ERREPORTAJEA

Topaketa, dokumentala eta filma Juan Mari Jauregiren inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko api. 18a, 07:58
'Maixabel' pelikularen grabaketa Juan Mari Mujikaren monolitoan. ATARIA

Aurtengo uztailean 21 urte beteko dira Tolosako Fronton kafetegian ETAk Juan Mari Jauregi hil zuenetik. Bere alargunak, Maixabel Lasak, urteotan bizikidetzaren alorrean egindako lana pantaila handira iritsiko da Maixabel filmari esker.

2000. urteko uztailaren 29an ETAko komando batek Juan Mari Jauregi tiroz hil zuen Tolosako Fronton kafetegian. Hurrengo urtean Maixabel Lasa bere emaztea Eusko Jaurlaritzaren Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria izendatu zuten eta kargu horretan zela, besteak beste, Berradiskidetze Topaketak jarri zituen martxan, tartean bere senarra hil zuen komandoko Luis Carrasco eta Ibon Etxezarreta presoekin. Topaketa hauei buruzko Zubiak dokumentala egin zen 2019an, eta orain Maixabel film luzea ari dira filmatzen.

Zein zen Juan Mari Jauregi? Bilobari azaldu beharko balio, hala definitzen du bere alargunak: «Gizon potolo bat, umoretsua, jendearekin hitz egitea eta entzutea gustatzen zitzaiona, lagunen laguna, asko maite zuen Legorreta eta legorretarrak ere bai, nahiz eta batzuk diferente pentsatu». Juan Mari Jauregi Apalategi Legorretan jaio zen 1951n, Deustuko Unibertsitatean Soziologia ikasi zuen, kartzela ezagutu zuen Burgoseko prozesuaren aurka protestatzeagatik, 1973an PCEko kide egin zen, gero Carrilloren aldeko PTE sektorean kokatu zen, eta 1990 inguruan PSEn sartu zen. Alderdi honetako zinegotzi sartu zen Tolosako Udalean 1991ean, Kirol atalean, Jose Gurrutxaga (EA) alkate zela. 1994an Gipuzkoako Gobernadore zibila izendatu zuen Juan Alberto Belloch Justizia eta Barne ministroak, Margarita Robles estatu idazkari zela.

Juan Mari Jauregi gobernadore zibil eta zinegotzi sozialista omendu zuteneko irudia, Tolosako Fronton kafetegiaren aurrean, ETAk hil eta bost urtera. ATARIA

Zinegotzi sartu zenean ezagutu zuten Jose Mari Villanueva eta Xabier Maiza tolosarrek, hauek Euskadiko Ezkerrako kide zirela. «Berehala egin genuen harreman ona. Gizon irekia zen, Tolosan dendari askok ezagutzen zuten komertzial gisa aritzen zelako. Asko irakurtzen zuen, gaztetatik politikan konprometitua eta harreman handiak zituen, urte berean hil zuten bere lagun Jose Luis Lopez de Lacalle tolosarra bezala. Udaletxean dena kontrolatzen zuen, langileekin harreman ona zuelako, eta hori ez zitzaion batere gustatzen Jose Gurrutxaga alkateari. Bakearen Aldeko Koordinakundea Tolosan sortu genuen laukotean bera zegoen tartean», gogoratzen du Villanuevak. 

1993an Euskadiko Ezkerrako sektore nagusia PSErekin elkartu zen eta Xabier Maiza alderdiaren egoitzan hasi zen lanean harreman politikoetako arduradun gisa. Han ezagutu zuen Jauregi, antolaketa atalean lan egiten zuelako. «Plazagizona zen, konplexurik gabekoa. Segituan egin genuen harreman ona, baina gutxi iraun nuen han. Handik gutxira alderdia utzi nuen, Joxi eta Joxeanena gertatu zenean autokritika ez zelako egin, baina harremana mantendu nuen Juan Marirekin», dio Maizak. 

Gobernadore garbitzailea

Gobernadore zibil gisa ETAren aurkako borroka izan zen bere zeregin nagusietako bat, eta horrekin batera Espainiako segurtasun-indarren jarduna Hego Euskal Herrian zuzenbide-estatuaren bidetik eramatea. «Intxaurrondoko kuartela garbitzen saiatu zen eta Guardia Zibilaren zuzendaria izatea gustatuko litzaiokeela esaten zuen», eransten du Lasak. Kargua hartzeko ekitaldian euskaraz aritzeak zeresan ugari eman zituen.

Juan Mari Jauregiri omenaldia ETAK hil eta sei urtera, Tolosa. I. GARCIA LANDA

«Belloch eta Roblesek aurpegi berria bat behar zuten gobernadore jartzeko eta Jesus Egigurenek gomendatuta izendatu zuten Juan Mari. Bestela ez zegoen alternatiba bihurtzeko aukerarik. Inork ez genuen espero bera gobernadore izatea», dio Villanuevak. «Hasieran Galindok Gobernu Zibilera ez zuela joan nahi esan zidan, gobernadorea beti Intxaurrondora joaten zela argudiatuz. Azkenean, Margarita Roblesen bidez lortu zuen joatea, baina denbora guztia zutik egon eta 'bai jauna' eta 'ez jauna' bakarrik erantzun omen zion. Garai hartan oso zaila zen polizia kontrolatzea», gogoratzen du. Askoren iritziz Jauregik gobernadore baino zerbait gehiago izateko gaitasuna zuela dio Maizak, gobernadore izateak muga jarri ziola. 

Maixabel Lasa: «Edozein estatuk presoak birgizarteratzeko politika bat behar du. Denok dugu bigarren aukera izateko eskubidea» 

PSOEk hauteskundeak galdu ondoren, gobernadore kargua utzi zuenean, 1996an, ETAren beldur, kanpora joatea eskatu zuen. Aldeasa aireportu eta portuetako denda katearen arduraduna izendatu zuten, lehendabizi Kanaria uharteetan eta gero Txilen. Emaztea eta alaba Legorretan gelditu ziren bizitzen. Maiz etortzen zen. Horietako batean, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko jeneralaren aurka deklaratu zuen Audientzia Nazionalean, Lasa eta Zabala gazte tolosarren familien abokatuak hala eskatuta. «Egun hartan gustura itzuli zen etxera. Bi gazteen familiarteko norbaitek eskerrak eman zizkion. Gero jakin genuen Pili Zabala izan zela. Orduan esan zidan: 'Ez dakit nork hilko nauen: Galindok edo ETAk'. Horrekin dena esaten dut», azaltzen du Maixabel Lasak. Pepi Gorostidi HBko zinegotzi ohiak Galindoren kontra deklaratzeagatik besarkada eman ziola bere aurrean aipatzen du Jose Mari Villanuevak. 

Juan Mari Jauregi artxiboko irudi batean. ATARIA

Hilketa Fronton kafetegian

Hil aurreko igandean zilarrezko ezteiak ospatu zituzten. Udako oporren ondoren Madrilen finkatzeko asmoa zuen. 2000ko uztailaren 29an, larunbata, 11:40ean, Jaime Otamendi EITBko kazetari elduaindarrarekin Tolosako Fronton kafetegiko mahai batean zegoela, bi lagun atzetik inguratu eta bi tiro egin zizkioten buruan Juan Mari Jauregiri. Asuncion klinikan hil zen handik gutxira. Komandoak erabili zuen kotxea Villabonako Otsabi auzoan leherrarazi zuten. Arratsaldean bertan udalak batzarra egin zuen, jende ugarirekin eta tentsio uneak bizituz. EA-EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa atentatua gaitzetsiz onartu zen bere botoekin, EH abstenitu egin zen eta PPko bi zinegotziak ez ziren izan udalbatzarrean. Jose Mari Villanuevak klinikan ikusi zuen gorpua eta gero udalbatzarrean izan zen. «Antton Izagirre zen alkatea eta atentatuaren aurka agertu zen maila pertsonalean, baina hori ez zela nahikoa erantzun nion, hilabete batzuk lehenago berak ezagutzen zuen Jose Luis Lopez de Lacalle tolosarra hil zutenean ez zuelako ezer esan», kontatzen du Villanuevak. Batzarraren ondoren, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria udalak antolatutako bilkuran izan zen.

Hurrengo urtean, 2001ean, Maixabel Lasa Iturrioz, Jauregiren alarguna, Biktimeni Laguntzeko zuzendari izendatu zuten eta kargu horretan aritu zen lanean 2012 arte. «Hiru oinarrizko proiektu jarri genituen martxan: biktimen presentzia ikasgeletan, Glencree topaketak Irlandan era guztietako biktimen artean eta berradiskidetze topaketak ETAko presoekin. Saiatuko ginen GAL eta eskuindarrekin topaketa horiek egiten, baina ez ziren sartu horretan», adierazten du Lasak. Eusko Jaurlaritzaren barruan zegoen zuzendaritza hori, Madrilen PSOE gobernuan egon zen garaian Espetxe Erakundeen zuzendari Mercedes Gallizo zen. Urte horietan lan handia egin ahal izan zuten alor honetan. Isilean eraman zituzten lan guzti hauek, argitara eman gabe. Ikasgeletako proiektua aurrera ateratzea asko kostatu zela onartzen du. «Irlandan GAL eta ETAko biktimak elkartu genituen. Hara joan ginen, hemengo presioa ez izateagatik. Hura aukeratu genuen IRAkoak ere han aritu zirelako antzeko lanetan», zehazten du. Topaketa horietan jende gehiago eransten joan ziren: torturatutakoak, manifestazioan eta kontroletan hildakoak, bizkartzaina zeramatenak… «Azken finean giza eskubideen urraketak ziren, era guztietakoak. Talde horrek gero publiko egin zen dokumentu interesgarri bat sinatu zuen, minimo batzuk adostuz. Horretarako gai izan ziren. Alderdi politikoak ez dira horretarako gai izan», eransten du Lasak. 

Hiltzailearekin aurrez aurre

Hirugarren proiektua, presoekin izandako topaketak, gerora dokumentala eta orain film luzearen sorrera izan da. Langraiz bidetik etorri zen proiektua. «Langraiz espetxean zeuden preso batzuk, hausnarketa bat egin ondoren, biktimekin egoteko eta bere mina adierazteko beharra azaldu ziguten», adierazten du. Talde horretan zeuden Urrusolo, Gisasola, Pikabea… eta baita Luis Carrasco ere, Jauregi hil zuen komandoko kidea. «Edozein estatuk presoak birgizarteratzeko politika bat behar du. Denok dugu bigarren aukera izateko eskubidea. Ondo antolatu eta zaindu beharreko kontua zen, diskrezio handiz eramatekoa. Gauza berria zen, ez hemen bakarrik, mundu osoan baizik», dio. Biktimen kezka handiena preso horiek pauso horrengatik etekinen bat lortuko al zuten zen, eta horrela ez zela izango jakin zutenean, aurrera egin zuten. Txema Urkijo eta Esther Pascual izan zituen lankide bitartekaritza lan horretan. Aurretik lan tailer batzuk egin zituzten kanpoko giroa ezagutu nahi zutelako, hainbat hizlarirekin: Gorka Landaburu, Jonan Fernandez, Pello Salaburu, Reyes Mate, Xabier Etxeberria teologoa, Iñaki Garcia Arrizabalaga eta Jaimen Arrese biktimak…

Maixabel Lasa Luis Tosar aktorearekin Juan Mari Jauregiri eskainitako monolitoa atzean dutela. Tosarrek 'Maixabel' pelikulan Ibon Etxezarreta ETAkide ohiaren papera beteko du. ATARIA

«2011ko maiatzean egon nintzen lehen aldiz Luis Carrascorekin, Langraizeko kartzelan. Bizkartzainekin nengoen eta Esther Pascual bitartekaria ere izan zen. Pentsa zer egoera. Lasai nengoen, banekien zertara nindoan. Banekien aurrez aurre egongo nintzela niri minik handiena egin zidan pertsonarekin. Nik ez nion ezer txarrik egin, berak niri baizik. Galdetzera eta entzutera joan nintzen. Bera zegoen deserosoago eta oso urduri. Juan Mariri buruz oso gutxi zekien. Bera pertsona gaiztoa zela esan zidan behin eta berriz, ezer onik ez zuela. Nik animatu nuen oso ausarta izan zela esanez, eman zuen aurrerapausoengatik: ETArekin moztea, atentatuaz damutzea eta nirekin hitz egitea. Gainera jakinda herri honetan heroi izatetik traidore izatera pasatu zela. Horrek dakartzan ondorioekin berarentzat, lagunentzat eta bere familiarentzat. Ia hiru ordu egon ginen hitz egiten. Oso ondo gogoratzen du une hura», aipatzen du.

Jose Mari Villanueva: «[Juan Mari Jauregi] Gizon irekia zen, asko irakurtzen zuen, gaztetatik politikan konprometitua eta harreman handiak zituen» 

'Maixabel' pelikularen grabaketarako, tartean, Ibon Etxezarreta ETAkide ohia. ATARIA

2012an topaketa hauek amaitu egin ziren, PP Espainiako Gobernuan sartu zenean, gaiarekin jarraitzeko interesik ez zuelako. Maixabel Lasak ez zuen karguan jarraitu. «Urte horren amaieran Ibon Etxezarretak gutun bat bidali zidan bere abokatuaren bidez, nirekin egon nahi zuela esanez, damutu egin zelako. 2014an izan nintzen lehen aldiz berarekin, Nafarroako herri txiki batean, bi bitartekarirekin batera», dio Jauregiren alargunak. Topaketa hau eta lehendik burutu gabe gelditu ziren beste batzuk erakundeen babesetik kanpo egin ziren. «Luis Carrascori bezala, hari ere esan nion bere ama izatea baino, nahiago nuela Juan Mariren alarguna izatea. Hori esatea oso gogorra da, baina momentu horretan hori sentitzen nuen», eransten du. Geroztik gehiagotan elkartu dira, lauzpabost aldiz, bitartekaririk gabe. «Azkena lehengo urte amaieran izan nintzen. Orain kalean dago, kontrolerako eskumuturreko batekin, lana duelako. Luis ez dago kalean lanik ez duelako. Pauso hori eman dutenek beharko lukete lana, birgizarteratzeko, ez egindakoaz harro ateratzen direnek». 

Xabier Maiza: «Plazagizona zen, konplexurik gabekoa. Gutxi iraun nuen alderdian, baina harremana mantendu nuen Juan Mari Jauregirekin» 

Konponketaren bila egindako topaketa haietan parte hartu zuten guztiek esperientzia positiboa kontsideratzen dutela dio Lasak. Elkarbizitzarako ona zela pentsatzen zuelako jarri zuten martxan eta oso pozik sentitzen da egindako lanarekin. «Lehenago edo geroago kartzelatik aterako dira denak eta elkarrekin biziko gara. Azken finean Juan Mari hiltzera joan ziren hiru pertsonatako bi damututa daudela jakitea, niretzat askoz ere hobea da, eta ez kartzelatik heroi bezala ateratzea. Espero nuena baino askoz ere gehiago lortu nuen topaketa hauekin», seinalatzen du. Orain, sozialistak berriz Madrilen agintean izanda, positibo ikusten du presoak Euskal Herrira gerturatzea, legea betetzea besterik ez da bere iritziz, baina pena sentitzen du berak hasitako ibilbideari jarraipena ez diolako ematen, bi ekimenak osagarriak iruditzen zaizkiolako. Jarraituz gero, beste egoera batean egongo ginatekeela uste du, biktima eta ETAkide gehiagok parte hartuko zutelako.

Maixabel Lasa: «Topaketa hauek ezagutzera ematea ez zitzaion mundu guztiari gustatu, ez biktimen munduan, ez ETAren munduan» 

Liburua, dokumentala, pelikula

Ekimen hau diskrezio handiz burutu zen, baina ezagutzera emateko garaia iritsi zen, komenigarria iruditu zitzaielako, eta Los ojos del otro, encuentros restaurativos entre víctimas y ex miembros de ETA liburua kaleratu zuten. Hemen eta kanpoan aurkezpen ugaritan parte hartu zuen Maixabel Lasak. «Topaketa hauek ezagutzera ematea mundu guztiari ez zitzaion gustatu, ez biktimen munduan, ez ETAren munduan, kolektibo oso pluralak direlako. Kritika ugari izan genituen, baina askorentzat gauza ona izan zen. Parte hartu genuenok gure borondatez egin genuen, inork behartu gabe. Iritzi guztiak errespetatzen ditugun bezala, gurea ere errespetatzea eskatzen dugu», esaten du legorretarrak. «Denek bigarren aukera merezi dutelako. ETAtik pasa eta orain beste alderdi batean dagoen jende asko dago. Bigarren aukera izan dute. Zergatik ez hil duen batek? Giza eskubideak horrela ulertu behar dira. Justizia eskatzen dugu, baina zer justizia? Zigorra ematea bakarrik? Nahiago dut konponketarako balio duen justizia», gehitzen du. «Errespetua da gakoa. Juan Mariri desberdinekin hitz egitea gustatzen zitzaion. Bizikidetza ez da denok elkarrekin besarkatuta ibiltzea, desberdina errespetatzea baizik», dio.

Maixabel Lasa ezkerrean, eta eskuinean, Blanca Portillo aktorea. ATARIA

Oraindik ere gauza asko dagoela egiteko uste du Maixabel Lasak, «ardura aldetik batez ere, ETAren aldetik eta baita GAL, BVE, Triple A eta horien aldetik ere, gauza batzuk sekula santan ez zirela gertatu behar esan beharko lukete, hilketa bat edo politikan egin diren gauza batzuk justifikatzea». Gauza horiek argitzea nahiko luke, ondorengo belaunaldiei «marroi hori» ez uzteko. Haurrei eta gazteei biolentzia inora ez doala esatea garrantzitsua iruditzen zaio. Horretan aritu da hainbat ikastetxetan, beste biktima batzuekin batera. Kartzelatik pasa eta autokritika egin dutenei ekimen horretan parte hartzera gonbidatzen ditu, «batez ere berriro gerta ez dadin». «Denok egin behar dugu autokritika, biolentzia zegoen garaian non geunden: laguntzen, txaloka, beste aldera begira…», esaten du. 

Gero etorri zen Zubiak dokumentala, Jon Sistiagak eta Alfonso Cortes-Cavanillasek zuzendua, ETA, el final del silencio telebistarako seriearen barruan, 2019ko Donostiako Zinemaldian estreinatu zena. Duela gutxi Tolosan ikusi da, bizikidetza jardunaldien barruan Non dago Mikel? dokumentala, Burgosko prozesua erakusketa eta Sisiforen paperak antzezlanarekin batera. Eta proposamena aspaldikoa izan arren, orain filmatzen ari dira Iciar Bollainen Maixabel film luzea gai berean inspiratua, baina fikzioa ere nahastuz. Tolosan izan dira grabatzen eta amaierako eszenan parte hartu dute, aktoreen artean Maixabel Lasa, Xabier Maiza eta Jose Mari Villanuevak, besteak beste, urtero Burnikurutzetan Juan Mari Jauregiri egiten dioten omenaldia irudikatuz. «2014an Ibon Etxezarreta izan zen omenaldi horretan. Aurretik Maixabelek abisatu zigun batzuei. Iritsi zenean batzuk ez zuten ondo hartu. Tentsioa izan zen. Horixe da pelikularako grabatu dugun eszena», gogoratzen du Villanuevak. Datorren iraileko Donostiako Zinemaldian aurkeztu nahi dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!