Haurren Hiria egitasmoko proposamenak jaso ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko uzt. 6a, 08:59

Ikastetxeetako haurrak izan ziren azken osoko bilkuran; horrez gain, udal lanpostuetako aldaketak onartu eta LGTBIQ+ komunitateari babesa adierazi zion udalbatzak

Asteazkenean egin zuen Tolosako udalbatzak ekaineko osoko bilkura. Alkateaz eta zinegotziez gain, bertan izan ziren herriko hiru ikastetxeetako lau ikasle, Haurren Hiria egitasmoaren baitan, aurten egindako lanketaren berri emateko. Beraien iritziz, herria nola ikusten duten azaldu zuten; ezohiko egoerak baldintzatuta, emozio eta sentimenduak landu dituzte aurten.

Ikasturtean zehar egindako hausnarketak aurkeztu eta irudikatzen duten etorkizuneko Tolosarako eskariak luzatu zizkieten udalbatzako kideei. Hauek eskerrak eman zizkieten, egindako lanagatik. «Zuek zarete herriaren etorkizuna, eta beraz, herri honetan dugun altxor handiena. Kontuan izango ditugu proposamenak, guztion artean herri hobe bat egiteko», adierazi zuen Olatz Peon alkateak. Xabier Martinez EH Bilduko zinegotziak, tolosarrak izanik, haurren parte hartzeak garrantzi handia duela azpimarratu zuen: «Ideia oso onak izaten dituzue, askotan, helduonak baino hobeak».

Tolosatzen prozesuaren baitan, sortutako keinu txikien aliantza ere landu da eta gaztetxoenen ekarpen eta proposamenak txertatuko dira orain. Familiarekin egotea, kirola egitea edota irakurtzea bezalako keinu txikiak proposatu dituzte. Joseba Ormazabal udal gobernuko zinegotziak, balioan jarri nahi izan zuen proposamenak gazteekin elkarlanean lantzea: «Udalak asko du ikasteko haurrengandik, eta aurten egindako proposamenak bi egitasmotan txertatuko ditugu: Keinu Txikien Herri Aliantzan eta Tolosatzen Eskola Irekian».

Alegazioak eta helegiteak

2021eko martxoaren 17an, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen udal lanpostuen zerrenda. Jendaurrean egon ondoren, bi alegazio izan ziren. Batetik, liburuzainak aurkeztutakoa, laugarren hizkuntz eskakizuna kendu eta hirutara mugatzeko. Bestetik, EAEko Biologoen Elkargo Ofizialak aurkeztutakoa. Orain arte, ingurumen eta landa eremuko teknikari posturako, ingurumen zientzietako erdi mailako titulua eskatzen zuten, baina nahikoa ez dela eta, biologian graduatua izatea exijitzen dute.

Giza baliabideetako sailak helegiteak aztertu zituen, baina ez zituzten egokitzat jo. Beraz, liburuzainaren eskakizuna, eta oraingoz, EAEko Biologoen Elkargo Ofizialak egindakoa ere ez onartzea proposatu dute, «lanpostu horren funtzioak ez duelako zerikusirik biologia graduen ikasketekin, eta ingurugiroko teknikarien lanpostuko funtzioek lotura zuzena dutelako landa eremuarekin».

Aldaketa horiez gain, hiru akats material aurkitu eta zuzendu ditu udalak. Batetik, udaltzain ofizial lanposturako A2 eta B gidabaimenak eskatzea, E agiririk (garabia erabiltzeko) ez eskatzea alegia. «Udaltzaingoan badira eginkizun hori beteko duten langileak, eta beraz, saileko buruari ez dagokio funtzio hori garatzea», arrazoitu zuen Xabier Balerdi zinegotziak. Bestetik, ofizialorde lanpostuan, dituen funtzioak kontuan izanik, bi aldaketa egitea proposatu zuen udal gobernuak. Ofizial lanposturako kasuan bezala, hirugarren hizkuntz eskakizuna gehitzea eta A2 eta B gidabaimenak eskatzea. Ondorioz, azken osoko bilkuran, hasierako izaera aldatu zitzaion aurtengo lanpostuen zerrendari, eta behin betiko onartu zen, udal gobernuko ordezkarien aldeko botoekin.

Emendakinak babesik ez

EH Bilduk aurka bozkatu zuen, izan ere, udal gobernuak atzera bota zuen oposizioko alderdiak udaltzainen gidabaimenen inguruan aurkeztutako emendakina. Kristina Pelaezek azaldu zuenez, ofizial eta ofizialorde lanpostuei garabia erabiltzeko gidabaimen eskaera kentzea ez dela ulergarria. «Lanpostu horiek barne promozioz bete behar badira, udaltzain guztiek behar dute gidabaimen hori. Gainera, egungo ofizialak beharrezkotzat jotzen du mantentzea, azken irizpenean honek egindako txostena kendu badute ere. Gidabaimen batek ez du talde gidaritza eta antolaketarako gaitasun gehiago ematen, baina kendu ere ez», esan zuen Pelaezek.

Giza Baliabideen sailak egindako irizpen proposamen bat zela eta, horretara atxikiko direla erantzun zion Balerdik. «Teknikoa den gai bat, teknikoa izan behar duena, eztabaida politiko eta sindikalera ekarri da. Penatuta nago, gaia bere lekutik eta onetik atera delako. Buruarekin jokatu dezagun eta susmo txarrak albo batera utzi».

Eskubideen aldeko mozioa

Azkenik, ekainaren 28an ospatu zen Sexu eta Genero Aniztasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Gay, Lesbiana, Transexual, Bisexual, Intersexual eta Queer-en eskubideen aldeko mozioa onartu zuten. Tolosako Udalak LGTBIQ+ pertsonen eskubideekin duen konpromisoa berretsi zuen eta hainbat konpromiso zehatz hartu zituen. «Aurrerapauso bat eman da Euskal Behatokiaren sorrerarekin. Pertsona guztien giza eskubideen aldarrikapenez ari gara eta irmoki gaitzesten ditugu oraindik ere gertatzen diren erasoak, kaleratu berri dituzten datuen arabera, hirukoiztu egin baitira kolektiboaren aurkako gorroto pasarteak», adierazi zuen alkateak.

Olatz Artola EH Bilduko zinegotziak ere hartu zuen hitza: «Stonewalleko gertakarietatik 52 urte pasa diren arren, askatasuna ospatu baino, aldarrikatu egin behar dugu oraindik. Tolosa eta Euskal Herri aske, harro, bizigarri, anitz, aberats, zoriontsu eta askeago bat lortze aldera politika publikoak sustatzen jarraituko du EH Bilduk».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!