Udatiar errezeta izango dugu gaurkoan: oreo izozkiak. Ez da oso osasungarria; azukreduna eta koipetsua, baina egin dezagun estra bat uda garai honetan!
Oreo gailetak erabiliko ditugu eta horrek bere puntua gehituko dio errezetari. Zaporea emateaz gain, kolorea ere gehituko diote gure izozkiari.
Gezurra ematen badu ere, izozkia egiten sutan hasiko gara. Hau da, sutan jarriko ditugu esnea, esne-gaina, azukrea, lau arrautza-gorringoak, gatz pittin bat eta bainila esentzia. Arrautzak beraz, aldez aurretik banatu beharko ditugu gorringoa eta zuringoa. Gorringoarekin natilla moduko bat prestatzea lortuko dugu. Zuringoa adibidez, ondoren berrerabili genezake; esaterako, zuringo tortilla bat prestatzeko.
Gure izozkietara bueltatuta... Su baxuan izango ditugu aipaturiko osagaiak, uneoro barila batekin nahastuko dugu. Irakin punturaino eramango dugu. Suabe-suabe hala ere, ez erretzeko. Ipurdia errez gero, gure izozkiak erre zaporea izango luke eta. Suabe-suabe mantenduko dugu sua, esandakoa, gure nahasketa apurtxo bat loditu arte.
Ondoren, oreo gailetak birrinduko ditugu. Plastiko batean sartu eta zanpatuko ditugu, adibidez botila bat erabilita. Behin birrinduta daudenean, suan dugun nahasketari gehitu eta bueltak ematen hasiko gara.
Hurrengo pausoa izoztea izango da. Horretarako, tupper batzuetan sartuko dugu, hermetikoak baldin badira are hobeto, zaporerik eta usainik ez dute hartuko eta. Izozkailuan bost bat orduz utziko dugu.
Bost ordu horiek pasata, izozkailutik atera eta berriro nahastuko dugu. Izozketa prozesuaren lehen zati honetan kristalizatu bezala egingo zaigu eta hori nahi ez dugunez, krematsuak nahi ditugunez, prozesua eten egingo dugu. Etxean baldin baditugu, polo itxurako moldeak, horiek erabiliko ditugu jarraian, bertan botaz gure nahasketa. Honela lortuko dugu izozki forma ematea. Berriro ere izozkailura sartu beharko ditugu polo moldeak, bizpahiru orduz.
OSAGAIAK
- Esnea (400 ml).
- Esne-gaina (400 ml).
- Azukrea (200 gr).
- Arrautza-gorringoak (4).
- Gatza (pixka bat).
- Oreo gailetak (12).
- Bainila esentzia (tanta batzuk).