Eukene Larrarte txirrindulari tolosarrak pistako Munduko Txapelketan parte hartu berri du. Elite mailan, maila horretako txapelketa batean parte hartzen duen lehen aldia izan da berarentzat eta erakutsi du horrelako probetan lehiatzeko gai dela. Roubaixeko belodromoan jokatu zen txapelketa, hilaren 20tik 24ra, eta Larrartek hiru probatan parte hartu zuen eta bere posturik onena kanporaketan lortutako bederatzigarrena izan zen.
Hain justu, kanporaketa izan zen lehiatu zen bere lehenengo proba. Lehenengo aldiz sartu da proba hori Munduko Txapelketaren egitarauan, eta Larrartek lehen hamar postuen barruan sartzea lortu zuen. Tolosarrak beste behin erakutsi zuen oso ondo moldatzen dela proba tekniko horretan, taldean gertatzen diren mugimenduak ondo irakurriz eta kokapen on bat lortuz. Proban zehar bere indarra baliatu zuen faboritoekin batera egoteko bukaerako zatira arte. Azkenean, hustu ondoren, bederatzigarren postua lortu zuen Munduko Txapelketaren estreinako parte hartzean.
Bigarren proba omniuma izan zuen Larrartek eta lehiakorra izan zen une oro. Lehen bi probetan, scratchean eta tempo race probetan, 14. eta 12. izan zen hurrenez hurren. Kanporaketan beste behin lortu zuen emaitzarik onena, 9. amaituz, eta puntuazio probaren ondoren sailkapen orokorrean 12. amaitu zuen.
Bere azken parte hartzea madison proba izan zen, eta hori ez zen nahi bezala atera. Binaka izaten da proba hori, eta Ziortza Isasirekin parte hartu zuen, baina erorketa izan zuten eta proba ezin izan zuten amaitu.
Bestalde, aipatzekoa da Leire Olaberria ikaztegietarrak zuen Espainiako marka bat hobetu dela Munduko Txapelketan. Tania Calvo gasteiztarrak egin du marka berria, banakako jazarpenean. Olaberriak 3.38,574 egin zuen, eta Calvok gutxigatik hobetu du, 3.38,003ko markan utziz.