ERREPORTAJEA

Aletxo bat euskarari

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 3a, 07:58
Ehun eta hogei gazte euskaraz saretuz. EUSKARABENTURA

EuskarAbenturaren hirugarren edizioa egoerara egokitu dute, eta 60 gazteko bi talde osatu dituzte; espedizioa ez da guztiz ibiltaria izango, eta lau herritan egongo dira bakoitzean bost egun igaroz; bigarren txandako lehen egonaldia Bidania-Goiatzen egingo dute.

Egungo egoerara egokitzen jakin dute EuskarAbentura, eta aurten ere, uztailean 120 gazte elkartuko dituzte Lapurdi, Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaian. 60ko bi taldetan banatuta, hamar egun batera pasako dituzte, eta bost egun toki bakoitzean. Espedizio ibiltariak ezin izan dio ohiko dinamikari eutsi, baina ilusio eta gogo berarekin antolatu dute aurtengoa ere, eta pozik dira proiektuak aurrera jarraitzen duelako. Bigarren txandako 60 gaztek, gainera, bost egun, Tolosaldean pasako dituzte, hain zuzen ere, Bidania-Goiatzen. Gipuzkoaz gain, Lapurdiko Zokoa, Nafarroako Lekaroz eta Bizkaiko Aulestin izango dituzte egonaldiak.

Irati Labaien tolosarra EuskarAbenturaren sortzaileetako bat da, eta 120 gazterekin Euskal Herria zeharkatzen duen espedizio ibiltari moduan definitzen du EuskarAbentura. Helburuen artean, besteak beste, euskara hitz egiten duten gazteen artean euskara sustatzea eta sare bat sortzea dituzte.

Ideia zoro batetik sortutako proiektua dela dio. «Taldeko bi kidek garai batean egiten zen Ruta Quetzal egina zuten, eta horietako baten buruan beti zegoen Ruta Quetzal bat egitea, nolabait eredu hartuta, baina Euskal Herritik eta euskaraz».

Irati Labaien: «Guztiek ez, baina batzuk hizkuntza ohiturak aldatu izana guretzat izugarrizko oparia da»


Zortzi lagun ideia zoro harekin bueltaka hasi zirela kontatu du, eta «ez genekien nora iritsiko ginen, baina 2018an egin genuen lehen espedizioa hilabete batez». Uztailaren 1ean 120 gazte elkartu, eta uztailaren 31ra bitarte egin zuten espedizio ibiltaria, eta «nahiko arrakastatsu» moduan definitu du Labainek.



Lau helburu zituzten jarrita, eta lehena euskararen erabilera sustatzea: «Badirudi datuek diotela jakintzaren gainean ehuneko oso altuak ditugula, baina gero euskararen erabileran ehuneko horiek jaitsi egiten direla». Hori zuten lehen helburutzat: erabileran eragitea. Baina baita gazteen artean sare bat sortzea ere: «Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean badaude mugak, edo zonalde euskaldunak eta ez hain euskaldunak, edota ez hori bakarrik, euskaraz hitz egin dezaketen eta Euskal Herritik kanpora bizi diren gazteak ere nolabait ekartzea zen nahia», azaldu du Labaienek. Horrez gain, balore osasuntsu batzuk sustatzea nahi dute, eta «gure herrian dagoen ondare historiko eta kulturalaren inguruan ere pixka bat gehiago sakontzea».

«Badakigu EuskarAbenturak bakarrik ez dituela lortuko, baina guk aletxo bat jarri nahi dugu», dio tolosarrak: «Gure gurasoek euskararen inguruan egin duten lan guzti hori hartu, eta aletxo bat jarri; hori zen xumeki egin nahi genuena». Horrez gain, EuskarAbentura esperientzia bizitzeak berarekin dakartzala diote, hainbat balore, jarrera eta gaitasunen lanketa: parekidetasuna, bizikidetza, ardura, autonomia, ingurumenarekiko begirunea eta turismo eredu jasangarria beste hainbaten artean.

Irati Labaien: «Ez da bakarrik diruz laguntzen gaituztenena, denborarekin eta lanarekin laguntzen digutenena ere aipagarria da» 


2018an egin zuten lehena, eta behin bigarrena 2019an eginda, babes handia jaso zutela adierazi du erakundeetatik-eta. «Lan boluntario izugarria egin dugu zortzi lagunen artean», argitzen du. Gero 2020an pandemia etorri zen, eta ezin izan zuten antolatu. Aurtengorako, ordea, garbi zuten, egoerara moldatuta antolatu beharra zeukatela. Espedizio ibiltari bat ezin izan dute prestatu, baina «zerbait egin nahi genuen aurten, eta nahiz eta formatua ezberdina izango den, egin egingo dugu».



Lehen bi edizioen balorazioa «oso ona» egiten dute antolatzaileek, eta «pozik» daude. «Bereziki gazteen aldetik izugarrizko harrera izan genuen, eta baita bidean zehar parte hartu duten bestelako erakunde, pertsona, administrazio, etabarren... aldetik ere; eta beraien babesa berriz azaltzea guretzat bada balorazio positibo bat», gaineratu du.

Sare sozialen bidez harremana mantentzen dute parte hartzen duten gazteekin. «Edozein gauza behar dugula, ordubetean, 200dik gorako sare bat dugu», dio.

Iaz bertan behera geratu ostean, irailean, B plana buruan hasi zirela lanean aurreratu du. 120 gazte eta 30 langile ezin direla herriz herri ibili, eta moldatu egin dute abentura. Otsailean erabaki zuten B plan hori izango zela aurrera aterako zena, «ezin duguna da espedizio ibiltari batekin herri guztiak gurutzatzen ibili», esan du.

Talde txikiagoak eta leku berean

Talde txikiagoak osatu dituzte, eta leku berean egongo dira. Bi txanda banatu dituzte, eta 60 gazteko bi taldek biziko dute EuskarAbentura. Lehenengo txanda hamar egunekoa izango da, eta gaurtik hasi eta hilaren 11ra bitarte luzatuko da. Bigarren txanda, berriz, uztailaren 16tik 25era egingo dute. Lehen txandakoek, bost egun Zokoan (Lapurdi) pasako dituzte, eta hurrengo bost egunak Lekarozen (Nafarroa). Bigarren txandakoek, berriz, eskualdea zapalduko dute. Bidania-Goiatzen igaroko dituzte lehen bost egunak, eta gero Bizkairako bidea hartuko dute Aulestin bukatzeko espedizioa. «Lau herri horietan ateak zabaldu dizkigute» esan du Labaienek, eta «eskerrak» ematea baino ez zaiela geratzen.

Jende asko bizi ez den herriak aukeratu dituzte. Ibilaldiak egingo dituzte, ekimen ezberdinak, museoak edo leku esanguratsurik bada bertara bisitak, hitzaldiak, soziolinguistika tailerrak, sorpresa izango diren bisitak...



Osasun egoera tarteko, parte hartuko duten gazte guztiei 48 ordu lehenago PCR bat egingo diete, eta espedizioa hasten duten egunean, autobusera igo baino lehen antigenoen proba egingo dietela azpimarratu du: «Baldintza guztiak beteko direla bermatu nahi dugu».

Banatuta bada ere, aurten ere, 120 gazte elkartuko dituzte: «Urteroko gure helburu hori bete nahi genuen».

Gazteen datuei begira, iaz 370 bat pertsonek aurkeztu zutela lana esan du, eta aurten 160 izan direla. «Pandemiaren eraginez jaitsi dela uste dugu, baina iaz aurkeztu zirenek ere aukera izan dute aurten parte hartzeko; ez genituen kanpoan utzi nahi».

Gazteentzat espedizioa guztiz doakoa bada ere, horren trukean saria irabazi egin behar dutela azpimarratu du antolatzaileak: «Gai desberdinak proposatu ohi ditugu, eta beraiek lan bat aurkeztu behar dute. Lanik onenak dauzkatenek espediziorako sarbidea dute dohainik».

Dena egiteko

Lehen urtean izan zuten, batik bat, izugarrizko lana: «Dena egiteko zegoen, eta ez ginen inor». Elkarte bat sortu zuten diru laguntzak edota bilerak eskatu ahal izateko. «Zuek zeintzuk zarete galdetzen ziguten», kontatu du tolosarrak. Lehen urtea bereziki gogorra izan zela gogoratzen du, baina baita polita ere. Lantaldetan banatu ziren: ibilbidearen diseinua, herrien aukeraketa, edukia lotu, diru laguntzak lortu,... «Aurrekontu nahiko potoloa behar genuen, eta lortu genuen lehenengo urtean, eta hori ere izugarrizko lana izan zen», gehitu du. «Erantzuna jaso genuen, eta proiektuak interesa daukan seinale izango da». Komunikazio aldetik ere lan handia egin zutela nabarmendu du Labaienek.

Bestetik, gazteek egiten dituzten lan guztiak baloratzen lan handia egiten duela Eusko Ikaskuntzak azpimarratu du. «Hori guretzat izugarrizko laguntza da», dio. «Ez da bakarrik diruz laguntzen gaituztenena, denborarekin eta lanarekin laguntzen digutenena ere aipagarria da».



Aurkezten dituzten lanak literarioak, musikalak, bideoak, eta abar... izan daiteke: «Guk guzti horiek jasotzen ditugu, eta Eusko Ikaskuntzak zuzentzen ditu».

Egungo egoera tarteko, Osasun sailarekin ere harremanetan egon behar izan dute: «Gutxi gorabehera zein baldintzetan aurrera ateratzea izango genuen jakiteko». Horrek «estres» handiagoa eragin diela aitortu du, baina era berean, lau tokitan finko egoteak erraztu egin diela: «Espedizio batean 31 egunez lotu behar duzu lotarako lekua, cateringak leku ezberdin batera joan behar du egunero eta horrek izugarrizko lana suposatzen du, eta zehaztasun maila oso handia; esaterako, janari zerbitzua jasotzeko egun eta ordu zehatz batean leku horretan egon behar duzu».



Orain, bost egun leku berean egoteak lana erraztu die, baina baita lehen bi urteko eskarmentua izateak ere. «Bi pertsona, jardunaldi osoan bat eta bestea erdian liberatuta ditugu, eta hori guretzat izugarria da. Beraiek lan handia eta ona egin dute».

Euskara erdigunean

Egin nahi dituzten gauza gehiegi dituztela buruan kontatu du Labaienek, eta, azkenean, %10a baino ez dutela egiten jzioquitar izenez deitzen dieten gazteekin. «Edukiko lantaldeak gauza asko egin nahi izaten ditu, baina gero denbora falta zaigu», esan du. Gazteek beraien uneak izan ditzaten ere saiatzen dira, eta Zokoan, esaterako, itsasertzean egongo direnez, hondartzaz gozatzeko aukera ere utzi nahi diete, «baina orokorrean nahiko betea izaten dugu programa». Soziolinguistika tailerrak egin izan dituzte, eta aurten ere egin nahi dituzte. Euskarak toki handia hartzen du abenturan, eta «euskararen leku ezberdinetako egoera aztertu, eta kontzientzia hartu dezagun denok».



Jakitun dira gazte batzuen artean hizkuntza ohiturak aldatu dituztela, eta «guztiek ez, baina batzuk aldatu izana guretzat izugarrizko oparia da».

Probintzia guztietako gazteak egongo direla bermatu nahi izaten dute. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan ahalegin berezia egin dute: «Beti gehiago kostatzen zitzaigun bertako gazteek parte hartzea». Ahalegin berezia egin dute, eta parte hartzea handiagoa izatea lortu dute, eta gustura daude.

Euskalkien festa moduan hartu daiteke abentura, baina nabarmendu du, gazteen artean, asko direla egunerokoan euskara erabiltzeko ohiturarik ez dutenak, eta «horiek ere nahi ditugu», dio. «Horiek ere gure errealitateko parte dira, eta garrantzitsua iruditzen zaigu errealitate guzti horiek bertan izatea».

Behin eta berriz aipatu du saretzea tolosarrak, eta saretzean jarri nahi dute arreta berezia: «Askotan ez diogu garrantzirik ematen baina 120 gazte, urtero-urtero saretzeak, horrek izugarrizko eragina izan dezake, eta hemendik hamar urtetara ere jende hori saretuta egongo da. Hori da behintzat nik buruan daukadan ideia».



Saretze hori mantentzea gustatuko litzaieke, eta hemendik «10-20 urtetara beraiek beraien EuskarAbentura propioa antolatuko dute». Polita litzatekeela onartu du. Saretzeak duela indarra, eta «herri bateko ekimen kulturalak, hizkuntzaren aldekoak, saretze horrek bideratzen ditu askotan», zehaztu du.

Antolatzaileen esperientzia ekarri nahi izan du gogora, eta zortzi lagun toki ezberdinetakoak elkartu zirela EuskarAbentura sortzeko; beraiek ere, aurretik ekimen ezberdinetan ezagutuak dira: «Horrek egiten du aberats gure herria».



Xerpen harrobia

Lehen urtean deialdia egin eta elkarrizketa mordo bat egin ostean aukeratu zituzten «ausartak» deitu dien begiraleak. «Ez zekiten nora zetozen ere». Batzuk errepikatu izan dutela esan du, baina gerora, jzioquitar izenez deitzen dituzten gazte horiek, xerpa edo begirale moduan etortzen direla gehitu du, eta «izugarrizko harrobia» dutela. Hasieran zaila egin zitzaien, baina urteak pasa ahala nabari dute gero eta jende gehiagok ezagutzen duela EuskarAbentura, eta geroz eta jende gehiagok parte hartu nahi duela sentitzen dute.



Era berean, dagoeneko gazte horiek ezagutu ere egiten dituzte, eta saretze horren parte ere badela nabarmendu du.

60 jzioquitar gidatu beharko dituzte txanda bakoitzean, eta lanari begira, egonaldi bakoitzean hogei laguneko talde bat ariko da lanean: talde urdina. Hiru mediku izango dira, eta txanda bakoitzean bik egingo dute lan. Osasun taldeaz gain, komunikaziorako taldea izango da, eta argazki eta bideoz arduratuko da. Noski xerpa edo begiraleak izango dira lanean, eta baita xerpa laguntzaileak ere, hau da, praktikak egingo dituztenak. Eta guzti hau koordinatzeko bi langile izango dira txanda bakoitzean.

Erlazionatuak

«Bizitzako hilabete onenetariko bat»

Eneritz Maiz Etxarri 2021 uzt 03 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!