Maixabel Lasa: "Bigarren aukera merezi dute"

Jon Miranda Labaien 2021ko ira. 25a, 09:53

'Maixabel' filma estreinatu zuten atzo Tolosan eta emanaldiaren ondoren solasaldia egin zuten Maixabel Lasak eta filmeko bi aktorek, Maria Cerezuelak eta Urko Olazabalek.

Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu ondoren, atzo iritsi zen zinema areto komertzialetara Maixabel filma, baita Tolosako Leidorrera ere. Udalak emanaldi berezia prestatu zuen, pelikulak lotura estua duelako Tolosarekin. Maixabel Lasaren bizipenetan oinarritutakoa da filma eta haren senar izandako Juan Mari Jauregi, besteak beste, Tolosan  zinegotzi izan zen. Hain zuen, Leidor aretotik 100 metro exkaxera hil zuen ETAk, 2000ko uztailaren 29an. Iciar Bollainek zuzendu duen pelikulako zenbait pasarte ere eskualdean filmatutakoak dira.

Tolosako Bizikidetza Foroko dinamizatzaile Aitziber Blancok aurkeztu zuen filma eta emanaldiaren ondoren oholtzara gonbidatu zituen Maixabel Lasa eta filmean haren alabaren papera jokatzen duen Maria Cerezuela eta atentatuan parte hartu zuen Luis Carrascorena egiten duen Urko Olazabal aktoreak. Lasaren esanetan biolentziaren deslegitimazioa bultzatzen du Maixabel filmak eta bere senarraren hiltzaileekin izan zituen topaketen balioa ematen du ezagutzera. "Posible dela erakusten du, martxan jarri genuen esperientziaren mostra txiki bat baino ez da".

Jauregiren hilketan parte hartu zuten Luis Carrasco eta Ibon Etxezarretari erreferentzia eginez, zera esan zuen Lasak: "Uste dut bigarren aukera merezi dutela". Baieztapenari txaloz erantzun zion Leidorren bildutako jendeak. Baimendutako aforoa beteta, filma ikusten izan ziren, besteak beste, Jauregiren alderdikide izandako Tolosako PSE-EEko kideak. "Ulertzen dut ETAren biktima izandako batzuk horrelako topaketetan parte hartu  nahi ez izatea. 20 biktima inguruk bat egin genuen proiektu honekin eta 2012an eten izan ez balitz, pentsatzen dut biktimario gehiago animatuko liratekeela pausoa ematera. Ez baita berdina kartzelatik heroi bezala, edo egin duzun mina aitortuta atera". Lasak aipatu zuen, biktima eta biktimarioen arteko elkarrizketa hauek berreskuratzeko zurrumurrua dabilela azken hilabeteotan: "Egia bada, ongi etorriak izan daitezela topaketa horiek".

Gipuzkoako Gobernadore Zibil izandakoaren alargunak aktiboki hartu du parte pelikulan eta aktoreek egindako lana goraipatu zuen atzoko saioan. Lasaren alaba Maria Jauregiren papera betetzen duen Maria Cerezuela eskertuta agertu zen eman dioten aukeragatik: "Opari bat izan da, besteen tokian jartzen lagundu dit eta asko zor diot Mariari, egiazkori eta pelikulako pertsonaiari". Urko Olazabalek, berriz, katartikotzat jo zuen filma. Gorrototik maitasunera bidea egiten du bere pertsonaiak eta Luis Carrascorena egiteak aktore bezala barrenak mugitu dizkiola aitortu zuen. "Niri balio izan didan bezala, pelikulak balio dezala jendeak bere buruari gauzak plantea diezazkion", esan zuen Olazabalek. 

Elkarbizitza etengabe zaindu eta elikatu behar dela azpimarratuz bukatu zuen Lasak atzoko solasaldia: "Filmak azaltzen du diferenteen artean bizi gaitezkeela, zugandik ezberdina denarekiko errespetua landu daitekeela, hitzak balio handia duela". Maixabel pelikula ikusteko aukera gehiago izango da Leidor aretoan datozen egunotan. Larunbatean, 19:00etan botako dute; igandean 16:00etan eta 19:00etan; eta astelehenean 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!