750 ikasle eta 19 elkarte batuko ditu Gazteen Boluntariotza Azokak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko urr. 21a, 07:59

Inmakulada ikastolak Tolosako Udalarekin batera antolatu du azoka, eta hilaren 27an egingo dute, Izaskun auzoan;  gazteen artean boluntariotza sustatzea dute helburu.

Ekimen berritzailea aurkeztu dute Tolosan: Gazteen Boluntariotza Azoka. Tolosako Udaleko Gazteria, Komunitatea eta Gobernantza eta Gizarte Zerbitzuen sailek eta Inmakulada ikastetxeak antolatu dute. Hilaren 27an, asteazkenean, egingo dute, eta 08:30ean hasi eta 13:30ak bitartean iraungo du.

Tolosako Izaskun auzoan kokatuko dituzte postu ezberdinak, eta azokaren helburu nagusia gazteen artean boluntariotza sustatzea izango dute. Ana Monje Arozena Inmakulada ikastolako zuzendaria, Joseba Ormazabal Tolosako Udaleko Gazteria eta Komunitate Gobernantzako zinegotzia, Garikoitz Lekuona Komunitatea eta Gobernantzako teknikaria, Nerea Cereceda Gazteriako teknikaria eta Vanesa Juez Gizarte Zerbitzuetako gizarte langilea izan dira aurkezpenean. 

Gazteek boluntariotza proiektuak ezagutzeko aukera duten gune bat sortuko dute azokan, «gizarte eraldatzaile eta herritar konprometituak izan daitezen». Tolosako Udalaren izenean, Ormazabalek «eskerrak» eman dizkio Inmakulada ikastolari ekimena prestatzeagatik. «Oso ekimen interesgarria da, eta oso lerrokatuta dago udala azken urteetan egiten ari den ibilbidearekin», azaldu du Joseba Ormazabal Gazteria eta Komunitate Gobernantzako zinegotziak.

«Ez dut esango gazteak aktiboak eta konprometituak ez direnik, baina hori ereiten eta lantzen saiatu behar gara», gaineratu du Ormazabalek. Ikastetxetik lankidetza luzatuz udalari proposamena luzatu zietenean ez zuten zalantzarik izan bat egiteko.  

Tolosako gazteez gain, inguruko gerrietakoek ere bat egingo dute azokan, eta antolatzaileek ez dute zalantzarik: «Gazte asko gerturatuko dira boluntarioen azoka honetara». Parte hartze handia espero dute. «750 ikasle baino gehiagok parte hartuko dute», esan du Inmakulada Ikastolako Ana Monje zuzendariak.  «Hori ez da garrantzitsuena, baizik eta ikastetxe guztiak egongo direla, eta bertako ikasle guztiek parte hartuko dutela», gaineratu du. «Tolosako eta Tolosaldeko gazteak boluntariotza azokako helburuekin bat egiten dute», esan du Monjek.
Egunean bertan ikusiko dute parte hartzea nolakoa izango den, eta azokak emango duen emaitza, baina «nik uste harro egoteko moduko datuak ditugula momentu honetan gure artean».

Askotariko erakundeak
Gazteen Boluntariotza Azokan parte hartuko duten erakundeetan jarri nahi izan dute azpimarra. Beste datu garrantzitsuena direlakoan daude, eta askotariko parte hartzea izango dute erakundeen aldetik ere.

Jatorkin Al-Nahda, Abegi, Atzegi, Adinkide, Eskola Laguntza, Cear, Gizalde, Gurutze Gorria, DYA, AECC, Goyeneche, Itaka-Eskolapios, Gautena, Zutani, Nagusilan, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa, Aspace, Asebier eta Eusko Jaurlaritzako ekintzailetza lantzeko Urrats bat izango dira azokan parte hartuko duten erakundeak eta elkarteak. Bakoitzak gerturatzen diren gazteei beren proiektuak eta egitekoak aurkezteko aukera izango du. 

«Ikasle asko eta erakunde asko elkartuko gara, eta bai udala eta baita gu ere helburu berarekin bat eginda», nabarmendu du Monjek. Ikastetxe guztiek gizartearekin konpromiso bat izan behar dutela uste du ikastolako zuzendariak, eta «hori ikasleekin ere landu egin behar dugu», dio. 

Ikasleei gizartearekin konprometitzen erakutsi nahi diete, eta ekintzetan parte hartu behar dutela erakutsi. «Tolosa eta tolosarrak beti izan gara aktiboak, konprometituak, solidarioak eta elkar laguntzekoak. Balio horiek sustatzeko eta Tolosako elkartegintza sarea indartzen eta ehuntzen jarraitzeko asmoz antolatu da gazteen boluntariotza azoka», azpimarratu du Ormazabalek.

«Beraien ikasketa prozesuan eta garapen pertsonalean ekintza guzti hauek asko elikatzen dute pertsona bera», adierazi du Monjek, eta «honelako ekimenak elkarrekin gero eta gehiago bultzatu behar ditugu». «Gizartearekin erronka handiak ditugu, eta lan handia dugu egiteko. Ikasleak konprometitu egin behar ditugu, baina horretarako ikasi egin behar dute, eta ea baliagarriak diren ekimen guzti hauek», adierazi du itxaropentsu Monjek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!