Pentsio duinak eskatuz eskualdera iritsi da bizikleta martxa

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 24a, 20:03

Pentsiodunek antolatu duten bizikleta martxa gaur sartu da Tolosaldera, eta Tolosan bukatu dute etapa, hainbat herritatik pasa eta gero. Pentsio publiko duinen alde egiteko, bihar, Tolosatik abiatuko da bigarren etapa eta Goierrirako bidea egingo dute.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren barruan, Gipuzkoako pentsiodunek antolatuta gaur eman diote hasiera Gipuzkoa zeharkatuko duen bizikleta martxari. Errenterian atera dira lehen txirrindulariak pentsio publiko duinak eskatuz, eta arratsaldean sartu da Tolosaldera bizikleta martxan. Eskualdeko herri askotatik pasa da gaur, eta «gustura» agertu dira pentsiodunak, herri askotan, harrera ona egin dietelako. Esaterako, Amasa-Villabonako erretirodunak zain izan zituzten harrera beroa egiteko, eta jarraian, Anoetarako bidea hartu zuten, txalo eta oihu artean.

Tolosako pentsiodunen elkarteak lanketa egin du herriko elkarte eta eragile ezberdinekin, eta Anoetan zuten hitzordua jarrita guztiek batera etapari amaiera Tolosan emateko. Herria zeharkatu ostean, Trianguloa plazan zain zituzten eragileak eta herritarrak, batukadaren erritmora. Lehen etapa Tolosan amaituta ekitaldia egin dute Trianguloa plazan. 1.080 euroko gutxieneko pentsio eskatzen dute, eta, besteak beste, «murrizketarik ez», aldarrikatu dute guztiek, "lan, pentsio eta bizitza duinaren" eskatuz. Ekitaldian aldarrikapen mezuez gain, musika eta bertsoak izan dira.

Bihar, berriz ere bizikletak hartuko dituzte bigarren etapari ekiteko. 09:00etan aterako dira Tolosatik, eta 09:30ak aldera Alegiara iritsiko dira, ondoren, Ikaztegietatik Goierrira pasatzeko.

HIRU URTE BORROKAN

Hiru urte daramate borrokan erretirodunek, eta larunbatean Donostiara iritsi arte mezu garbiak zabalduko dituzte, herriz herri.

Azken deia herritar guztientzat egina dute. Donostian, larunbatean, 17:00etan abiatuko da manifestazioa Alderdi Ederretik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!