ELKARRIZKETA

«Datu errealak daudenean hobeto lan egiten da»

Irati Saizar Artola 2021ko urr. 15a, 08:58

Xabier Iradi, Tolosako Bidegain enpresako zuzendari industriala. I. SAIZAR

Makinen egoera eta gaitasuna une oro neurtzen dituen Eris softwarea dute instalatuta Tolosako Bidegain enpresan; datuen gainean egiten dute lan, jardunaren errealitatea zein den ezagutzeko. Xabier Iradi, Bidegain enpresako zuzendari industriala da.

Tolosako Bidegain enpresan balbulentzako piezak fabrikatzen dituzte. Xabier Iradi da zuzendari industriala eta duela bi urte ingurutik dabiltza lanean Eris softwarearekin. Datuak ematen dizkie software horrek, eta besteak beste, lan errendimendua hobetzeko baliagarria zaiela esan du.

Nola jakin zenuten Eris softwarearen berri?

Lehendik ere horrelako zerbait aurkitu nahian genbiltzan. Azken batean, horrelako erreminta baten gauzarik garrantzitsuena da datu asko ematen dizkizula eta guk datu horiek behar ditugu hobetu ahal izateko. Daturik ez badaukagu, ezin dugu hobetu. Makinen efizientzia emango zigun programa bat bilatzen ari ginen, baina ez genuen lortzen programa egoki bat. Azkenean, Ziturekin jarri ginen harremanetan, eta zertan ari ziren erakutsi zigutenean ikusi genuen ondo zihoala guk nahi genuenarekin. Plataforma ikusi genuen, sinplea eta erraza zen, guk nahi genituen datuak emateko gai zen eta bere aldeko apustua egin genuen.

 

«Momentu oro ikus dezakegu, edonondik, makina lanean ari den edo geldirik dagoen»



Ze onura ekarri dizkizue zuen enpresan?

Gure kasuan lau puntu nabarmenduko nituzke: errendimendua, fitxatzearena, mantenua eta planifikazioa. Errendimenduari dagokionez, makinaren adierazle bat ematen digu, datuak biltzen dizkigu, eta edozein lekutatik sartu gaitezke hura ikustera, bai lanetik eta baita etxetik ere, mugikorraren, tabletaren edota ordenagailuaren bidez. Momentu oro ikus dezakegu makina lanean ari den edo geldirik dagoen. Hor, orain ari gara garatzen, baina makina geldirik badago langileak berak justifikatuko du zergatik dagoen makina geldirik tablet baten bidez. Guretzat garrantzitsua da atal hau, momentu oro badakigulako makinaren egoera zein den. Ikusten badugu astean ordu asko dagoela makina geldirik, esaterako, garabiaren zain dagoelako, ondoriozta genezake garabi bat behar dugula, hilabetean kopuru jakin bateko kostua daukagulako.

Eta fitxatzearena nola ari zarete lantzen?

Langile batek lan bat bukatzen duenean ordenagailuan jartzen du zenbat denbora behar izan duen pieza hori fabrikatzeko. Langileak sartu behar duen horretan akatsak egon daitezke. Beraz, prezioan ere aldaketak izan ditzake piezak. Softwareari esker, momentuan bertan hartzen du noiz hasten den, eta noiz amaitu duen. Datuak errealagoak dira.

Mantenuan ere laguntzen dizue, eta baita planifikazioan ere.

Tolosaldea Lanbide Heziketarekin mantenuko arlo bat lantzen ari gara: gure hiru makina hartuta, horien mantenua zein den analizatzen ari dira. Bideo edo argazki bidez pauso bakoitza zein izan behar duen lantzen ari dira. Kasu honetan, Eris softwareak esango digu zein momentutan egin beharko zaion mantenua, eta makina lanean ari den ordu konkretu batean alarma argia piztuko zaio pantailan eta mantenua egin behar duela jarriko dio. Orain prestatu nahi duguna da, mantenu horretan sartu eta Lanbide Heziketakoek prestatutako informazioa agertzea pantailan, mantenua nola egin azaltzen duena.

Eta planifikatzeari dagokionez, aukera ematen dizu makina bakoitzean daukazun karga planifikatzeko epe luzera eta epe motzera. Hauxe da momentu honetan gutxien garatuta daukagun alorra, gure kasuan ez dauzkagulako jasota egiten ditugun pieza guztien denborak.

Garatzen jarraituko duzue beraz.

Enpresa batek beti joan behar du hobetzen, eta hobetzeko datuak beharrezkoak dira. Daturik gabe ez dakigu errealitatea zein den, intuitu dezakegu, baina datu errealak daudenean hobeto lan egiten da. Horrelako erremintek, gaur egun sartzen ari den industria 4.0ak aukera asko ematen dizkizu.

Produkzioaz gain kalitatea ere hobetzea bada helburua?

Bai, hori da. Neurtu dezakegu egiten ari garena zein kalitatetan egiten ari garen. Erraz lortzen ditugu datuak eta hori guretzat ezinbestekoa da. Datuak lortzeko denbora asko pasa behar baduzu ez du merezi.

Baliagarria da softwarea zuen lanerako?

Bai, nahiz eta oraindik ez diogun zukua nahi bezala atera. Nik astero ateratzen ditut makinen datuak. Oraindik ez dugu martxan jarri, baina asmoa da sekzio desberdinetako arduradunek begiratzea bere sekzioko makinek zein lan egin duten, zenbat denboran aritu diren lanean eta zenbat geldirik. Beraz, ni esaten ibili beharrean, beraiek ikusiko dute. Horrela efizientzia hobetzen joango gara.

Erlazionatuak

Eris, software berritzailea

Jon Miranda Labaien 2021 urr 15 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!