ERREPORTAJEA

Eris, software berritzailea

Jon Miranda Labaien 2021ko urr. 15a, 08:57

Iban Mateos eskuinean Eris softwarea ordenagailu eramangarrian kontsultatzen. ATARIA

Zitu enpresak zenbakizko kontrola duten makinetan datuak modu eraginkorrean atzemateko softwarea sortu du; makina-erreminten ekoizpena hobetzeko plataforma da eta dagoeneko 30 enpresa baino gehiagotan instalatu dute. Orain arte arrera «ona» izan du.

Zenbakizko kontrola duten makina-erremintentzako datuak automatikoki atzemateko sistema da Eris, makinaren benetako datuak jasotzeko aukera ematen du sarearen bitartez, PLCrik gabe. Egungo merkatuan dauden produktu gehienek zenbakizko kontrola intepretatzeko gisa horretako sistemak erabiltzen dituzte eta horregatik da berritzailea Eris softwarea, zenbakizko kontroletik zuzenean hartzen duelako informazioa.

Zitu enpresako zuzendari komertziala den Iban Mateos ibartarrak azaldu du zer-nolako informazioa jaso daitekeen plataforma honen bidez: «Prozesuen hasiera eta amaiera, makinak izan ditzakeen geldialdiak, alarmak, mantentze lanak, prestatze bidean diren sistemak, potentziometroei buruzko informazioa, tenperatura... Makinek datuak jasotzeko sistema propioa izaten dute, baina gure plataforma independentea da, kontrol desberdinetara konektatzean da eta gai da instalazio bateko mekanizazio-zentro guztien ekoizpena kontrolatzeko».

Eris sistemak datu errealak jasotzen ditu denbora errealean eta horrek enpresetako arduradunei ahalbidetzen die erabaki eraginkorragoak hartzea, plangintzari, kostuei edota lan kargari buruzkoak. «Badaude beste sistema batzuk datuak jasotzeko balio dutenak eta langileen mende daudenak. Sistema horiek ez dira guztiz zehatzak eta datuak biltzerakoan desbideratzeak egoten dira, %10 eta %15 artekoak, pertsonaren araberakoak direlako eta pertsona ez delako guztiz zehatza izaten. Makina batean %10eko desbideratzearekin, urtebetez bi txandatan, urtean makinako 200-300 orduko desbideratzeaz ari gara. Hamar makinek lan egiten duten lantegi batean 2.000 edo 3.000 orduz ari gara. Ordu asko dira makina baten funtzionamenduari buruzko datu zehatzik ez edukitzeko», esan du Mateosek.

Makinen OEEa (Overal Equipment Effectiveness) edo efizientzia neurtzen du Eris-ek. OEEa hiru parametroetan oinarritzen da: makinen erabilgarritasuna, errendimendua eta kalitatea. Balio hau ezagutzeak, eta batez ere balio hau gutxitzen duten arrazoiak Eris-arekin identifikatu ahal izateak, OEEa hobetzeko hartu beharreko erabakiak eta egin beharreko ekintzak efektiboagoak izatea dakarte, OEEa handitzea ahalbidetuz. Zituko zuzendari komertzialaren iritzian, ordea, helburua ez da soilik softwarea merkaturatzea: «Enpresei bide laguntza eskaini nahi diegu, eraginkortasun eza aztertu ahal izan dezaten eta arazoak konpontzeko ekintzak abian jar ditzaten».

Produktu espezifikoa da Eris, mekanizazio enpresentzat edo mekanizazio plantak egiten dituzten fabrikatzaileentzat. Zitun, orain arte, mantentze prediktiboarekin eta kontrol jarraibideekin lotutako produktuak garatu dituzte eta orain biltegi adimentsuetara konektatzeko bidea egiten ari dira. Mekanizazioko modulu espezifiko batzuk garatu, eta orain, plastikoa injektatzeko planten datuak nola digitalizatu eta laser ebaketarako makinen ekoizpen datuak nola bildu lantzen ari dira. Plan estrategikoan jasoa du Zituk negozioa Espainiara eta atzerrira zabaltzea, nahiz eta EAE duen lehentasunezko segmentu. «Makina-erremintako enpresen ehuneko handi bat hemen dago eta errazagoa egiten zaigu Euskadin haztea».

 

Iban Mateos: «Datuak jaso, monitorizatu eta instalazioaren ekoizpena kontrolatzeko plataforma berritzailea da Eris»


Zituko arduradunek uste dute enpresek kezka badutela makinek duten errentagarritasunarekin. Oro har, Eris bezalako produktuak harrera «ona» dutela esan du Mateosek. «Gure kasuan Industria Digitala bezalako programak martxan jartzeari esker, gure softwarea 15 enpresetan instalatu dugu eta aurten beste 30 enpresetan instalatzeko aurreikuspena dugu. Gainera, Eris-a jartzeko laguntza eskaera aurkeztu duten hamar enpresetatik bederatzik SPRIren Renove Industria 4.0 laguntzak jaso dituzte».

2002an eskualdeko hainbat lagunek sortu zuten Zitu konpainia eta IKTen sektorean bidea egin du. Ezarpen handiko euskal elkarte gastronomikoak kudeatzeko softwarea garatu ostean, 2015etik ari dira Eris plataforma garatzen, Geminis-Goratu fabrikatzailearekin lankidetzan eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren laguntzarekin. «Eris, ez da soilik makina baten datuak atzemateko tresna, datuak jaso, monitorizatu eta instalazioaren ekoizpena kontrolatzeko plataforma berritzailea da», esan du Mateosek.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!