Egutegiak baditu argazkiak

Ataria 2021eko urriaren 7a

Tolosanklisk lehiaketak baditu irabazleak, beraz, zehaztuta geratu dira Tolosako 2022ko egutegiko azaleko nahiz barruko irudiak.

Tolosanklisk argazki lehiaketa baliatu ohi du Tolosako Udalak urtero egutegia egiteko, eta aurtengo lehiaketako irabazleak aukeratu dituztenez, egutegiko argazkiak zehaztuta geratu dira. Argazki irabazlea, eta ondorioz, egutegiaren azalean agertuko dena Maider Gaztelumendiren Bizitza hankaz gora izan da.

Hain justu, Bizitza izan da aurtengo gaia. Guztira 207 argazki aurkeztu dira eta 54 pertsonak bidali dituzte argazkiak. Ura Iturralde argazkilariak eta Daniel Antonio Targazki elkarteko ordezkariak osatu dute epaimahai taldea eta, argazkien aukeraketa egiterakoan, aurkeztutako argazkien egokitasuna eta kalitatea nabarmendu dituzte.

Bada, Bizitza hankaz gora izango da 2022ko egutegiaren azaleko irudia, eta irabazleak 600 euroko saria jasoko du. Hilabete bakoitzerako hautatu dituzten argazkiak ondorengoak dira: urtarrilerako Miguel Urangaren Esnatu!; otsailerako, Javier Ortizen Iñaki Goikoetxearen oroimenez; martxorako, Natalia Alfonsoren Fatxadak; apirilerako, Iñigo Goñiren 3 zailtasunak gainditzen; maiatzerako, Juliana Ribeiroren Musika bizitza da; ekainerako, Idoia Zabaletaren Dantzan; uztailerako Daniel Jubinen San Blaseko ermitako loreak; abuzturako, Unai Altolagirreren Beaire; irailerako, Naiara Lasarteren Aurrera; urrirako, Irati Jauregiren Baloia baino irribarre borobilagoa; azarorako, Paula Bonillaren Hegan egin; eta abendurako, Fermin San Sebastianen Argi-ilunak. Bakoitzak 200 euroko saria jasoko du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!