Gehigarria: turismoa

Tratuan dago arrakasta

Ataria 2021eko uztailaren 21a

Anaiarekin batera, 2019ko urtarrilean hartu zuen Ander Mendizabalek Euskal Herria plazako 1990 taberna. Lehenago ostalaritza sektorean ibilitakoak ziren biak, baina honako hau da taberna bat bere ardurapean duten lehen aldia. Pandemiaren eragina dela eta, «ez dira urte errazak izan», dio.

Hala ere, pixkanaka, eta bezeroen fideltasunari esker, lehen zuten erritmoa «berreskuratzen» doazela aitortu du. «Terraza bat izateak ere asko laguntzen du, eta beraz, alde horretatik zorionekoak gara».

Euskal Herria plaza «kokapen oso egokia» dela nabarmentzen du. Gazteen artean, gainera, lagunekin zerbait hartuz egoteko ohiko lekua da. «Hasi ginenean, ez nuen uste halako arrakasta izango zuenik, baina pandemiaren eraginez, geroz eta gazte gehiago ibiltzen da hemen, eta harrituta gaude. Hala ere, aldaketa naturala izan da, eta ez guk bilatu dugun zerbait». Tolosako nahiz eskualdeko gainerako herrietako gazteen artean arrakasta duen taberna bada ere, bertako eskaintza ez da adin-tarte horretara soilik mugatzen. «Guk ez dugu aukeratzen nor etorriko den hona, eta adin guztietako herritarrak izaten ditugu. Badakite etortzen den oro ongi etorria izaten dela».

Pandemiak eragindako beste aldaketa bat, gosariak eskaintzearena izan da; herrian, gainera, ez dira asko otordu horretarako prestatutako tabernak. «Ordutegia zela eta, tabernak irekitzen hasi ginenean, gauez lehenago itxi behar genuen. Ondorioz, lehenago zabaldu eta bezeroei bertan gosaltzeko aukera eskaintzen hastea erabaki genuen. Lehen ez genuen horrelakorik eskaintzen, baina sekulako harrera izan du eta orain mantentzea erabaki dugu».

Pintxoak eta errazioak ere askotarikoak izaten dira. «Asteburuetan bereziagoak egiten ditugu, eta itsas zapoa tenpuran edota urdaiazpikoa, foie eta sueztitutako tipula duen ogi txigortua dira arrakasta handiena dutenak». Hanburgesak ere bereziak dituzte. Edarien kasuan, bertako eta nazioarteko bermutak eta ardoak dituzte, bezeroek denetik dastatzeko aukera izan dezaten. Oraingoz, «oso gustura» daudela dio; «hona datorrenarenganako arretan dago gakoa, ondo zaindu behar dugu, lasaitasuna transmitituz».

1990 taberna

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!