«Toki berean izanda ere, bizipenak desberdinak dira»

Iñigo Terradillos 2021ko urr. 23a, 07:57
Belaunzaran, Ugartemendia eta Olasagasti, ‘Postalak’ saioko kolaboratzaileak. I. T.

Urteak dira bidaiek eta horien inguruan sortzen diren gogoetek beren tartea dutela Ataria Irratia-n. Pasahitza magazinean Bidaiarien tartea izeneko atalarekin hasi zen bidaien inguruko kontakizuna, eta gerora, saio izatera pasa zen Postalak izenarekin. Bada, datorren astelehenean ekingo dio saioak denboraldi berriari, itxura berrituarekin eta ahots gehiagorekin. Agurtzane Belaunzaran, Unai Ugartemendia eta Ramon Olasagasti Postalak irratsaioko kolaboratzaileak izango dira. 

Bidaiari eta abenturazale ugari biltzen dituen eskualdea izaki, horietako batzuk elkartu eta beraien bidaietan ikusitakoa, bizitakoa edota sentitutakoa kontatu du uhinen bitartez saioak. Gure mugen barruan eginiko gertuko bidaiak eta munduko beste puntara eginikoak, bidaia luzeak nahiz motzak... denetarikoak izan dira irratian entzungai. Baita, lurralde edo txoko jakin batean murgildu gabe, gai bat ardatz izan dutenak. Edota dastamenaren edo usaimenaren bitartez bidaiatzeko gonbita egin dutenak. Eta, baita, literaturak edota zinemak leku batetik bestera eramandako saioak ere.

Astelehenetik aurrera ere postalak jasotzen jarraituko du irratsaioak, baina, beste era batera. Orain arte, bidaiarien bakarkako kontakizunek osatzen bazuten saioa, aurrerantzean solasaldia izango da. Mahaiaren bueltan izango direnak, berriz, Agurtzane Belaunzaran, Iker Iriarte eta Iosu Iztueta orain arteko bidaiariez gain, Fabiola Jubin, Ramon Olasagasti, Unai Ugartemendia eta Ura Iturralde. Kazetariak, argazkilariak, bidaiariak... profil anitzez osatutako tertulia izango da hamabostean behin eta argazki edo irudi batetik abiatuta, leku, gogoeta edota proposamen desberdinak zabalduko dituzte uhinetan.

Hasieratik bidaien kontakizunak egiten aritu den Agurtzane Belaunzaranek eta Postalak irratsaiora denboraldi honetan elkartu diren Ramon Olasagastik eta Unai Ugartemendiak egin dute saioaren atarikoa.



Zuen kasuan, Ramon eta Unai, bidaiak mendiarekin lotuak izan dira gehiago.

Ramon Olasagasti. Bidaietako batzuk bai. Azken urteetakoak familia girokoak izan dira, eta gehiago surfari lotutakoak. Seme-alabek gure bideari baino beste bati heldu diote, zaharrenaren kasuan surfaren bideari. Beraz, gure azken bidaietan gehiago bilatu dugu surfa mendia baino.

Unai Ugartemendia. Nirea gehiago mendiaren inguruan. Inoiz ez naiz ur zalea izan. Hondartza bai, udan askotan, baina, bidaiak batik bat, mendi inguruan.

Ahots eta profil berri hauek zer emango diote saioari?

Agurtzane Belaunzaran. Ikuspuntu desberdina emango diotela uste dut. Beraien ibilbide profesionalean mendia izan da ardatz, mendizaleak dira. Nik ez daukadan ikuspuntua emango diote, eta nik ere ikasiko dut beraiekin.

Olasagasti. Azkenean bakoitzak bere begiratua dauka. Norberak bizitakotik eta irakurritakotik ekarpenak egiten saiatuko gara, eta ziurrenik elkarren osagarri izango gara.

Orain arte, bidaiatzea afizio ez ezik ofizio ere izan dutenak izan ditugu.

Belaunzaran. Iker eta Iosuk jarraitzen dute horretan, eta nik parentesi bat egin dut. Dena den, niri bidaiak, beste herrialdeek, beste kulturek oraindik ere sugartxoa pizten didate. Ofizioa nuen afizio hori bizirik mantentzen saiatzen naiz, nahiz eta une honetan ez bidaiatu fisikoki. Azken bi urteetan ez dugu asko bidaiatu, baina Postalak egiten jarraitu dugu, urrutira joan gabe ere bidaiatzeko modu asko baitaude. Saio batean, esaterako, oroitzapenen, usaimenarekin edo dastamenarekin bidaiatu genuen.

Momentuz, beraz, etenda duzu bidaiatzeko kontua?

Belaunzaran. Orain beste bidaia batean nago, amatasunarenean. Hori ere beste bidaia bat da. Profesionalki bidaiena, beraz, geldirik dut. Mutikoa koskortzen denean saiatuko naiz berriro ere bidaiatzen.

Nolatan animatu zarete saioan parte hartzera?

Ugartemendia. Iosu Iztuetaren aldetik etorri zait gonbidapena. Iosuri oso gutxitan esan diot ezetz, eta oraingo honetan ere baiezkoa eman nion. Probatzea beti dago ondo. Berak egin duenaren erdia egiten badugu, ez da txarra izango.

Olasagasti. Niri ere Iosuren aldetik iritsi zait. Nik ere ederki ezagutzen dut, eta behin baino gehiagotan bidaiatu dut berarekin. Iosu beti agertzen da prest edozertan laguntzeko, beraz berak horrelako sarea botatzen dizunean ezetz esatea ezinezkoa da. Eta, kasu honetan bezala, gustura egiten duzu.

Lagun berriak ez ezik, itxura berria izango du aurrerantzean saioak. Banaka aritzen ziren bidaiariak euren bidaia kontatzen, eta hemendik aurrera hirunaka elkartuta solasaldi itxura hartuko du.

Belaunzaran. Mahai inguruan jende gehiago egotearekin, ikuspuntu desberdinak eta ziurrenik ideia eta irakaspen desberdinak izango ditugu. Azken batean, hori da helburua, guztiok guztiongatik ikastea.

Argazki edo irudi batetik abiatuko dugu solasaldia.

Ugartemendia. Nik beti izan dut kuriositate handia argazkilariekin. Lanean argazkilariekin nahiz kameralariekin konturatu nintzen beste begi batzuk dituztela. Guk edo nik behintzat ikusten ez ditudan gauza asko ikusten dituzte argazkian. Pentsatzen dut horrek ikasketa prozesu luzea eta esperientzia izango duela atzean. Guk, agian, argazkilariekin alderatuta, beste ikuspuntu bat izango dugu, beraz, ea zer eskaini dezakegun.

Olasagasti. Argazkilariek begi zorrotzagoa dute, eta besteek ikusten ez ditugunak ikus ditzakete momentuan. Baina, aldi berean, irudi bakoitzak mila irakurketa izan ditzake. Batek sumendi bat ikusi dezake, eta besteak sumendi horren azpian bizi diren herritarren drama. Alde horretatik, nik uste dut elkar osatuko dugula.

Belaunzaran. Postalek bidaiarekin lotura dute, eta ziurrenik argazki bat ikustean norabait bidaiatuko dugu. Kontua da, agian, Ramon, Unai edo ni toki berean izanda ere bizipenak desberdinak izango direla, bai emakumezko edo gizonezko izanda, eta gero norberak duen begiradatik. Solasaldi hauetan ideia asko jarriko ditugu mahai gainean.

Argazkiak egiteko ohiturarik ba al duzue. Zer helbururekin egiten dituzue?

Olasagasti. Ez naiz argazkilari trebea, baina lekukotza jasotzeko irudiak egiten ditugu. Ez dira irudi ikusgarriak izaten. Irudiak edo argazkiak niretzat ipuin modukoak izaten dira. Gogoan dut Josune Bereziartu eskalatzaileari buruz liburu bat osatu genuela, Rikar Otegi eta Josunek berak eginiko argazkiekin eta nire testuekin. Argazki batean Bereziartu agertzen zen eskalatzen eta azpian hainbat pertsona zeuden, eta tartean 10-12 urteko neska bat. Begia non jartzen duzun dago gakoa. Batzuk Josuneren mugimenduetan jarriko dute, eta nire kasuan, neskarengana joan zitzaidan. Horren inguruan, sortzen zaizkizun ideietatik ipuin bat sortu dezakezu.

Ugartemendia. Duela lau hilabete, Asturiasko herri txiki batean Iker Karreraren liburua aurkezten ari ginela, ama bat eta bere alaba zeuden. Ama argazki batekin gerturatu zitzaigun. Duela hamar urte lasterketa batean Ikerrekin atera zuen argazkia zen, eta bere egongelan eduki zuela kontatu zigun, Ikerrek noiz sinatuko zain. 2011ko martxoko lasterketa hark lasterketen mundura lotu zuen, eta gaur egun, 16 urte dituelarik, Asturiasko mendi lasterkarien artean nabarmentzen da. Neska haren begiak ditut gogoan, Iker ikusi zuenean ilusio handia sentitu zuen. Argazki bera errepikatu nahi zuen hamar urte geroago. Oso une polita izan zen.

Olasagasti. Istorioak errepikatu egiten dira. Bereziarturen kasuan ere, oso gazte zelarik Miriam Garcia Pascualen irudiak eta beraren inguruko saioak ikustearen ondorioz zaletu zen. Erreferente moduan hartu zuen Miriam, eta gerora Josune beste hainbaten erreferente izan da.

Belaunzaran. Nire kasuan, aurrekoan disko gogorrean gordeta ditudanak ikusten hasi nintzen eta nazkatu egin nintzen. Digitalizazioaren ondorioz, momentu bereko irudi ugari ditugu, irudi asko pilatzen ditugu. Garai batean albumak izaten genituen, eta gaur egun argazki pila bat dauzkagu, baina, aldi berean ez ditugu, disko gogorretan gordeta baitaude. Argazkiak ukitzeak, albumak ikusteak eta une hori familian konpartitzeak bere erromantikotasuna zuen.

Ugartemendia. Garai batean guztia paperera pasatzen zen, eta gehiago kostatzen zen argazkiak egitea. Gaur egun, ordea, mugikorrarekin edo kamerarekin berrogei argazki egiten dituzu eta gero bat aukeratzen duzu.

Olasagasti. Ibarran, haurrak Haur Hezkuntzan hasten zirenean, gurasoengandik pixka bat banatu behar zutenez, une hori leuntzeko gurasoei album bat egitea eskatzen ziguten. Guk hiru seme-alabekin 40 orrialdeko album bat osatu genuen argazki eta testuekin. Album hori gaur egun ere oraindik hartzen dute. Ordenagailuko irudietara ez dute hainbeste jotzen, baina, album horretara bai. Beraien biografia motza ikusten dute hor islatuta, eta beraientzako nahiz guretzako balio berezia hartzen du.

POSTALAK

Zer. Bidaien inguruko saioa.

Non. Ataria Irratia-n.

Noiz. Astelehenetan, hamabostean behin, 15:00etan.

Lehen saioa urriaren 25ean.

Noiznahi entzungai daude saioak hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!