ERREPORTAJEA

Orekan bi gurpilen gainean

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 11a, 07:58
Irene Caminos, pasa den asteburuan jokatu den Espainiako Txapelketan. ATARIA

Berriro ere lehiatzen hasi dira trialeko bizikletan, eta pozik dago Irene Caminos, pixkanaka erritmoa hartzen doalako; Espainiako Txapelketan lehiatu berri da asteburuan eta hirugarren postua lortu du.

Hamar urte egin ditu dagoeneko Irene Caminosek trialeko bizikletarekin. Hamabi urterekin hasi zen, «berandu» dio. «Hondarribira joan nintzen Euskadiko Txapelketa bat ikustera. Kirola gustatu zitzaidan eta aitari esan nion hori egin nahi nuela. Pentsatu zuen bi egunetan pasa egingo zitzaidala, baina ez zen horrela izan». Bizikleta ekarri zioten, eta Tolosan hasi zen banku eta kosketara igotzen, «aitona-amonen errieta guztiak» jaso zituen, eta hortik urtebetera hasi zen lehiatzen. Ordudanik geratu gabe aritu da txapelketetan.


Irene Caminos, iaz, Usabalgo trial parkean entrenatzen. I. GARCIA LANDA

Hain justu, pasa den asteburuan izan zuen Espainiako Txapelketa eta azkenean hirugarren egin zuen tolosarrak. Bigarren egiteko aukera asko izan zituen, baina leku batean egindako akats batengatik podiumeko azken postuarekin konformatu behar izan zuen. «Azkenean pozik nago, bizikletarekin lehiaketako erritmoa hartzen ari naizelako. Aurreko urtean ia ez genuen lehiaketarik izan, eta hori nabaritu egiten da. Pixkanaka aurrera noala esan daiteke». Vera Baron izan zen irabazlea eta bigarren Laia Esquis.

Caminosek modu positiboan begiratzen dio orain arte egindakoari. «Entrenatzen duzu, baina lehiaketarik gabe egoteak erritmoa galtzea ekartzen dizu. Orain pixkanaka goaz, dagoeneko hiru-lau proba egin ditugu, eta helburua lortzeko erritmoa hartzen goaz». Denboraldiko helburu nagusia Munduko Txapelketan parte hartzea da, irailaren hasieran izango dena. «Sentsazioak hartzen bagoaz, perfektu». Espainiako selekzioak egiten du hautaketa, eta joatea espero badu ere, oraindik ez da ziurra bere parte hartzea.

Espainiako Kopari dagokionez, bi proba lehiatu dituzte. Lizarran izan zen lehenengoa eta Madrilen bigarrengoa. Bietan laugarren egin du Caminosek eta oraindik beste bi proba geratzen zaizkio. «Ea hobetzen goazen», dio. «Ikusten da azpitik indartsu datozela. Maila oso altua ari dira hartzen». Tolosarrak 22 urte besterik ez ditu, baina bera da parte hartzaileetan zaharrena, besteek 18 eta 20 urte inguru dituzte eta. Munduko Txapelketaren aurretik, abuztuaren bukaeran, Munduko Kopako proba bat izango dute Polonian. Europako Txapelketa eta Kopa ere izaten dira, baina oraingoz ez da datarik zehaztu horietarako.

Munduko txapeldun taldeka

Lehiatzen hasi zenean, mutilen aurka aritzen zen Caminos, ez baitzegoen ia neskarik trialean. Gerora aukera izan du beste emakumezko batzuekin lehiatzeko. Orain arteko bere ibilbidean Munduko Txapelketetan lortutako emaitzak nabarmendu ditu. «Horiek dira, azken finean, txapelketa nagusiak». Lehiatzen hasi eta gutxira, Gazteen Munduko Jokoetara joateko hautatu zuten 2013an, gaztetxoen Munduko Txapelketa. «Eskarmentua hartzera joan nintzen, eta lehiaketara iristean neska pila bat ikusi nituen trialean ibiltzen, eta horrek begiak ireki zizkidan, ohituta bainengoen mutilen aurka bakarrik lehiatzera». Hirugarren postua lortu zuen, eta horrek sekulako motibazioa eman zion.

Ondoren, 2017an hirugarren postua lortu zuen Munduko Txapelketan, eta 2018an txapeldun izan zen taldeka, Espainiako selekzioarekin. Guztira bost urtetan parte hartu du txapelketa nagusian, 2015etik hasita, iaz ez baitzen egin. Europako Txapelketan laugarren postu bat lortu zuen 2018an, brontzezko dominatik puntu batera geratuz. Urte horretan lortutako emaitzengatik Tolosako kirolari onenaren saria lortu zuen, eta Usabalgo kiroldegian bere izenarekin plaka jarrita du Caminosek.

 

Erakustaldiak eta trial eskola

Irene Caminos erakustaldia eskaintzen, orain bi urteko Txakolinaren Egunean, Amasan. I. GARCIA LANDA


Erakundeen aitortza jasotzeaz gain, trialean lortu dituen emaitzek beste ate batzuk ere ireki dizkiote Irene Caminos tolosarrari. Hainbat hitzaldi eta erakustaldi eskaintzeko aukera eman dio, besteak beste, eskoletan. Horrek trialeko bizikleta eta kirol hori ezagutaraztea ekarri du eskualdean, eta baita martxan jarri duten eskola zabaltzearena ere.

Trialeko eskolak orain sei urte inguru zabaldu zituen ateak, Tolosako Trial Eskola izenarekin. Unai Iraola albizturtarra hasi zen klaseak ematen, eta gero Caminos bera eta Oier Lakuntza bidaniarra hasi ziren laguntzen, eta gaur egun beraiek dira irakasleak. Azken ikasturtean ia 40 partaide izan dituzte, bost urtetik hasi eta hemezortzi urte artekoak. Usabalgo pabiloi batean dute azpiegitura jarrita klaseak emateko. Kiroldegiaren atzealdean, kanpoan dagoen trial parkea ez dago guztiz osatuta. «Ea posible den kanpokoa aurten bukatzea, eta klaseak emateko aukera dugun bertan», zehaztu du Caminosek.

Erakustaldiak bere irakaslea den Gijongo Javi Alonsorekin eskaintzen ditu Caminosek, gaur egun. «Dezente mugitu gara, eta konfinamendua bukatu ondoren hemen, Altzon eta Lizartzan, egin ahal izan genituen, eta uda honetan beste hiru egingo ditugu. Erakustaldi horiek haurrek ikusten dituzte eta horrek ahalbidetzen du kirola gehiago ezagutaraztea». Agian, Caminosekin orain hamar urte gertatu zen moduan, erakustaldiak ikusi eta haurrak animatuko dira kirola probatzera, eta etorkizunean, Caminosek lortu duen moduan, txapeldunak bihurtuko dira.

Erlazionatuak

Dakar rallya egitea helburu

Imanol Garcia Landa 2021 uzt 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!