Tolosako Udalak herrian gertatutako eraso matxista salatu du

Ataria 2021eko ekainaren 2a

Iturria: inseguridad.org

Larunbat gauean skate parkean izandako eraso matxista baten berri eman du Tolosako Udalak, eta "irmoki" salatu du. Tolosako Asanblada Feministak elkarretaratzera deitu du; bihar egingo dute mobilizazioa 19:00etan, Trianguloa plazan.

Gertatutakoa kontrastatu eta egiaztatu duela esan du udalak, eta beharrezkoak diren baliabide guztiak  emakume erasotuaren esku jarriko dituela esan du, baita laguntza psikologikoa eta juridikoa ere, "bere intimitatea eta borondatea hasiera-hasieratik errespetatuz". Olatz Peon Ormazabal alkateak esan du ez dela bortxaketa bat izan eta emakumeak salaketa jarri duela. Horiek horrela, eta Tolosako Udalak indarkeria matxistari aurre egiteko duen protokoloaren harira, erasoa gaitzetsi dute eta Gizarte Zerbitzuetako arduradunak jarri dira emakumearekin harremanetan, udalaren baliabide guztiak bere esku jartzeko. "Emakumeak salaketa jarri du, baina zein bide egin erabaki behar du. Udalak bere erabakia errespetatzen du", gaineratu du.

Horrekin batera esan du herriko mugimendu feministarekin eta gizarte eragileekin elkarlanean, indarkeria matxista desagerrarazteko borrokan jarraitzeko konpromisoa berresten duela udalak, "indarkeria matxistarik gabeko herri baterantz aurrera egiteko programak eta zerbitzuak ezarriz".

Bukatzeko esan du instituzioen ardura dela giza eskubideak bermatzea, baina eraso bat saihesteko herritar bakoitzaren jarrera aktiboa erabakigarria dela gogoratu du. Gizon eta emakumeen berdintasunaren aldarrian, udalak emakumeen duintasuna, sexu askatasuna eta integritate fisikoa eskubide urraezinak direla azpimarratu du, era berean.

Elkarretaratzera deitu du bere aldetik, Tolosako Asanblada Feministak. Bihar egingo du 19:00etan, Trianguloa plazan. Asanbladak "gogor" salatu du eraso sexista eta babes osoa azaldu dio emakumeari. Herritarrei egin die dei erasoa salatu eta biharko deialdiarekin bat egiteko. "Ez dugulako eraso bakar bat ere onartuko! Emakumeen aurkako indarkeriari EZ, autodefentsa feminista!".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!