Beste herrialdeetako pintxoak, pobreziari aurre egiteko

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 20a, 18:00

Zutani elkarteak VI. Pintxo Tour Interkulturala eta Solidarioa antolatu du larunbaterako; Alondegian hamaika herrialdetako jakiak dastatu ahalko dira.

Tolosako Alondegi plaza hainbat herrialdetako pintxoak dastatzeko gune bilakatuko da larunbat honetan. Zutani elkarteak antolatuta, VI. Pintxo Tour Interkulturala eta Solidarioa egingo dute, 11:00etatik 14:00etara. "Pintxoa aitzakia gisa hartuta, beste herrialdeetako janaria gurera ekarri nahi dugu, bide batez baita kultura ere, eta gure artean kokatu, gure alboan bizi diren jatorri desberdinetako familiak ikusarazteko, harremanak egiteko eta bizikidetzaren aldeko pausuak emateko", esan du Zutani elkarteko Mireia Rocak. 

Hiru euroren truke, Alondegiko postuetan hamaika herrialdetako bi pintxo eta edariaz gozatzeko aukera izango da, eta nahi duenak, pintxoen osagaiak eta errezetak bertan eskuratu ahal izango ditu. 

Besteak beste, Brasil, Palestina, Kolonbia, Honduras, Maroko, Senegal, Dominikar Errepublika, Txina, El Salvador, Ukraina eta Euskal Herrikoek hartuko dute parte. Herrialde horietako batzuk, lehen aldiz hartuko dute parte. Aurtengo edizioan, Nikaraguako kantautore bat bertan izango da, musika joaz giroa alaitzen. 

Iaz ezin izan zuten aurrez aurreko jaialdirik egin. Bere ordez, Pintxo Tour etxean izeneko bideo bat egin zuten, 17 minutukoa, eta esan dutenez, laster ikusteko aukera izango da. 

Pobreziarekin amaitzeko

Zutani elkarteak ezinbestekoa ikusten du "hainbat familia eta pertsonak pairatzen duten pobrezia eta bazterketa egoerari aurre egiteko beharra". Hori dela eta, elikagaien banaketaz gain, gizarteratze prozesua sustatzeko ekimenak bultzatzen dituzte, Pintxo Tourra kasu. 

Alboan bizi ditugun herritarrak ezagutzea da Pintxo Tourraren helburu nagusietako bat, Zutaniko kideak azaldu duenez: "Ziur gaude aldamenean ditugunen kultura eta ohiturak ezagutzeak elkarbizitza hobetu eta aberastu egiten duela, gizarteratze prozesuan aurrerapausoak emateaz gain".

Bestalde, jaialdiak helburu ekonomikoa ere baduela gogorarazi du: "Herritarren ekarpenek berebiziko garrantzia dute. Geroz eta familia gehiago beharrean aurkitzen ditugu, eta erakundeek ematen diguten diru laguntzarekin ez da nahikoa izaten". Larunbatean bildutako dirua, inguruan bizi diren 200 haurrentzat elikagai osasuntsuak erosteko erabiliko dute. 

Zortzi urtez lanean

2013ko martxoan, Tolosako hainbat herritar eta elkarte batu ziren Zutani-Tolosa elkarte berria sortzeko, eta Gipuzkoako elikagaien bankuarekin elkarlanean, Tolosan elikagaien banaketa antolatzea izan da Zutaniren jarduera nagusia. 

Gaur egun, 170 familia laguntzen dituzte, 600 pertsona eta 175 haur, zehazki. "Ekintza gehiago antolatzeko gogoa eta asmoa dugu, betiere gure esku dagoen bitartean. Izan ere, herrian pertsona eta familia ugari dago pobrezia eta bazterketa egoeran, eta horren aurka egin nahiko genuke".  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!