Udako fruta bat baliatuta egingo dugu gaurko errezeta. Oraindik bero egunak geratzen zaizkigula pentsa dezagun, jarraian errezeta fresko bat.
Askok meloia urdaiazpikoarekin jango genuen noiz edo noiz; honakoa beraz errezeta horren bariante bat dela esan genezake. Zopa moduan hartuko dugu eta fresko-freskoa, salmorejoa edo gazpatxoaren antzera.
Lehenik eta behin, meloia prestatuko dugu, azala kenduko diogu. Haziak ere kenduko dizkiogu. Esan beharra dago, meloia helduta baldin badago, harik eta hobeto, gero irabigailutik pasa beharko dugu eta. Jarraian beraz, irabiagailutik pasako dugu gure meloia, irabiatuak egiteko baso handi horietako tresnaren bat baldin badugu lana erraztuko digu, edota sukaldeko robota. Beste aukera bat da, bol handi batean jartzea eta ondoren, eskuzko irabiagailua pasatzea. Erabat likidoa bihurtu arte, eraginez ariko gara.
Zopa bihurturik dugunean, gure meloiari esne-gaina gehituko diogu. Eta berriro ere irabiatuko dugu, ez gehiegi; ez baitugu esne-gaina loditzea nahi, nahastea da lortu nahi duguna. Gure nahasketari, gatza eta azukrea botako dizkiogu, neurri berdinean. Eta gustukoa baldin badugu, pipermin beltza ere gehituko genioke pauso honetan. Gure zopa prest egongo litzateke honenbestez. Garrantzitsua da hotza hartzea, horretarako ordu pare batez hozkailuan utziko genuke.
Ukitu berezia urdaiazpikoarekin emango diogu. Urdaiazpikoak bere horretan gozotasuna emango dio, ohituta baikaude urdaiazpikoa gordinik jatera. Baina kasu honetan, kurruskari moduan prestatuko dugu. Horretarako, platera batean sukaldeko mahai-zapi zurgagailua jarri, eta gainean urdaiazpiko xerrak zabalduko ditugu, eta gainean berriro ere papera jarriko diogu. Mikrouhin labean sartuko dugu, minutu pare batez, gehienez. Paperak urdaiazpikoak askatutako koipea xurgatuko du. Honela xaflak kurruskari moduan geratuko zaizkigu.
Geratzen zaigun bakarra aurkezpena litzateke. Bakoitzarentzat bol bat prestatuko genuke, zoparekin. Eta gainean, urdaiazpiko kurruskaria gehituko genioke, zatitxoetan. Honela gure zopak puntu gazi hori hartuko luke.
OSAGAIAK
- Meloia (erdia).
- Esne-gaina (150 ml).
- Gatza (koilarakadatxo erdia).
- Azukrea (koilarakadatxo erdia).
- Pipermin beltza.
- Urdaiazpikoa (Lau xerra).