen sektorean lanean hasteko pausoa emateko zalantzan dagoena dudarik egin gabe animatzen du baserritik bizitzera.

 

 

Tolomendik babestutako tartea

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!