Gipuzkoako Foru Aldundiak Tolosako eraso matxista salatu du

Ataria 2021eko ekainaren 3a

Joan den larunbatean Tolosako skate parkean eraso matxista bat jasan zuen emakume batek, eta horren aurrean gertaeraren "gaitzespen irmoa" egin du foru aldundiak. Era berean, bere laguntza eta babesa adierazi dio erasoa pairatu duen emakumeari, nahiz haren gertuko lagun eta senitartekoei. 

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean erantzun publikoa emateko Gipuzkoako protokolo instituzionalari jarraituz, foru aldundiak esan du bat egiten duela Tolosako Udalak erasoa gaitzesteko argitaratu duen oharrarekin eta nabarmendu du halako gertaeren oinarrian gizon eta emakumeen berdintasun falta dagoela, "emakumeak kontrolpean eta mendean izan nahi dituzten jarrera eta ideia matxistak", alegia. 


Gizon eta emakumeen berdintasuna, emakumeen integritate fisikoa eta sexu askatasuna eskubide urraezinak direla nabarmendu du, eta eskubide horien aurka doazen jarrerek gizartean ez dutela lekurik esan du. "Hori dela eta, foru aldundiak berretsi egiten du gizarte eta erakunde guztion konpromiso aktiboari eusteko beharra, halako eraso sexista eta matxistei aurre egiteko garaian".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!