ERREPORTAJEA

Dakar rallya egitea helburu

Imanol Garcia Landa 2021ko uzt. 11a, 07:59
Irene Caminos, bi eta lau gurpilen gainean erronka bila. ATARIA

Erronkak gustuko ditu Irene Caminos tolosarrak; bidea egin du dagoeneko trialeko bizikletarekin eta hori utzi gabe, rallyen munduan hasi da pausoak ematen; gainera, ez du asmo makala, bere nahia Dakar rallyan parte hartzea baita.

Mundu mailan lehiatzen da trialeko bizikletarekin Irene Caminos tolosarra, eta horrez gain beste proiektu batean murgildu da azkenaldian: rallyak. Eta mundu horretan ez du nolanahiko erronka jarri aurrera begira, munduko proba ospetsuenean parte hartu nahi baitu: Dakar rallya.


Irene Caminos eta Maria Helena Tarrullel, Rafa Tibau eta Alberto Herrerorekin. ATARIA

Txikitatik izan du Caminosek lotura motorraren munduarekin, etxean beti izan baita presente: «Aitak hiru Dakar rally egin zituen, eta hortik dator guztia; beti esan izan diot aitari Dakar rally bat egin nahiko nukeela egunen batean». Iaz kamioi gidabaimena atera zuenean, esan eta esan aritu zitzaion aitari. Hain justu, bere aitarekin Dakar rallya egin zuten Rafa Tibauk eta Alberto Herrerok TH-Trucks sortu zuten orain dela pare bat urte. Dakarrean parte hartzen dute bai laguntza emanez eta baita lehiatzen ere. «Beraiekin hizketan aritu naiz, eta zortea izan dut, aurreko urtean Dakar rallya egin zuen Maria Helena Tarruellek nitaz fidatu baita, eta lehenengo pausoak eman ditugu proiektu horri begira».


Irene Caminosek rallyetan izan duen lehen esperientzia Navarra Classics Rallyan izan da. ATARIA

Caminosek eta Tarruellek parte hartu zuten Navarra Classic Rallyan orain hilabete inguru, eta tolosarraren lehen aldia izan zen horrelako proba batean. Pilotu-lagun bezala aritu zen, klasikoen modalitatean, Toyota HDJ 80 autoarekin, 1995ekoa. «Sekulako esperientzia izan zen. Bizikletatik erabat ezberdina da, eta gogo handia nuen probatzeko. Oso polita izan da». Caminosen lana ibilbide-liburua begiratuz pilotuari nondik joan behar zuen esatea izan zen. Erregulartasun rallya zen, beraz, antolakuntzak markatutako abiaduran joan behar zuten. «Aplikazio batekin esaten nion berari zer abiaduratan joan behar zuen, azkarrago edota makalago joateko esaten nion, eta zer bide hartu behar zuen». Bi etapako proba zen eta bi egunen artean ia 300 kilometro egin zituzten. Azken sailkapenean 38.ak izan ziren. «Proba moduan izan zen lasterketa hori, ikusteko gure arteko harremana nolakoa zen auto barruan, hor barruan dena ezberdina izaten delako. Eta pozik nago, elkar ondo ulertu genuelako eta asko ikasi nuelako».


Irene Caminos, bere bi pasioak uztartuz: traileko bizikleta eta rallyak. ATARIA

Lehen emakumezkoen taldea kamioietan

Beraien helburua 2022ko Dakar rallyra, datorren urtarrilean antolatuko denera, autoarekin lehiatzera joatea da eta horrenbestez orain babesle bila dabiltza. «Oso zaila da lasterketa horretara joatea. Horregatik zer egin aztertzen ari gara, eta bide batez ikusten zer proba gehiago egin ditzakegun; gainera, kanpora joan nahiko genuke entrenatzera», esan du Caminosek. Tarruellek badu eskarmentua Dakarrean, iaz parte hartu baitzuen, eta klasikoen modalitatean Espainiako estatuko lehen emakumea izan da parte hartzen. «Dakarrean oso emakume gutxik parte hartzen dute», esan du Caminosek.

Erronkak gustuko ditu tolosarrak, eta Tarruellekin batera aitzindaria izan nahi du Dakarrean. «Gure helburua orain Dakarrera emakumezko pilotu eta pilotu-lagunak bezala joatea da, eta hemendik urte batzuetara proba kamioian egin nahiko genuke. Ez dago neska askorik, eta kamioietan are gutxiago. Gure helburua kamioiko talde osoa emakumezkoek osatzea da». Kamioietan hiru pertsona joaten dira talde bakoitzeko: pilotua, pilotu-laguna eta mekanikoa. Oraindik ez da horrelakorik gertatu Dakar rallyan eta lehenengoak izan nahi dute kamioian joaten. Horretarako, baina, autoarekin baino aurrekontu handiagoa behar da, eta oraingoz, beraz, urtarrilean autoarekin joateko helburua bete nahi dute.

Caminosek ez du oraindik pilotu bezala jardun, baina badu probatzeko asmoa. Rallyetako kamioirik ez du gidatu, baina barruan joateko aukera izan du, eta sekulako esperientzia dela aitortu du: «Auto bat ikusten duzu eta atzetik kamioia, eta sekulako inpresioa ematen du. Berezia izan behar du horrelako ibilgailua gidatzea».

 

Taldearen aurkezpena

Caminos erakustaldia eskaintzen, Tarrullen laguntzarekin ATARIA


TH-Trucks taldeak Burgosen orain gutxi egin du bere aurkezpena datorren Dakar rallyrako. Bertan izan zen Irene Caminos, eta gainera bizikletarekin erakustaldia eskaini zuen. «Babesleak bilatu behar ditugu. Oraindik airean dago gure parte hartzea; aurrekontua lortzen badugu parte hartuko dugu», esan du Caminosek. Dirua lortzen badute, iraila eta gero rallyetan parte hartzen hasiko dira Caminos eta Maria Helena Tarruell, Dakar rallya prestatzeko. Caminosek garbi du: «Motibazio eta ilusio handiarekin gaude horretarako».

Erlazionatuak

Orekan bi gurpilen gainean

Imanol Garcia Landa 2021 uzt 11 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!