Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitaleari buruzko azalpen gehiago eskatu dituzte, osoko bilkuran

Ataria 2021ko uzt. 6a, 07:58

EAJ-k ematen duen informazioa “eskasa eta nahasia” dela salatu du EH Bilduk; alkateak erantzun die udal gobernua bere hitza betetzen ari dela.

Tolosako Udaleko azken osoko bilkuran, EH Bildu alderdiak mahai gainera eraman nahi izan zuen eskualdeko ospitale berriaren gaia. EAJ-k ospitale publiko berriaren inguruan ematen duen informazioa “eskasa eta nahasia” dela salatu zuen Ander Figerido zinegotziak. “Tolosarrok eta eskualdeko gainontzeko herritarrok ez dakigu zer osasun eredu ezarriko den, zein zerbitzu izango ditugun, nolako azpiegitura izango dugun, ospitalea, osasun zentroa, zentro asistentziala edo bereizmen handiko zentroa izango den, ezta Asuncion klinikak itun bidez ospitale lanak egiten jarraituko duen ala ez ere”, salatu zuen.

Bestalde, Olatz Peon alkateak esan zuen udal gobernuak bere hitza betetzen duela. “Jaurlaritzarena da eskumena, eta han hartzen dira erabakiak; gainera, alderdi guztiak ordezkatuta gaude. Udalak duen egiteko bakarra kokapena zehaztea da. Azterketa hori aurreratu dugu, herritarrekin partekatu ditugu emandako urrats guztiak, eta zuek ere lehen egunetik izan duzue informazioa”.

Figeridok, ordea, “herritarron kezkak argitze aldera”, gardentasun handiagoa eskatu zion alkateari. “Zer gertatuko da urte luzez arreta publikoa eman duten bertako langileekin? Eta zein irtenbide emango zaie zentro berriaren orubean aparkatzen duten kamioiei? Gobernantza bateratua behar dugu, Tolosaldeko osasun arretaren etorkizuna guztion artean definitzeko”. Horrez gain, zalantzan jarri zuen Gotzone Sagardui osasun sailburuak zein helbururekin bisitatu zuen ospitalearen eremua.

Amaitzeko, Peonek baieztatu zuen sailburuarekin izandako bilera maila teknikokoa izan zela. “Ez dugu baldintzak betetzen ez dituen kokapen bat aukeratuko. Nik eskatu nion hona etortzeko, eremua bisita zezan. Gaia oso ondo ari gara lantzen eta lanean jarraituko dugu, ibilbide bat izango duelako. Ez dakit non ikusten dituzuen mamuak. Hainbatetan jarri duzue zalantzan gure hitza, eta nik ere zalantzan jar dezaket ea helburuarekin zuek ere bat egiten ote duzuen”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!