Musikak Tolosako kaleak hartuko ditu bihar

Tolosaldeko Ataria 2021ko urr. 15a, 11:59

Bihar ospatuko dute Musikherria egitasmoa Tolosan, bi urtez ospatu gabe izan ondoren; herriko musikari eta artisten festa eguna izango da, eta Tolosako auzoetaraino iritsiko da musika.

Hemezortzi hilabetez musika jotzera kalera atera gabe egon ondoren, bueltan da Musikherria egitasmoa Tolosan eta herriko musikariek kaleak hartuko dituzte, bihar, egun guztian zehar. Kaleak hartu, ordea, musikaz janzteko, musika jotzera aterako baitira. Egun osoko egitaraua antolatu dute.

Herriko musika taldeei eta artistei balioa eman eta herriko musika suspertzeko eguna izango da biharkoa. Igor Ezenarro antolatzaileak azaldu du kaleko musikarien eguna dela Musikherria: "Sorreran argi genuen musikarientzako antolatu nahi genuela festa egun bat, ez genuen gehiegi pentsatu jendearengan". Hala, egun horretan txaranga, dultzainero, txistulari, akordeoi jole, musika eskolako ikasle eta beste hainbat artista ibiltzen dira kalez kale eta auzoz auzo.

Zazpigarren aldia izango du biharkoa Musikherriak. Musikari kuadrilla baten ideiatik tiraka antolatu zuten lehena, eta ondotik etorri dira hurrengoak. Ezenarrok gogoan du bera Tolosako zinegotzi zela, musikarien inguruan zerbait antolatzea pentsatu zuela: "Musikaren bueltan zebilen jendeari deitu nion eta guztien artean sortu genuen Musikherria; zazpi ediziotan zabaltzen eta handitzen joan da taldea".

Herriko festetan edota jai egun jakinetan ibili ohi dira berez txarangak, dultzaineroak, txistulariak eta antzeko taldeak. Mikel Iraola antolatzaileak esan duenez, ordea, azken batean, lanean ibiltzen dira egun horietan. "Eta musikariak festan ibil zitezen nahi genuen guk, haiei begirako festa egun bat sortuz, elkarrekin gozatzeko". Ezenarro eta Iraola, antolatzaile izateaz gain, musikariak ere badira, eta parte hartzen dute Musikherrian. 

Musika eskolak ere kalera atera nahi izan zituzten hasiera hartan, haurrek eta gazteak kalean musika jotzea nahi baitzuten. "Tolosak ez dauzka beste herri batek baino musikari gehiago, baina bereziki kaleko musikariak asko ditu eta horren inguruan egiten dugu festa", esan du Ezenarrok. Iraolak dio "kalean musika egiten dutenak, kale ertzean dauden bi katu" moduan ikusten dituela jendeak askotan, baina "atzean" dagoen lanari, partiturak prestatzeari edota entseguak egiteari "balioa eman" nahi izan diotela festa egunarekin. 

Musika talde horiek aukera ematen dute musika joaz mugimenduan aritu eta herrian barrena ibiltzeko. Eta halaxe egingo dute bihar ere, herriko auzoetara iritsiko baitira musika zabaltzera. "Ez gara plaza edo leku finko batera mugatzen, gainerako festa egunetan, normalean herrigunean mugitu ohi gara, eta egun berezi honetan herriko auzo ezberdinetara iritsi nahi izaten dugu", dio Iraolak. 

Orain arte Musikherria ekimenetan, bazkaria egin izan dute Laskorain ikastolak antolatuta. Gainera, urtero, elkarte solidarioren batentzako dirua atera izan dute. Aurten, ordea, ezin izan dute bazkaririk antolatu, baina datorren urtera begira esperantza badutela aitortu dute. Iraolak gogoratu duenez, "sekulako giroa" sortu izan da beste urteetan bazkarian: "Ia musikari guztiak bildu izan gara, 500 pertsona inguru, eta bazkalostean bakoitzak bere instrumentua joaz eta kantatuz giro ederra sortu izan dugu".

Errotzen eta hazten

Izaera bat eman nahian, iruditegi berri bat sortu dute, Iraolaren arabera, "Musikherria bere izaera sortzen ari delako, egonkortzen eta errotzen ari delako". Errotzeaz gain, hazten ere badoala kontatu du, "geroz eta jende gehiagok" parte hartzen duen eguna delako, hain zuzen. Aurten, esaterako, ohiko dultzainero, txistulari, akordeoi jole, musika eskolako talde eta txarangez gain, Hauspotuz Tolosaldeko Trikitixa Elkarteak eta Isidro Larrañaga musika eskolako hainbat taldek parte hartuko dute, estreinakoz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!