Denbora tarte batez egin ez diren jarduerak itzuliko dira

Irati Saizar Artola 2021ko urr. 7a, 11:59

Bi urteren ondoren, elkartrukerako prestatu da berriro ere Orixe BHI ikastetxea; urriaren 22tik 29ra ikastetxeko 23 ikasle eta bi irakasle Belgikara joango dira.

Ikasturte berria hasi eta laster etorri da osasun larrialdiaren amaiera. Ohiko jarduerak berrartu dituzte askok, eta horrelaxe egin dute Tolosako Orixe BHI ikastetxean ere. Azken bi urtetan bertan behera geratuta zegoen elkartrukea martxan jarri dute eta urriaren 22tik 29ra Belgikako Menen herrira joango dira 23 ikasle eta bi irakasle.

2017an egin zuten lehen elkartrukea Belgikako Sint Aloysius ikastetxearekin eta geroztik astebeterako hara joan izan dira, ondoren, udaberrian haiek etortzeko. Hala kontatu du batxiler zientzietako koordinatzailea eta ingeleseko irakaslea den Arantxa Mendizabalek: «Ikasleentzat sekulako esperientzia da, aberasgarria da kanpora ateratzea, beste hizkuntza bat, beste errealitate bat ezagutzea».

Helburuetako bat ingelesa lantzea da, eta baita eleaniztasuna eta kulturartekotasuna lantzea ere. «Hango egonaldian, astean zehar, Menengo eskolara joango gara eta egunero irteera ezberdinak egingo ditugu. Guztiak 2030 Agendari lotutakoak izango dira; adibidez, hiri iraunkor eta jasangarri baten planifikazioa ikusiko dugu, birziklapenerako elkarte bat ere bisitatuko dugu, Brujasen norberaren aztarna ekologikoa hausnartuko dugu...». Bisita didaktikoak egingo dituzte eta etorkizuna nolakoa izan daitekeen hausnartuko dute. Tolosara bueltatzen direnean, han ikusitakoa praktikan jartzen saiatuko dira. «Mundu mailako arazoak beraien ingurunean, familian, herrian aplikatu ditzaten nahi dugu», dio Mendizabalek.

Aurten, 23 ikasle joango dira Belgikako 23 familiatara, eta martxoaren 7tik 13ra Tolosara etorriko dira belgikarrak. «Ilusioz eta gogotsu» daudela ikasleak esan du Mendizabalek: «Horrelako ekintzekin iruditzen zaigu berriro ere lehengo egoerara bueltatzen ari garela, gauzak bere tokira datozela».

Esperientzia berrietara

Urriaren 22an hartuko dute hegazkina Bilbotik Bruselara. Handik, ordu eta erdiko bidaia egingo dute autobusez Menenera, familiekin topo egiteko. Asteburua elkartrukeko familiarekin igarota, astelehenean eskolara joango dira, antolatuta dituzten jarduerak egitera.

Azken egunean, festa moduko bat egingo dute ikastetxean, euskal kultura eta hemengo tradizioa hango ikasle eta familiei erakusteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!