Estalpe berria jarriko dute Amarotzen

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 18a, 11:11
Estalpe berriak izango duen itxura.

Erabilera ezberdinetarako gunea egokituko dute, eta Auzo Etxe ondoko belardian jolas gune berria jarriko dute. Datorren urtean egingo dira lanak.

Amarotz auzoan estalpe berria eta naturan integratutako jolas gunea eraikitzeko proiektua prest du Tolosako Udalak. Hexagonoa izenez ezagutzen den eremuan jarriko dute estalkia, eta haren ondoan dagoen belazean kokatuko dituzte jolas berriak.

Udaletik esan dutenez, azken urteetan Amarotz auzoan egin diren lanei jarraipena emanez, eta Amarozko Auzo Etxe ingurua berrantolatzeko parte hartze prozesutik ateratako ondorioei eta eskakizunei erantzuna emanez gauzatu dute proiektua. Hexagonoko estalpea eraberritzea eta handitzea aurreikusten du proiektuak, eta alboko belardian naturan integratutako jolasak jarriko dituzte. "Auzotarrekin partekatu da proiektua, eta haiekin adostu dira estalkiaren diseinua eta jarriko diren jolas berriak", esan dute. 

Hexagonoan, erabilera anitzeko jolas gune estalia egokituko dute. "Jolas gune estali baten premia identifikatzen zen auzoan, baina baita erabilera anitzeko gune estali batena ere". Hala, hexagonoan jarriko den estalkiarekin bi beharrei erantzungo zaie. Estalkia itxita egongo da iparraldetik eta mendebaldetik beirateen bidez, eta argi naturala sartzea ahalbidetuko duten elementuekin egingo da. Iparraldeko itxitura mugikorra izango da, gune estalia Auzo Etxe ingururantz irekia izateko, premia dagoenean euritik babesteko aukerarekin. 

Euri egunetarako jolas gunea izango da batez ere eremu berria, horregatik, haurrek bertan jolastu ahal izateko zoru egokia jarriko dute. Hexagonoa osatzen duten hiru espazioak erabilera ezberdinetarako egokituko dira, erabilera bakoitzera egokitutako hiri altzariekin: jolas gunea, espazio librea eta mahai gunea. Elementu horiek guztiak kendu eta ipini ahal izateko modukoak izango dira, espazio estaliaren erabilera anitza erraztuz. Horrela, egungo gune estalia Auzo Etxe alderantz handitu egingo da.
Auzo Etxeko sarreratik hexagonora bitartean dagoen horma kendu egingo dute eta estalpe berriaren azpian babestuta geldituko diren harmailak jarriko dituzte. Espazio hau Auzo Etxetik gertu dagoen anfiteatro txiki baten antzerakoa izango da eta auzoan antolatzen diren jarduerak bertan egitea izango da helburua. 

Naturan integratutako jolas gunea
Era berean, adin ezberdineko gaztetxoentzat naturan integratutako jolas gune berri bat egokituko dute Auzo Etxe ondoko belardian. Jolas gunea osatuko duten jolas, eserleku, zein bestelakoak egurrez eraikitako elementuak izango dira, inguru naturala ahalik eta gehien errespetatuz, zuhaitzak mantenduz eta gune berde ahalik eta zabalena bermatuz.

Hala, eserlekuak, egurrezko etxola, tirolina, lurrezko muino-tunel-ezkutalekuak eta txirrista jarriko dituzte. Jolas hauen azpia malgutzeko kautxuzko zorua jarri ordez harea edota ezpala bezalako elementu naturalak erabiliko dituzte.

Proiektua eginda, lanak datorren urtean gauzatuko dituzte, obren lizitazioa egin ondoren. Lanen aurrekontua 428.911 eurokoa izango da, BEZ barne. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!