Gernikako Arbolako eremua "irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa" egin dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 15a, 19:59

Oinezkoei lehentasuna ematea izan da eraberritze lanen helburu nagusia; obrak, guztira, 501.440,64 euroko kostua izan du.

Zabalik da eraberritu duten Gernikako Arbolako eremua. Obra nagusiak amaitu dituzte eta datozen egunetan emango zaie lanei behin betiko bukaera, azken lorezaintza eta txukunketa lanak egin ostean. Gaur eguerdian, eremua bisitatzen izan dira Olatz Peon Tolosako alkatea, Egoitz Sorozabal hirigintzako zinegotzia eta obra aurrera eramateaz arduratu den Sasoi Eraikuntzak enpresako ordezkari bat.

Alkateak esan du mugikortasun plana oinarri hartuta egin dituztela obrak. "Oinezkoak kalea irabazten joatea eta kotxeei kentzea da gure asmoa, eta irisgarritasuna ondo bermatzea ere garrantzitsua da, izan ere, anbulatorioa bertan dago eta egunero herritar asko ibiltzen da joan-etorrian". Lanen helburu nagusia "oinezkoei lehentasuna ematea" izan da: "Orain eremua atseginagoa da herritarrentzat, paseatzeko leku gehiago dagoelako, erakargarriagoa ere bada eta biziberritu egin da bertan kokatuta dauden saltoki eta negozioen mesedetan, eta Fronton kafetegia eta jatetxea irekitzen denean, ziur gaude, bizitasun gehiago hartuko duela eremuak", gehitu du Peonek.

Azpiegiturei dagokienez, saneamendu sarea, ur hornidura sarea eta sare elektrikoa berritu dituzte eta telekomunikazio sareko aire-linea lurperatu dute. Lurrazaleko lanei lotuta, berriz, espaloiak zabaldu dituzte herritarren mugikortasuna hobetzeko, eta arrapalak berritu eta espaloi eta errepidea maila berean jarri dituzte. Sorozabalek azaldu duenez, aglomeratu inprimatua erabili dute eremu osoan, "kotxeen abiadura murrizteaz gain, Gernikako Arbolako eremu osoari jarraitutasuna eta koherentzia emateko". Zirkulazioaren noranzko bakarra mantendu da eremu horretan, eta 16 aparkaleku jarri dituzte.

Hiri altzarien, seinaleen eta kale argiztapenen instalazioak ere berritu dituzte, Led argiak jarriz "jasangarritasun energetikoaren aldeko apustuan urratsak egiten jarraitzeko".

Sasoi Eraikuntzak enpresa arduratu da obra aurrera eramateaz eta Girder Ingenieros enpresak eraman du obra zuzendaritza. Egindako lanek, guztira, 501.440,64 euroko kostua izan dute.

Murala, Buru Bihotzezen eskutik

Eremua eraberritzeko lan nagusiak amaitu badira ere, datozen egunetan amaituko dituzte lorezaintza eta azken txukunketa lanak, eta zuhaitzak ere landatuko dituzte. Halaber, loreontziak jarriko dituzte, autoek behar ez duten tokian aparkatu ez dezaten.

Azaroan, epaitegi pareko horma margotuko dute "eremuari itxura berria emateko". Buru Bihotzez elkartea arduratuko da murala pintatzeaz herriko artisten laguntzarekin.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!