Patxi Monge eta Gregorio Mancisidor bikain Europako Txapelketan

Ataria 2021eko urriaren 20a

Lignano Sabbiadoron (Italia) egin den Hegats Igeriketako Europako Master Txapelketan parte hartu dute, hainbat domina lortuz.

Txapelketa horretan 35 eta 80 urte artean duten igerilariak egon dira lehian. Igarondo Urpekoak taldeko igerilariek master 50 mailan hartu dute parte, emaitza ezin hobea lortuz: 50 metro apneako proban urrea Mongerentzat izan zen eta zilarra Mancisidorrentzat, izugarrizko lorpena izanik taldearentzat. Gainera Mongek zilarra lortu zuen 50 eta 100 metro ur gaineko probetan, eta Mancisidor 4. eta 5. izan zen proba horietan. Taldetik azaldu dutenez, lorpen horiek ez ziren izango posible Jon Espina entrenatzailearen laguntzarik gabe.

Beteranoentzat denboraldia bukatzen da, eta hurrengo larunbatean hasten da gazteen denboraldia, Usabal igerilekuan Kluben Arteko Ligaren lehenengo jardunaldiarekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!