Pantailetan ere, bere lekua izan dezan

Iñigo Terradillos 2021eko ekainaren 26a

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen hutsunearekin kezkatuta dauden hainbat eragilek Pantailak Euskaraz mugimendua aurkeztu dute; manifestu bat osatu asmo dute «ahalik eta eragile gehien batuta», eta, erakundeekin elkarlanean, egoera iraultzea dute helburu.

Euskarazko edukien eskaintza ikus-entzunezkoetan beti izan da bere inguruko hizkuntza handiek dutenaren ondoan oso murritza. Alde hori, ordea, azken urteetan nabarmen handitu da. Batetik, Internetek eta ikus-entzunezko plataformek herritarren eskura dagoen eskaintza biderkatu egin dute, eta horietan hizkuntza handiak dira nagusi, bai jatorrizko edukiari dagokionean, bai eta bikoiztutako edo azpidatzitakoari dagokionean ere. Bestetik, ezin esan euskarazko edukien eskaintza areagotu egin denik, ez euskaraz sortutakoa ez eta euskarara egokitutako edukia ere. Bada, egoerak kezkatuta, Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute zenbait eragilek, «ikus-entzunezkoetan euskarak duen egoera irauli eta euskarazko etorkizuna lortzeko» helburuarekin.

Euskarak duen egoera irauli eta euskarazko etorkizuna bermatzea du helburutzat

Netflix Euskaraz herritar taldea, Disney Plus Euskaraz herritar taldea, Tinko euskara elkartea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea dira mugimenduko talde eragilean ari direnak.

Berriki sortutako Zinema Euskaraz herritar taldeak ere haiekin bat egin du, hainbat eragilek dagoeneko babestu dituzte euren aldarrikapenak, eta Euskal Herriko ikus-entzunezko sektoreko eta euskalgintzako eragile guztiekin euren egoeraren inguruko hausnarketa partekatu nahi dute.

Euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestu bat lantzea du helburu Pantailak Euskaraz mugimenduak, ahalik eta eragile gehienen ekarpenekin. «Hizkuntzaren normalizazioan pauso sendoak ematea, euskarazko ikus-entzunezkoen produkzioa sustatu eta hedatzea, eta bikoizketa indartzea» du helburutzat, eta Euskal Herrian lanean ari diren alderdi politiko eta eragile guztiei eskatu diete aldarrikapenak bere egiteko.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!