ELKARRIZKETA

«Bizitzako hilabete onenetariko bat»

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 3a, 07:59
Libe Martinez de Rituerto. E. MAIZ

Libe Martinez de Rituertok lehen urtean gazte moduan ezagutu zuen EuskarAbentura barru-barrutik; aurten begirale moduan ariko da, eta parte hartzeko «gogotsu» dagoela aitortu du.

Libe Martinez de Rituerto Zeberio tolosarrak EuskarAbenturan parte hartuko du. 2018an hilabetea gazte moduan Euskal Herria zehartuz bizitu bazuen ere, orain, hiru urte geroago, begirale moduan ariko da.

EuskarAbenturaren parte izango zara aurten ere, baina noiz parte hartu zenuen lehen aldiz?

Lehenengo aldiz lehen edizioan parte hartu nuen. 2018ko uztailean izan zen, duela hiru urte.

Eta nola gogoratzen duzu esperientzia hura?

Niretzat izugarrizkoa izan zen. Hasieran, uztailaren 1ean, izugarrizko urduritasunak gainean, eta guztiok Maulera joan ginen, baina gero azken egunerako ikaragarria izan zen. Urte horretako eta bizitzako hilabete onenetariko bat.

Zenbat urte zenituen?

Hamasei urte nituen, hamazazpi urteak betetzeko.

Zergatik eman zenuen izena EuskarAbenturan?

Egia esan nik ere ez dakit oso ondo. Aurkezpena egitera etorri ziren, eta aurkezpena egitera etorri zirenek ere oso ondo ez zekiten zerekin zetozen. Behin ere ez zen egin horrelako zerbait, baina ikastolako lagun batzuk elkartu ginen eta izena ematera ausartu ginen. Kontatu zigutena interesgarri suertatu zitzaigun; hilabete bat, espedizio bat, ehundik gora gazte,... gustatu egin zitzaigun eta aurrera egin genuen.

Bakarrik ez zenuen izena eman beraz?

Ikastolatik bost lagunek eman genuen izena, eta bostok joan ginen.

Lagunak gertu izatearekin agian errazago eman zenuen izena?

Baldintzetako bat izena bakarrik ematea zen. Bakoitzak bere aldetik eman genuen izena, eta azkenean zortea izan genuen eta bostok joan ginen.

Zer egin zenutela esango zenuke labur-labur?

Maulen hasi eta Euskal Herri osoa zeharkatu genuen uztailaren 1etik 31era. Gehienbat oinez, eta zati batzuk autobusez-eta egin genituen. Gogoan dut 700dik gora kilometro egin genituela oinez.

Orduan, kirola ere egin zenuten.

Bai. Horrez gain, egun osoa ez genuen oinez pasatzen, eta arratsaldeetan gonbidatuak izaten genituen, beste batzuetan ginkanak eta horrelako dinamikak, igerilekua, hondartza,... tokian zegoena.

Aspertu ez zineten egin beraz.

Ez, ez. Batere ez.



Zer ikasi zenuen abentura hartatik?

Ikasi gauza pila bat. Guk, azkenean, 16 urterekin Tolosatik kanpo edo Tolosaldetik kanpo behintzat ez genuen lagun asko. Esaterako hizkuntza aldetik zein ohitura ezberdin dauden; hasieran baita esango nuke nahikoa arrotz egin zitzaigula denak ez direla bizi guk dugun euskal giroarekin, hau da, hainbeste euskararekin. Orain, hiru urte pasa arren lagun asko ditut orduan eginikoak, eta oraindik harremana mantentzen dugu. Plan ezberdinak egiten jarraitzen dugu.

Euskal Herriko herri ezberdinetako jendea elkartuko zineten.

Iparraldetik etorri ziren bost bat. Bizkaitar asko zirela dut gogoan, eta, azkenean, Euskal Herrian zazpi lurraldeetako jendea zen. Gainera bat Ameriketako Estatu Batuetatik etorri zen eta beste bat Argentinatik.

Beraiekin ere euskaraz egiten zenuten?

Bai-bai. Hilabete osoan guztion artean dena euskaraz egin genuen.

Euskalki asko nahastuko ziren, beraz?

Bai-bai. Eta berriak asmatu eta dena.

Zerbaitek harritu zintuen, edo horrelakoa izatea espero zenuen?

Nik uste dut inork ez zuela espero horrelakoa izatea. Azkenean, hilabete bat, ezusteko ikaragarri bat izan zen. Izugarrizko giroa, harreman pila bat sortu ziren, joan ginen guztiok gauza pila bat ikasi genituen, izan begirale, antolatzaile, mediku edo gazte. Nik uste dut denok atera ginela gauza berri askorekin handik.

Hilabetea luze egin zitzaizun edo labur?

Labur ez, baina luzea ere ez. Nekea sortzen du hainbeste egun izateak. Ez zegoen inongo intimitaterik, denok frontoi batean egiten genuen lo, batera dutxatu,... dena batera zen. Oso gustura eta oso pozik zaude, baina denok eskertu genuen etxera bueltatzea. Deskantsatzea, ondo lo egitea, lurrean lo ez egitea,...

Hiru urte geroago, berriz parte hartuko duzu.

Aurten xerpa moduan joango naiz. Xerpak EuskarAbenturan begiraleei deitzen diete, eta nik neure taldetxoa izango dut. Jolastu eta dibertitzeaz gain, beste ardura batzuk izango ditut. Begirale ikuspegitik izango da.

Zer dela eta animatu zara begirale moduan parte hartzera?

2018an gazte moduan parte hartu nuen, eta urtebete beranduago begirale praktikak egiteko bidali nuen curriculuma, baina hamazazpi urte nituen oraindik eta ezin izan nuen parte hartu. Iazko bai hartu ninduten praktikak egiteko, eta ezin izan zen egin. Eta aurten bai joango naiz, baina jada begirale moduan. Beraz, ez da aurten animatu naizela.

Gogotsu zaude hasteko?

Sekulako gogoa daukat, eta uste dut denok horrela gaudela. Orokorra dela esango nuke. Azkenean pandemia hasi zenetik ez ditugu udalekuak eduki, eta ez dugu udalekuek ematen duten askatasun hori eduki, eta oso motibatuta nago bai.

EuskarAbentura du izena. Euskarak garrantzi berezia du?

Bai. Baldintza nagusienetako bat hori da euskara jakitea, eta prest egotea eta konpromisoa hartzea hilabete guzti horretan euskaraz hitz egingo duzula; euskaraz ibiliko garela. Nahasketa bat sortzen da, eta hortik ere asko ikasten da.

Hurrengo urteetara begira, zergatik animatuko zenuke gazte bat EuskarAbenturan parte hartzera?

Hasieran esan dudan moduan, niri utzi didan arrasto hori ez didalako bizitzan beste ezerk utzi. Aurten ez da hilabete oso bat izango, aurten formatua ezberdina da, baina hilabete bat etxetik kanpo pasatzeko aukera 15, 16 edo 17 urterekin ez dugu askotan izaten. 120 gazterekin eta jende gehiagorekin harremanak sortzeko aukera ere gutxitan izaten dugu, eta nik uste dut horrelako aukerak aprobetxatu egin behar direla. Datorren urtean DBH4n edo batxilergoan dauden guztiak animatuko nituzke izena ematera. Eta aurten datozenei prest egoteko eskatuko nieke, eta gogotsu etortzeko gauza pila bat antolatu ditugulako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!