Hitzez Hitz

Inkontzienteak

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Olasagasti. Galtzaundiko kidea 2021ko aza. 1a, 07:57

Fermin Etxegoienen Totelak (Erein) liburuaren aurkezpenari buruzko albistean irakurri nuen terminoa, idazleak eta kazetariak argitaratu berri duen liburuan sarri samar aipatzen duena nonbait: Inkontziente linguistiko kolektiboa

Etxegoienek liburuaren aurkezpenean esan zuen inkontziente linguistiko kolektibo hori «oso espainola» dela Hego Euskal Herrian, eta «oso frantsesa» Ipar Euskal Herrian. «Hortik, adibidez, euskañola-ren indarra, besteak beste», Etxegoienen hitzetan. Eta hortik Lazkao Txikiren aspaldiko errebeseko hura ere: «Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan».

Plazaratu izan dugu arrangura hori lehen ere: egoera beste bat balitz, igualeko lasai biziko ginatekeela etengabe euskararen aldeko gurutzada horretan borrokatu beharrik gabe; arindu latza hartuko zuketela gure mihiak, belarriak eta burmuinak etengabe «ahobizi» edo «belarriprest» izateko «nekerik» gabe… (ez bedi gaizki interpretatu nekearena, euskaldunok badakigu-eta gustuko lekuan ez dela aldaparik); nik ere, aita garbizale gogaikarri izateari utziko niokeela seme-alabek «sudatu» eta gisako perlak bota eta, izerdi hotza gorputzean, etengabe zuzentzen ibili beharrik izango ez banu…

Zoritxarrez, ordea, euskaldun kontziente izatera kondenatuta gaude, ekintzaile beti, inora joan eta, «ez ahaztu, lehen hitza beti euskaraz», gogorarazi behar diogu etengabe geure buruari, parean duguna haztatzeko bezala, eta pareko administrariak, medikuak, ertzainak, okinak edo dena delakoak menturaz euskaraz erantzuten badigu, hosana, aleluia, gurutzadan borroka txiki bat irabazi dugula sentituko dugu. Tokitan baitago noizbait denok euskaldun inkontziente izango garen lurralde utopiko hori. Denek denekin beti euskaraz, natural, berez, inkontziente, egingo dugun wonderland hori.

Baserri giroko adineko beste asko eta asko bezala, ama zena ere euskaldun inkontzientea zen. Elebakarra zen, ez zekien gaztelaniaz, eta bere ingurune pertsonala eta geografikoa, bizibeharraren bizibeharrez mugatu samarra, euskalduna izan zen oso-osorik bere denboran. Kalean enkargutan, medikutan, parekoak ez bazekien euskaraz, gaizki pasatzen zuen, motz sentitzen zuen bere burua, baina ni berarekin nintzenetan, inoiz ez nuen sumatu pareko dendariak edo medikuak edo dena delakoak moztasun bera sentitzen zuenik. Guztiz bestela: biak elebakar izanik, bat euskalduna eta bestea erdalduna, halako keinu errukitsu bat iruditzen zitzaidan haien begiradan, esanez bezala: «Nola liteke gaur egun gaztelaniaz ikasi gabe egotea?».

Bistan denez, galdera bihurritu genezakeen beste aldera «nola liteke gaur egun euskaraz ikasi gabe egotea?», baina, ai amigo, koxka hortxe ez ote dagoen: zertarako euskaraz ikasi, euskaraz dakiten guztiek gaztelaniaz ere baldin badakite, erraz asko eta inolako ahaleginik gabe tolesten badira guztiok dakigun erdara horretara; zertarako euskaraz ikasi, dakiena ere, inkontziente linguistiko kolektibo zabal hori, erdarara lerratzen bada sarri-sarri, erdaraz ari bada naturalago, hizkuntzak, gutxiago edo gehiago, «sudatu» egiten diolako.

Ez, hizkuntza kontuetan gurea ez da Aliceren wonderland; gurea Liliput da gehiago. Lurralde zabalak bere egin dituzten bi hizkuntza/herri erraldoiren azpian bizi gara. Ez ondoan eta ez erdian. Azpian. Liliput aipatu eta, zer den inkontzientea, sumendi baten azpian bizi den herri/hizkuntza txiki baten irudia etorri zait burura: bi isurialdeetatik laba dator goitik behera, zenbaitetan azkarrago eta goriago, zenbaitetan geldoago eta oharkabeago, baina suntsikor beti, inoiz itsaso urdin eta zabal bat izan zena ere bere egiteraino.

 

"Gure 'Liliput' honetan, hizkuntza kontuetan kondenatuak gaude sumendi baten azpian bizitzera, horretaz kontziente izatera"



Gure Liliput honetan, hizkuntza kontuetan kondenatuak gaude sumendi baten azpian bizitzera, horretaz kontziente izatera. Eta kontzientzia hartzera.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!