ELKARRIZKETA

«Musika klasikoarekin irratsaio bat egitea plazera izan da niretzat»

Tolosaldeko Ataria 2021ko uzt. 14a, 11:43

Astero astero musika klasikoari buruzko 'Musikasi' saioa gidatu du Karmen Sanz tolosarrak Ataria Irratian; esperientzia oso polita izan dela dio, jarraitzeko prest dagoela, eta jendea animatu du parte hartzera.

ATARIA IRRATIKO aurtengo denboraldia bukatu da, eta abuztuan euskal musika entzungai izan aurretik, uztaila bukaera bitarte denboraldian zehar entzungai izan diren hainbat saio berriro ere entzuteko aukera izango da.

Bitartean, ATARIA-ko lantaldeak denboraldi berria prestatzeari ekingo dio. Aurreko denboraldietan bezala, hurrengoan ere herritarrek eskualdeko irratiko ateak zabalik izango dituzte, saioak egin edota kolaboratzaile moduan parte hartzeko. Karmen Sanz tolosarrak musika klasikoa eta irratiarekiko zaletasuna uztartu ahal izan ditu azken denboraldian, Musikasi saioa gidatuz.

30 saio egin ditu 'Musikasi'-k.

Oso pozik nago. Gogoan dut ATARIA-ko erredakziora nola joan nintzen irratirako nuen ideia azaltzera. Lehenago ez nuen sekula irratsaio bat egin, eta beldur pixka bat banuen. Hasieran hamabostean behin egitea pentsatu nuen, baina gero astero egin nezakeela erabaki nuen, eta konturatzerako 30 saio egin ditut. Ez nuen uste gai izango nintzenik.

Nolatan animatu zinen musika klasikoaren inguruko saio bat egitera?

Zaletasun asko ditut, eta horien artean, ikus-entzunezko munduak asko erakartzen nau. Eskolan-eta egin dut irratian zerbait, edo antzerkian, baina, bestela ez. Jubilazioa hartu berri nuela aprobetxatu nuen ATARIA-ra joan, eta nire amets txiki hori betetzeko. Gainera, herriari edo eskualdeari zerbait eman nahi nion nire denbora librean.

Eta irratsaioaren nondik norakoak?

Buruari bueltaka ari nintzela, musika klasikoari buruzkoa izan behar zuela pentsatu nuen. Musika modernoa edo euskal musika irratian jorratzen zela ikusita, eta klasikoan hutsunea egon zitekeelakoan hori proposatzea erabaki nuen. Gainera, ni eskoletan musika irakaslea izan naiz, eta asko entzun dut musika klasikoa.

Eta izena?

Lagun batek horrela bota zidan, polita iruditu zitzaidan, eta aurrera.

Mikrofonoarekin hitz egitea gustatzen zaizu.

Mikrofonoa pila bat gustatzen zait. Inauterietan, esaterako, mikrofonoa eramaten dut kuadrillan. Kontuan hartu behar da ni euskaldun berria naizela, eta agian, euskaraz ez dut gaztelaniarekin izan dezakedan jarioa edo freskotasuna. Hizkuntza aberatsagoa banu ziurrenik lasaiago egingo nuke.

Esatari moduan ez ezik, saioaren ekoizpenean kontrolean aritu zara.

Bai. Izan ere, esatari moduan aritzea gustatzen zait, baina, kontrolean aritzea ere bai. Kontroleko aparatuak gogoko ditut.

Erraza izan al da?

Eskolako irratian zerbait egin nuenez ez zait hain zaila egin. Nahasketa mahaia edota grabatzeko programa ez zaizkit hain arrotz egin. Denbora pixka bat behar da guztia ondo hartzeko, baina, gustatuz gero, irratsaio bat edonork egin dezakeela iruditzen zait. Gainera, edozein zalantza edo arazo izanez gero, ATARIA-ko lantaldea han dago beti laguntzeko.

Espero zenuen esperientzia izan al da?

Musika klasikoa asko gustatzen zait, eta Hodeiertzen abestutakoa ere banaiz. Beraz, asko gozatu dut irratsaioak egiten. Gogoan dut txikitan asko gustatzen zitzaidala abesbatza zuzendariarena egitea. Josteko makilak hartzen nituen, eta horiek eragiten egoten nintzen. Musika klasikoarekin irratsaio bat egitea niretzat plazera izan da.

Denboraldi bat egin duzu. Jarraipena emango al diozu?

Oraindik ez dut antolatu hurrengo ikasturtea, baina, nik ez dut atea ixten oso gustuko lana izan baita. Agian astero egin ordez hamabostean behin egiten jarraituko nuke. Beldurra izaten dugu horrelako erronka berri baten aurrean, baina, ziur naiz irratia gustuko duen eta esateko asko duen jendea dagoela, beraz animatu egingo nituzke ni bezala pauso bat aurrera ematera.

Erlazionatuak

Egunpasa polita

Tolosaldeko Ataria 2021 uzt 14 Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!