Txotxongilolaritza eta emakumeak lotzen dituen bisita gidatua

Ataria 2021ko urr. 20a, 11:59

Tolosako Topic zentroan bisita gidatuak egingo dituzte larunbatean, txotxongiloen munduan emakumeek izan duten eta gaur egun daukaten lekua azaleratzeko.

Atzo izan zen Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Eta horri lotuta, larunbaterako, txotxongilolaritza eta emakumeak lotzen dituen bisita gidatua prestatu dute Topic zentroan. Bi saio izango dira, bakoitza hiru ordu laurdenekoa: 11:30ean euskaraz eta 12:30ean gaztelaniaz. Ostiral arratsaldea baino lehen eman beharko da izena museo@cittolosa.com helbidean edo 943 650 414 zenbakira deituta.

Emakumea eta txotxongiloa, gutxi hitz egin den eta gehiago hitz egitea merezi duen gaia dela esan du Iñigo Aginagalde Topic-eko museo saileko eta dokumentazio arloko arduradunak. Berak gidatuko ditu bisitak. Emakumeak txotxongiloen munduan zer paper izan duen eta gaur egun zein leku duen azalduko du bereziki. "Bisita hauekin, omenaldi moduko bat egin nahi diegu emakume txotxongilolari guztiei, eman ez zaien garrantzia azpimarratu nahiko genuke", zehaztu du Aginagaldek.

Emakumeen inguruan

Gainerako bisitetan bezala, oraingoan ere museoko ezaugarriak azaltzen joango dira, baina kasu honetan emakumeetan jarriko dute azpimarra. "Txotxongiloen munduan aurpegia ematen duten gehienak gizonezkoak dira, baina emakumeak asko daude eta ikusgarritasuna eman nahi diegu". Kultura horretan izan duten eraginaz arituko da Aginagalde, "eragin zuzena izan duelako emakumeak arlo horretan, baina beti itzalean geratu izan direlako".

Atzera begira jarrita, eta txotxongiloei beraiei begiratuz, Aginagaldek dio beti jarraitzen zela linea berdina garai batean: "Beti daude printzesa eta printze bat, gaiztoa den bat, zintzoa dena, dragoia ere bai...". Esan du Asiako kulturan emakume txotxongiloen presentzia handia dela, baina, esaterako, Indonesiako txotxongiloek ezaugarri bereziturik ez dutela. "Gure museora etortzen denak bertatik bertara ikusteko aukera izango du jasota dugun guztia".

Larunbateko bi saioak familian egiteko modukoak direla gogorarazi du museoko arduradunak, haur zein helduentzat. Hamabi urte arteko haurrek bost euro ordaindu beharko dute eta hortik gorakoek sei euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!