Eukene Larrartek bosgarren postu bat lortu du Europan

Ataria 2021eko urriaren 11

Pista estaliko txirrindularitza txapelketa jokatu da Suitzan; txirrindulari tolosarra bertan izan da.

Eukene Larrarte Europako Pista Txapelketan lehiatu da, Suitzako Grenchen hirian. Posturin onena lehen egunean lortu zuen Tolosako txirrindulariak. Kanporaketa proban bosgarren egin zuen Larrartek, sasoi bikaina erakutsiz. Ondorengo egunean, ordea, omnium proban ez zen hain fin ibili. Scratch-ean 12. postua lortu zuen, tempo race modalitatean 17.a eta kanporaketan 12.a. Guztira 45 puntu pilatu zituen tolosarrak, sailkapen nagusian 14. postuan amaitzeko.
Atseden hartzeko denbora handiegirik gabe, hirugarren lehia egunean, jazarpen probaren txanda izan zen. Tolosarrak lehen hogehiren artean sailkatzea lortu zuen, 17. postua eskuratuz.  
Azken proba madison-ekoa izan zen Eukene Larrarterentzat. Tania Calvorekin osatu zuen bikotea lasterketa honetan, eta hamaikagarren helmugaratzea lortu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!