ELKARRIZKETA

«Normaltzat hartu dugu egoera, hori da arazoa»

Iñigo Terradillos 2021ko eka. 26a, 07:59

Urteak daramatza Tinko euskara elkarteak zinemetan euskara entzuteko lanean, eta orain, Pantailak Euskaraz mugimenduarekin egin du bat; ikus-entzunezkoak hizkuntza normalizatzeko ezinbesteko tresna direla diote.

Tinko euskara elkartea Pantailak Euskaraz mugimenduko talde eragilean dago, eta bertako kide da Iñigo Arandia (Tolosa, 1974). Euskara Zinema Aretoetara proiektua bezala, amak sortu zuen Tinko duela 25 urte baino gehiago. «Zinema aretoetan ez zegoela euskararik ikusten zuen amak eta horregatik sortu zuen, eta 25 urte geroago oso antzeko egoeran gaude», dio.

Zein da Tinko euskara elkartearen egitekoa?

Asteburu honetan, esaterako, zinema aretoetara joaten bazara ez duzu euskarazko filmik topatuko. Tinko euskara elkartea 25 urteetan saiatu da ohiturak sortzen eta ikastetxeetan hezkuntza sisteman euskarazko filmak bikoiztu eta zabaltzen. Urtean zortzi film inguru banatzen ditugu ikastetxeetan zinema aretoetan ikusteko. 25 urte hauetan ia bi milioi ikusle izan ditu proiektuak. Urtean 100.000 ikusle inguru izaten ditugu. Hori da egiten ari garen lana, ez modu errazean, bereziki azken urteetan, euskarazko filmen ekoizpena eta bikoizketa krisi sakonean egon baita.

Egoerarekin kezkatuta, Pantailak Euskaraz mugimendura batu zarete.

Erabateko zentzua zuen guretzat ekimen honek, denbora baitaramagu kezkatuta euskarazko ikus-entzunezkoaren egoerarekin. Lehendabizi Disney Euskaraz eta ondoren Netflix Euskaraz herritar ekimenak sortu dira sinadurak biltzeko. Hortik abiatuta, Pantailak Euskaraz mugimendua sortu da, eta Tinko euskara elkartea talde sustatzailean dago.

Hainbat 'streaming' plataforma sortu dira azken urteetan. Helburua da bertako edukiak euskaraz ere izatea.

Internetek, oro har, izugarrizko iraultza ekarri du gizartearen alor guztietan, eta ikus-entzunezkoan, zer esanik ez. Streaming bidezko plataforma ugari sortu dira, eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua erabat aldatu da, ohiko telebistaren kalterako. Aldarrikapen nagusia da euskarazko ikus-entzunezkoari bultzada ematea. Edukiak sortu behar dira euskaraz, bai ekoizpen propioak, bai eta edukiak bikoiztu edota azpidatziak jarri. Garrantzitsua iruditzen zaigu martxan dauden plataforma horietan euskararen presentzia areagotzeko ahalegina egitea. Horrekin batera, ahal dela, euskarazko plataforma propioa izan beharko genukeela uste dugu.

Euskarak horietan duen lekua nolakoa da?

Ikus-entzunezko kontsumoa, oro har, aldatu egin da, online dagoela esan daiteke, eta euskarazko eskaintza hutsaren hurrengoa da bertan. Ikus-entzunezkoari eragiten dion legeriaren inguruan hausnarketa bat egin eta eragiten dizkion atal guztiak diagnostikatu eta soluzio bat edo alternatiba bat egitea da asmoa. Horretarako, hausnarketa bat egiten ari gara. Sektoreko eragile guztiengana iritsi nahi dugu, eta guztiok aldarrikapen hauetan parte hartzea, eta manifestu bat ateratzea gure ikuspegia emanez.

«Ekoizpena ez da iristen hizkuntza bat normalizatzeko beharrezko kopurura»

Zergatik geratu da euskara atzean?

Urte asko daramatzagu sorkuntza eta bereziki bikoizketarik egin gabe. Bikoizketa erabat alde batera utzia izan da, ez da zaindu. Edukiak ez dira sortu, eta edukirik ezean plataformek ezin dute publikatu. Ekoizpen propioa ez da iristen hizkuntza bat normalizatzeko beharrezko izango litzatekeen kopurura. Gainera, plataforma hauentzat euskara bezalako hizkuntza txiki bat gehiago da enbarazu edo arazo bat, eta horregatik ez dute aintzat hartzen. Horregatik, legez bermatu ahal izatea bultzatzen dugu.

Ur handitan sartzea ez al da?

Baina, beharrezkoa da. Ur handitan sartu beharra dago, bermatuko badugu euskaraz bizitzeko aukera. Eskaintzarik ez badago ez dago euskara kontsumitzerik eta euskaraz bizitzeko aukerarik. Erantzukizuna dago enpresa handi hauen eta erakundeen aldetik. Merkatuak bermatzen ez duenean esku hartze bat egon behar da. Hizkuntza eskubideak badira, eta horiek bermatu egin behar ditugu. Oraingo egoera hobetzeko lan handirik egin gabe uste dut lortu daitezkeela urrats handi batzuk. Helburua da dagokiona guzti hauekin harremanetan jartzea eta saiatzea aintzat har gaitzaten.

Ba al duzue gisa honetako adibiderik?

Katalunian bertan hemen ditugunak baino lege ausartagoak dituzte. Badago, beraz, egiteko modua. Bikoizten den edukia han askoz handiagoa da. TV3 zaindu da, bikoizketa zaindu da… Gu, askoz maila apalagoan gaude. EAEn, esaterako, urtean 700 film komertzial inguru estreinatzen dira. Horietatik euskaraz, haurrentzako egiten diren 12-15 pelikula izaten dira, eta tartean suertatu daiteke Handia bezalako euskarazko film bat. Hau normaltzat hartzen dugu, eta hori da arazoa. Horretara ohitu gara, normalizatu egin dugu.

«Plataforma propio bat sortu beharko litzateke, guretik zabaldu eta kontsumitzeko»

ETBren egoera nolakoa da?

Orain zuzendaritza aldaketa egon da eta pauso txukun batzuk ematen ari dira. Plataforma baten iragarpena egin dute, eta gure ustez horrek euskara hutsezkoa behar du izan. Izan ere, arrisku handia dago plataforma bakarra sortzea gurean egiten diren eduki guztiekin, eta beti bezala, euskara bigarren mailara igarotzea. Horretarako, edukiak sortu behar dira eta bikoizpena sustatu eta azpidatziak sortu. Plataforma batean film gutxi jartzen badituzu ez du zentzurik. Ez dugu ahaztu behar ETBren sorreraren helburua zein zen, euskararen sustatzea eta normalizazioa. Hori une honetan ez da egiten, ez da nahikoa egiten. Ikusi besterik ez dago nolako audientziak dauden eta zenbat ekoizpen egiten diren. Edukien aldeko apustuak askoz ere handiagoa izan behar du.

Ekimenaren berri eman duzue. Zein da hurrengo urratsa?

Netflix Euskaraz, Disney Euskaraz eta Zinemak Euskaraz ekimenek euren bidea jarraitzen dute, eta sinadurak jasotzen ari dira. www.pantailakeuskaraz.eus webgunean topatu daitezke atxikimenduak emateko estekak. Bestetik, gu talde eragile moduan euskalgintzako eragileekin harremanetan ari gara, eta ikus-entzunezko sektoreekin ere ari gara hizketan irekian zabaldu genuen aldarrikapen taulari ekarpenak emateko. Helburua da aurkeztuko dugun manifestuak ahalik eta kontsentsu handiena izatea. Hori urte amaiera baino lehen egingo dugu.

Era berean, mugimenduaren laguntzaile sarea osatu nahi dugu, abian diren sinadura bilketa kanpainak indartu eta sareetatik zabaltzen ditugun mezuak ahalik eta gehien hedatzen laguntzeko. Mugimenduari bultzada eman nahi dioten herritarrak animatzen ditugu www.pantailakeuskaraz.eus webgunean sartu eta laguntzaile egitera.

Ahalik eta indar gehiena batu eta erakundeetara jo nahi duzue.

Argi dago erakundeekin ere bat egin behar dugula. Erakundeak, eragileak eta herritarren artean ematen diren pausoak eta proiektuak dira indartsuenak. Gure aldetik prestutasun guztia izango dugu erakundeari bide horretan laguntzeko. Ikus-entzunezkoak hizkuntzaren normalizaziorako ezinbesteko tresna dira, horien kontsumoa aldatu egin da, eta euskara ez da egokitu. Ulertu behar dugu horrek etorkizunean eragin negatiboak izango dituela, hori barneratu behar dugu denok eta aurre egin behar zaio.

Beste hainbat lekutan aurrerapausoak eman badira posible dela dirudi.

Orain gutxi Islandiako kultura ministroak Netflixi idatzi bat bidali zion, eta dagoeneko akordio batera iritsi dira. Islandiak 300.000 hiztun ditu, baina estatu propio bat izateak ere abantaila hori du. Dena den, Jaurlaritzak indarra egin eta baliabideak jarrita hori lortu beharko litzateke. Hala ere, horrekin batera, paraleloki plataforma propio bat sortu beharko litzateke, guretik zabaldu eta guretik kontsumitzeko.

Erlazionatuak

Pantailetan ere, bere lekua izan dezan

Iñigo Terradillos 2021 eka 26 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!