Duela hamar urte, bertako alaba Sonia Alcala lehen aldiz egin zen tabernaren jabe, eta horrekin batera, edukiera areagotu eta izena aldatu zion: Saikin 2. 2019ko irailean, gainera, beheko solairua (gaur egungo jangela) gehitu zion tabernari, eta Saikin 3 izatera igaro zen. «Behar bati erantzunez iritsi ziren aldaketa hauek. Eskari gehiago izaten genituen, eta beraz, beharrezkoa izan zen sukaldea handitzea».
Egunero dago zabalik taberna. 08:00etan abiatzen dira, gosariak emateko. Eguerdietan, eguneko platera eskaintzen dute, hiru aukera ezberdinekin. «Egunero etortzen dira inguruko bulegoetako langileak, zerbait azkarra eta erraza jateko asmoz. Menu bat jateko gogoz gerturatuz gero, ez dut horrelakorik egiteko arazorik izaten». Asteburuetan, berriz, eguerdiko aperitiboak eta errazioek arrakasta handia dutela aitortu du, eta kartaz aparteko hiru plater ere izaten dituzte. «Askotarikoa da gure eskaintza, besteak beste, txahal masail iberiko edo salteatutako barazkietatik, pizza edo hanburgesetaraino. Hau da, adin eta gustu guztietako herritarrek dute lekua hemen».
Hostopil saskitxoan aurkeztutako entsaladilla errusiarra da bertako pintxo izarra. «Taberna ireki zenetik dago, eta arrakasta ikaragarria du. Lehengo bezeroen oinordekoek ere eskatzen dute orain». Edarietan ere badira berezitasunak; Miro bermuta da aipagarriena, eta Tolosan bakarrak dira upeletik zerbitzatzen dutenak. «Zapore bikaina du, baita botilatik zerbitzatutakoak duen potentzia bera ere».
Duela gutxi, eskaintza berezi bati ekin diote. Hilabeteko azken asteburuan, musika kontzertu bat eskaintzen dute. Anaiari esker jarri du martxan Soniak, buruan zuen proiektua. «Bezeroek, zerbait edan eta jaten duten bitartean, zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izatea da helburua». Alcalak aitortu duenez orain arteko saioetara bertaratutakoek «izugarri» eskertu dute. «Honi esker, eta aurrera begira, era guztietako ekitaldiak eskainiko dituen gunea izatea nahi dugu, gertukoa, kalitatezkoa eta erosoa».
Saikin 3
- Helbidea. Batxiller Zaldibia kalea, 1, Tolosa
- Telefono zenbakia. 943 652 435
- E-maila. saikin3gastrotaberna@gmail.com
- Webgunea. Qr3281.buenacarta.com
- Sare sozialak.
Facebook: barSaikin2
Instagram: @saikin3gastrotaberna