Tolosaldeko ospitale publikoa

Eskualdeko ospitale publikoa %100 publiko izatea eskatu dute ELAk eta LABek

Ataria 2021ko uzt. 2a, 12:16

Sindikatuek Asuncion ospitaleko langileak subrogatu eta egingo duten ospitale publikoko langile izatera pasatzeko eskatu dute.  Asuncion ospitaleko langileak ez dituen ospitale publikorik ez dutela onartu esan dute. 

ELA eta LAB sindikatuek esan dute eskualdeko ospitale publikoa egiteko lehen pausoak eman badira ere, oraindik bide luzea dagoela egiteko. Bide horretan ospitale publikoak izan beharko dituen "ezinbesteko" ezaugarrien berri eman dute.

Batetik, aipatu dute ospitaleak jarraituko duen eredua zehaztu behar dela: "Oraindik ez dugu inolako informaziorik jaso Eusko Jaurlaritza egiten ari den plan funtzionalaren inguruan; zer-nolako ospitalea izango den, zer zerbitzu izango dituen... Guztiz kezkagarria da Tolosako Udalak honetan eskumenik ez duela esatea eta zer ospitale eredu izango dugun ez jakitea". Sindikatuen ustez Tolosako Udalak baditu tresnak ospitale publiko baten alde egiteko, "borondate politikoa baino ez da behar". Esan dute Tolosaldeko herritarrek eskubidea dutela beste eskualdeetako ospitaleen ezaugarri "berberak" izango dituen ospitalea izateko.

Bestetik, ospitale publikoak Asuncion ospitaleko langileak jaso behar dituela uste dute. "Azken hamarkadatan Asuncion ospitaleko langileak izan dira Tolosaldeko herritarrak artatu dituztenak, zailtasun ugariren aurrean, profesionaltasunez eta arduraz lan eginaz. Eskualdeko ospitale baten funtzioa bete dugu, nahiz eta funtzio hori betetzeko, beste eskualdeetako ospitale publikoak baino langile gutxiago izan eta baldintza okerragoetan. Gainera Eusko Jaurlaritzak ez du lan hori aitortzen, nahiz eta artatzen den pazienteen %95 Osakidetzakoa izan".

Erabaki politiko baten ondorio

Eskualdeko osasun arreta "eskasa" enpresa pribatu batek eskualdeko osasun arreta kudeatzeagatik dela uste dute sindikatuek, eta hori, erabaki politiko baten ondorio dela nabarmendu dute.

Horiek horrela, Asuncioneko langileak subrogatzea eskatu dute eta Tolosako Udalari ardura bere gain hartzeko eskatu diote, eta gaineratu dute ez dutela onartuko Asuncion ospitaleko langileak ez dituen ospitale publikorik.

Mobilizazioak

ELA eta LABek esan dute  mobilizatzen jarraituko dutela: "Bidea egiten jarraituko dugu, %100 publikoa, zerbitzu guztiak dituen eredua eta Asuncioneko langileak barruan izango dituen ospitalea lortu arte. Udalak mahai gainean jarri ditugun gaiak saihestu ez ditzala eskatzen dugu eta Asuncioneko langileek eta Tolosaldeko herritarren nahiaren aldeko apustua egin dezala".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!