WATTARIA

Fruta-bateriak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2021ko ira. 20a, 07:57

Udari egun gutxi geratzen zaizkio. Ume garaitik igarotako uden atzera begirakoa egitean, sarritan datorkit gogora nola gurasoen etxeko hozkailua ireki eta meloi handi bat aurkitzen nuen. Uda eta meloia: bikote klasikoa gurean. 

Urtaro eguzkitsu hau «fruten urtaroa» bezala ere izendatzen da sarritan, sasoi honetako fruta-aukera zabala dela eta. Biologoa banintz gehiago sakondu ahal izango nuke udako fruten ezaugarrietan, baina ezer gutxi dakit horri buruz eta betikora itzuliko naiz: baterietara.

Maletategia laranjaz beteta edukitzeak ez dizu lagunduko autoa bateriarik gabe geratzen bazaizu!

Bateriak eta fruta uztartu? Agian horrelakorik aditu duzun lehen aldia izango da, edo agian ez. Interneten bideo ugari daude gai honen inguruan esperimentuak erakusten dituztenak. Aldez aurretik esango dut gaizki ulerturik egon ez dadin: maletategia laranjaz beteta edukitzeak ez dizu lagunduko autoa bateriarik gabe geratzen bazaizu! Dena den, saiatuko naiz, zure autoaren bateria bete ezin dudan arren, zure jakin-mina asebetetzen, irakurle; baita zure gosea ere, zientzia egin ondoren merienda legea egin nahi izanez gero!

Zer dela eta erabili dezakegu fruta bateria bezala? Errepaso azkar bat egingo dut: bateria bat osatzen duten gutxieneko osagaiak bi elektrodoak (polo positiboa eta negatiboa) eta elektrolitoa dira. Guk edozein gailu (sakelako telefonoa, esaterako) bateria batera konektatzen dugunean, gailuak elektroiak «mugituko» ditu kabletik eta karga desorekak sortuko dira elektrodoetan. Bateriak martxan jarrai dezan, karga hauek orekatuko dituen medio bat beharko dugu: elektrolitoa. Etorkizunean solidoa izango dela dirudien arren, egungo baterien elektrolitoak likidoak dira. Likido hauek gatzak dituzte disolbatuta, eta gatz hauei esker orekatzen dira kargak. Gatzek osagai positibo bat eta negatibo bat dituzte (gutxienez) eta gatza disolbatzean osagai hauek banandu egiten dira. Poloetako batean uneren batean karga negatibo handiegia badago, gatzaren osagai positiboa joango da bertara, karga totala orekatzeko.

Frutak, bere muinean, gatzak dituen medio likido bat du. Limoi edo laranja bat erditik ebaki besterik ez duzue hori ikusteko

Eta nola uztartzen da hau fruta eta bateriekin? Frutak, bere muinean, gatzak dituen medio likido bat du. Limoi edo laranja bat erditik ebaki besterik ez duzue hori ikusteko. Ez horiek bakarrik: likido azidoa duen edozein fruituk balio digu: tomatea, patata, lima... Horratx gure elektrolito iturriak! Elektrodoak, elektroien mugimendua bultzatzen duten bi osagaiak, bakarrik faltako litzaizkiguke. Etxean esperimentua egin nahi izanez gero, kobrezko txanpona bat eta zinkez estalitako (galvanizatutako) iltze bat erabili ditzakezue. Bi material ezberdin, elektroiek mugimendua bultzatzeko ezinbestekoa baita elektrodo hauek material ezberdinetakoak izatea. Zulatu ezazue fruituaren azala eta sartu txanpona eta iltzea barruan, elkar ukitu gabe, eta bakoitzak muturretako bat kanpoan duela, kontaktua egin ahal izateko. Ukitu ezazue gure elektrodo bakoitza multimetro baten mutur batekin eta ikusiko duzue nola dagoen boltaje txiki bat gure fruta-baterian!

Hala ere, boltaje hau txiki samarra da ia edozein aplikaziorako, baina fruta piezak elkarren artean konektatu daitezke Saiful Islam dibulgatzaile handiak Youtuben aurki dezakegun bideo batean egiten duen bezala. On egin eta ikaragarrizko energia lortu!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!