SAPERE AUDE

Eta bakterioek eguraldia kontrolatuko balute?

Erabiltzailearen aurpegia Ane Amundarain 2021ko eka. 13a, 19:58

Uste dut denok desiratu dugula noizbait euria nahieran egitea: gauez, etxean nagoenean bai; baina Tolosako Kuadrilla Egunean ez… Ziur nago mota honetakoak noizbait esan dituzuela. Hala ere, eguraldia ezin omen dugu kontrolatu… MOMENTUZ. 

Izan ere, ba al zenekiten hodeietan ere bakterioak aurkitu direla? Gutxien esperotako lekuan ere, bakterioak nagusi! Bada, hodeietako bakterioek mikrobioma atmosferikoa delakoa osatzen dute. Eta mikrobioma honek eguraldia kontrolatzeko aukera eman diezaguke, bakterio hauek hodeiak sortzeko eta euria egingo duen edo ez erabakitzeko ezinbestekoak baitira.

Gure bakterio euri-eragileak 'Pseudomonas syringae' du izena, eta euria sortzearen sekretua bere mintzeko zenbait proteinetan dago

Pentsa, bakterioak hain dira arinak non edozein haize bolada edo ekaitzek lurretik airera altxa ditzakeen, eta goranzko haize-korronteak harrapatuz gero, atmosferan flotatzen geratu daitezke. Eta atmosferan zehar mundu osoan zehar bidaiatzeko gai dira, Zeelanda Berrian hasi eta Frantzian bukatzeraino. Eskerrak COVID-19ak ez duen haizean zehar hain urrutira bidaiatzen! Bakterio espezie hauetako batzuk atmosferako baldintza gogorretan bizirauteko gai dira, eta bertatik, unerik txarrenean euri-zaparrak bidaltzen dizkigute. 'Bio-prezipitazio' izeneko prozesu hau aspalditik da ezaguna, baina orain arte euri edo elurraren sorreran garrantzia gutxikoa zela uste zen… ORAIN ARTE.

Ikusirik bakterio hauek euriaren sorreran zein eraginkorrak diren, behar den lekuetan hodeiak 'erein' eta euria eragiteko erabili al daitezke?


Zehazki, gure bakterio euri-eragileak Pseudomonas syringae du izena, eta euria sortzearen sekretua bere mintzeko zenbait proteinetan dago. Proteina hauek izotzaren nukleazioa eragiten dute. Hau da, tenperatura nahiko altuetan izotz-kristalen sorrera eragin dezakete. Hortik nukleazio hitza. Berez, bakterio hauek landareen gainean bizi dira, bereziki uztetan, eta izozteekin lotutako kalteak eragiten dituzte, izotz-kristalak landareen hostoetan eratzea errazten baitute. Hala ere, hodeietan daudenean lagungarriagoak zaizkigu. Izan ere, P.syringae-k hodeietan ere izotz-kristal edo ur-tanten sorrera eragiten du. Ur-molekulak pilatzen doazen heinean, izotz kristal edo ur-tanten pisua handituz doa hodeitik erortzen diren arte. Eta euria hasten da.

Ikusirik bakterio hauek euriaren sorreran zein eraginkorrak diren, behar den lekuetan hodeiak 'erein' eta euria eragiteko erabili al daitezke? Zalantzarik gabe, eguraldiaren manipulazioa gai mamitsua da oso, orain arte garatu diren mota honetako proiektuek herrialde ezberdinen artean gatazka politikoak eragin baitituzte. Hala ere, hodeiak P.syringae-rekin 'ereitea' ez da hain prozesu erraza, bakterio gehiegiren presentziak euriaren sorrera ekidin baitezake. Gainera, esan bezala, bakterio hauek euri tanten barruan daudenez, zaparrada hasitakoan berriro lurrera erortzen dira, eta landareen gainera jausiz gero uztak kaltetu ditzakete. Gauzak honela, oraindik 'euria eragin' ahal izateko pixka bat falta zaigu, baina prezipitazioen inguruan dugun ulermena handituz doa, eta beraz, eguraldiaren manipulazioak utopia bat izateari utzi dio. Beharbada, hemendik gutxira, EITB-ko Eguraldian ere mikrobiologo adituak agertuko zaizkigu…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!